Kritika Zinematografikoa: “Anatomie d´una chute”
Kritika Zinematografikoa: “Anatomie d´una chute” –
Zuzendaria: Justine Triet
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
-Ebazpenik ez duen ekuazio-sistema-
Justine Trietek Otto Premingerren Anatomy of a Murder (1959) maisulanaren itzala jarraitu duela inork gutxik jar dezake zalantzan. Izenburua bera du keinurik argiena, baina drama judizialen artean miretsiena, mamitsuena eta iradokitzaileena denaren bertsio (edo eguneraketa) frantsesa izatera ez da mugatuko ANATOMIE D’UNE CHUTE filma. Epaiketak ardatz dituzten obretan gertatu bezala, ikusizko alorrak baino, gidoiaren idazkuntza eta istorioaren eraikuntza milimetriko zein kirurgikoa izango ditu gidari, narrazio erabat disekzionatua eskainiz.
Alpeetan, hirigunetik urrun, bizi den familia baten degradazio psikologiko eta emozionala azaleratuko duen kasu-azterketa proposatu digu Trietek Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi eta nazioartean arrakastatsu izaten ari den filmean. Daniel semeak (Milo Machado Graner) hilda aurkituko du aita (Samuel Theis), ustez leihotik erori dena, baina badira zenbait adierazle ama (Sandra Hüller) susmagarri bilakatzen dutenak. Ondorioz, epaitegietara joko dute, auzia argitzeko asmoz. Bateko zein besteko argumentuak zein teoria kontrajarriak balizko bilakatzen dituzten frogak erakutsiko zaizkigu, baina sekula ez dugu jazotakoa jakingo. Hilketa, istripua edo suizidioa izan da? Zinemagileari bost axola zaio, eta gu ere ez ginateke asmatzen tematu beharko. Izan ere, ‘egiaren ezagutza’ ez da Trieten helburua, Premingerrena izan zitekeen bezala; aldiz, ’egia ezagutzearen ezintasuna’ berrestea da funtsa.
Friedrich Nietzscheren teoriekin bat eginez, eta egungo gizarte postmodernoaren oinarriei helduz, diskurtso ororen zentralitatearen etengabeko alboratze edo urrunketa du ANATOMIE D’UNE CHUTE-k, hain zuzen ere, erdigune. Filosofo alemaniarrak bere idazkietan Jainkoa hil zuela esan ohi da, hala, ordura arteko pentsamendu unibertsala krisian sartu zen eta utzitako zuloa betetzeko ardura errelatoek hartuko zuten. Bada, Trieten filmean, familiako aitaren erorketa eremuz kanpo gertatuko da, ez zinemagileak suspensea eragin nahi duelako, baizik eta osteko epaiketan sortuko den gerra dialektikoa interesatzen zaiolako. Entzungo ditugun ahotsek heriotza distortsionatuko dute, ikus-entzuleongan, antsietatea, agonia eta iruzur sentsazioa eragiteraino.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Anatomie d´una chute”