Kritika Zinematografikoa: “All We Imagine As Light”
Kritika Zinematografikoa: “All We Imagine As Light” –
Zuzendaria: Payal Kapadia
Urtea: 2024
Herrialdea: India
Zinemetan sarri estreinatzen dira film asiarrak, afrikarrak eta zinematografia ezaguna ez duten herrialdeetako pelikulak -maisulan gutxi batzuk soilik identifika ditzakegunak-, baina ikus-entzule arrunta nekez ausartu ohi da industria anglosaxoitik, europarretik edota latinoamerikarretik at dauden ekoizpenak ikustera, eta aurreiritziak edota nagiak baldintzatuta erabat baztertzen ditu karteldegiko proposamenen artean daudenean. Badira salbuespenak, noski, batez ere, horiek nazioarteko zinemaldi garrantzitsuenetan lehiatu eta saridun izaten direnean.
Filmen kalitatea ez dago lotuta sorkuntza-lurraldearekin, eta urtarrila hasieratik aretoetan ikusgai dagoen ALL WE IMAGINE AS LIGHT dugu adibide maitagarri bat. Payal Kapadia zinemagile indiarraren bigarren film luzeak kritikari eta prentsa espezializatuaren babesa jasotzeaz gainera, herritarren onespena ere izan du; Cannesko Zinema Jaialdian aurkeztu eta aitortua izateak -Epaimahaiaren Sari Berezia- bultzada izugarria eman dio proiektuari, eta ari da bere bidea egiten.
Mumbai ezagutzeko parada eskaini digu Kapadiak filmean, bi erizainen begiradatik. Pisukideak dira, nahiz eta belaunaldi, egoera sozial zein sentimental ezberdinetako emakumeak izan, baina gizartean harrapatuta daude bata zein bestea, askatasun nahiari oihuka. Alemanian lanean dabilen senarrarekin duen ezkontza-bizitza pasiorik gabekoak goibelduta dago Prabha; musulmana den mutil-lagunarekin bakarrik eta lasai non egon ezin aurkitu dabil Anu. Bi istorioak modu paraleloan erakutsiko dizkigu zinemagile indiarrak, patuak, lerrokatuko dituen arte.
Bada, emakumeon intimitatea (maila pertsonala) eta presentzia publikoa (maila soziala) egunerokotasunaren zurrunbiloan murgilduz egingo du filmak aurrera. Gizarte patriarkal eta atzerakoiaren arrakalak agerikoak bilakatuko ditu Kapadiak, zuzenean horiengan azpimarra jarri gabe; erlijioaren garrantziaz eta eraginaz ohartaraziko gaitu, kulturartekotasunaren gatazkari lehentasuna eman barik. Izan ere, detaile umil eta delikatuz ehundutako obra bizi bezain koloretsua da ALL WE IMAGINE AS LIGHT, Mumbairi buruzko sinfonia naturalista…
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “All We Imagine As Light”