Kritika Zinematografikoa: “A Real Pain”
Kritika Zinematografikoa: “A Real Pain” –
Zuzendaria: Jesse Eisenberg
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB
Komedia dramatiko ezohiko baten zaporea iradokitzen duen bilgarriz aurkezturiko karamelu baten gisara, estatubatuar juduek Holokaustoaren memoriarekin duten loturari buruzko hausnarketa proposatu du Jesse Eisenberg zuzendariak, Kieran Culkinekin batera antzeztu duen A REAL PAIN (2025) sarituan.
Amonaren heriotza dela eta, bi lehengusuk -zuzendariak gorpuzten duen bizitza ordenatuko tipo lotsati eta zuzena, eta bere kontrapuntua, Culkinek antzeztu duen soziabilitate kutsagarria duen arima hauskorra-, AEBtik Poloniara bidaiatuko dute, Bigarren Mundu Gerraren izugarrikeriak ia ezabaturiko arrastoaren bila. Norbere bizkar-zorroa -fisikoa eta baita bestea, ikusten ez dena, ere- lepoan hartuta, holokaustoaren ingurukoak gogoratzen dituen bidaia abiatuko dute, familia nondik datorren ulertzeko.
Gaiaren berri jasotzerakoan, pentsa genezake ohiko bilbeari heldu diola Eisenbergek, baina lehen minutuak igaro ahala konturatuko gara itsaso berrietara egin duela salto. Komedia zantzu etengabez jositako film dramatikoa bada ere, badu asko malenkoniatsutik. Holokaustoaren itzal luze eta izugarria aztertzen du filmak, bai, baina erru modernoaren eta familia-lotura hauskorren talaiatik. Bestela esanda, paper gainean istorioa aski artikulatuta duen film bat dirudiena, bat-batean, desegin egingo da: min sakon bat, min txiki asko bilakatzen diren pusketatan. Hasiera batean sinplea zirudiena iluntzen joango da, erliebea irabazten eta ikuslea deseroso ipintzen.
Bada, jasanezinaren eta sendatzen duenaren arteko oreka arraro horretan moldatzen da Eisenberg, eta irudi lezake kosta egiten zaiola erritmoa eta asmoa hartzea; harik eta Benjik jasaten duen kontraesan jasanezin horietako bakoitza gurea ere izan zitekeela konturatzen garen arte. Hain zuzen ere, une horretan azalduko du filmak bere erakarpen ahalmena. Eta nola, gainera.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “A Real Pain”