Kontenplaziozko meditazioa

Kontenplaziozko meditazioa –

Kontenplaziozko meditazioaGure Mendebaldeko kulturak oso mesfidati begiratu izan die maiz norbere baitaratzearen bidez otoitz egiteko moldeei, sarri zenbait monasteriotara zokoratu izan ditu, eta horrela herriaren praktika orokorretatik erauzi. Beste sinismen-tradizioen aldean (Ekialdekoak gehienbat), hortaz, ezin uka, meditazioak, edota kontenplazioak, Kristautasunean bere ibilbide historikoa izan badu ere, nolabait edo beste, gure erlijioaren praktiketan oso bigarren maila batean eman direnik. “Bigarren maila batean”, diot, baina, egia esatera, oso kakotx artean egin beharreko baieztapena dugu hau; ezen, egia aitor, bigarren mailakotzat generitzoke, baldin bide hauek kristauen gehiengoaren praktiken formetan historikoki hartu duen pisuari dagokionean ari bagara, baina, besteko, lehenengo mailakotzat har litezke baldin eta Elizaren beste eremu batzuei erreparatzen badiegu, hala nola goi teologiak zabalduriko pentsamendu eremuei, non kontenplazio-praktikei aitortu zaien goi estatusa, are “eredugarri-izaera” ere (gutxienez teorikoa), ezin uka daitezkeen; hor ditugu, kasurako, San Agustin eta nork bere baitari so egiteko bere deia, Evagrio eta bere Kale Apodemia, Juan Casianoren Formula, Dionisio de Areopagitaren Lainoteri Mistikoa, Eckhart Maisuaren kontenplazio-moldea, Ingalaterrako monje baten Ez Jakitearen Hodeia izenpetu gabeko obra oso ezaguna, “Berau ikustea zeure burua ikustea zela” zioskun Nicolas de Cusa, Santa Teresa eta bere “Ni Naiz, ez izan beldurrik” delakoaren bizipen aitortua, Gurutzeko San Joanen kontenplazio famatua eta, ezezagunak, edo behintzat horren ezagunak ez, beste zenbait eta zenbaiten esperientzia eta bizipen espiritualak.

Kristau meditazioaz hausnarketa bat izenburuko nire artikulu batean aipatu nuen Ekialdearen eraginpean dagoela jada egungo egunetan gure gizarteko espiritualitatea, Elizatik kanpo ematen diren praktiketan gehienetan, baina baita sarri Eliza barrukoetan ere, nork bere bilaketa espiritualean, bere garapen psiko-pertsonalean eta asko-askotan norbere osozko zaintzara bideratutako testuinguruz kanpoko praktika huts gisa. Gertakaria oso globala eta konplexua dugu eta, egia esan, nekez zedarritu daiteke noiz jo litekeen erlijio praktikatzat eta noiz jada ez, noiz ekartzen duen hona Ekialdearen baitako erlijio-tradizio zehatz bat, eta noiz, aldiz, ez ote den askotariko eta denetariko “New Age” nahaspila baino. Hori guztia horrela ere, ezin da ukatu, gurean, gure sinismen eta praktiketan, zer pentsaturik eman duenik, eta nolabaiteko berritasunez hartzen genituen praktika horien aurrean, guretik, eta gurea abandonatu gabe, kokatu behar izan garenik, batzuetan gure gaitzespena edo balorazio kritikoa emateko, eta, bestetzuetan aldiz, beroietatik zer atera eta zer ikasirik izateko. Gertakari honek oro har gure fedeari eta hortik segitzen den otoitzari igurtzi berri bat ekarri die, edo gutxienez lokartua zegoen zer edo zer berpiztu, eta kristau ez gutxi kontenplazio- edo meditazio-molde baterantz gerturatu euren otoitz egiteko moduetan.

Fenomeno honen etorreraren aurretik, Ekialdean indartsu ematen ziren molde espiritual eta beraien ekarpen aberasgarriei erreparatu zieten kristau garaikideak ere aipa ditzakegu. Horietariko batzuk ekarri nahiko nituzke orain hizpidera. XX. mendearen erdialdetsura Keating Trapako monjea dugu horietariko bat. Berak kontenplazio-moldea oinarri izango zuen otoitz-bidea jorratzen ahalegindu zen, orduko hartan hinduek, budistek edota musulmanek praktikatu izan ohi zituztenen trazakoa. 60ko hamarkadan urruneko lurralde horietarantz egin zuen zenbait eta zenbait ordura arteko kristauk, harako tradizio horiek dastatu nahian-edo. Goranzko joera hau pena handiz bizi izan zuen Keatingek. Horretaz oso ohartun eta horrek kezkaturik, bila eta bila aritu zen kristau tradizioaren baitan hasiera batean, ea berorretan zer eskaini antzekorik-edo ote zegoen aurkitu asmoz, eta zera baino ez zuen baieztatu ahal izan; ez zela orduko hartan ezer antzekorik, ez praktikaturiko espiritualtasunean, ez katekesian, ez eskola eta parrokietan, ez eta bizitza erlijiosoa zeramaten komunitateetan beraietan ere. Honetaz jabetzeaz gain, berak zeraman bizitza monastikoari erreparatuta, berrotan ikuspegi-akats zenbait ere nabaritu zituen, hala nola, bizitza aktiboa eta monastikoaren artean hautatu beharra edo auren arteko guztizko etena.

Aipatu egoera horren aurrean, kristau meditaziorako bide bat lantzen ondo ahalegindu zen Keating. Hori lortze aldera, Indian aurkitu zuen metafisikarekin harremana izan eta gero, antzinako Kristautasunean aurkitu zituen kontenplazio-bideak berreskuratu zituen. Kristautasunerako berreskuratu nahi izan zuen meditazio-molde gisa, norbere burua biltzearekin hertsiki lotuta dagoena, berak “otoitz erdiguneratzailea” (oración centrante)deituko duen hori proposatuko digu, sinbolo sakratuetan era jarraituan eutsitako arretari edota arnasketa kontrolatu eta erreparatzeari garrantzia emanaz. Norbere buruaren barne biltze horri dagokionez, jarraiko hau esan zuen: “Bizipenak dirauen bitartean, ez dago zinezko ni bat; hausnarketarik baldin badago, jasotzen ari garen Grazia ez da batasunerako den erabatekoa; behin esperientziatik atera garela, hustasuna ezagutuko dugu”[1].

Trapako monjea ere bazen Thomas Merton-en kasua ere ekar genezake hona. Mertonek Ekialdeko eta Mendebaldeko mistikoen kontenplazio-bizipenen artean aurki zitezkeen antzekotasun ezin ukatuzkoak agerian utzi nahi izan zituen bere idazkietan. Edota, jesuiten artean, badugu nor aipatua ere, hor dugu Franz Jalics. Jalicsek, bere Kontenplazio Jardunak jorratu zituenean, egungo egunean gure kristau tradiziorako landuentzat-edo jo genezakeen meditazio-bidea aurkeztu zigun; berorretan, kontenplaziorako muin-muinekoak ziren gakoak ondo asko zehaztu eta zer-nolakotu zituen, hala nola, mantra errezitazioa, meditaziorako gorputz jarrerak, arnasketaren kontrolaren garrantzia…Eta gako horiei guztiei ezinbesteko iritzi zien kontenplaziorako aurreneko baldintza bete zedin, alegia, gogo-jarioa etetea, edo gutxienez bederen, jario horren gaineko kontzientzia behatzaile batean kokatzea nork bere burua, eta horretara barne bakean murgildu ahal izan.

Amaitze aldera, esan, badagoela gure egunetan kristau bilatzaile garaikide hauek zabaldutako bideari ekin eta urratu duenik ere. Pablo d’Ors dugu horietan ezagunetariko bat. Ondo ezaguna dugu, meditazioaz, bere hutsean, diharduen Biografía del silencio bere liburuaz bildu zuen arrakasta lortu ostean. Gerora Biografía de la luz liburu ezin aberasgarriagoa eskainiko digu, honako honetan zera jorratu edo jaso nahian-edo: aurreko liburuan bere orokorrean landu zuen meditaziotik -giza-murgiltze unibertsaltzat jo litekeen aldetik-, bere praktika jarraitutik, zabaldutako barne sakontasun horretan ernatutako Jesusen ahotsa, norberari hots egiten dion Hitza, norberari mintzo zaiona, baina norberarena bezain beste guztiena den Jesusen Ahotsa alegia.

[1] Thomas Keating: La mejor parte, 85. Ord.

Kontenplaziozko meditazioa  Kontenplaziozko meditazioa Kontenplaziozko meditazioa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.