Kobetamendin haize freskoa dabil

Kobetamendin haize freskoa dabil

Hiriaren ikusmira ezin hobeagoa duen Kobetamendi bilbotarren aisialdirako gune naturala da urtean zehar, eta Bilbao Live jaialditzar entzutetsua jasotzen du uztailean.

Iragan asteburuan hamargarrenez hartu du tontorrak BBK-k babesten duen ekimena, eta milaka lagun izan ditu hiru egunez bertan salto saltoka, atzerritarrak asko; jende saldoaren ibiliaren ibiliaz belarra galtzeraino.

Arrastiko 17.30ean ekin eta goizeko 7.00etan disko jartzaileekin bukatu arte ozen entzun da musika Kobetamendin, hiru egunez egunero hogei artistatik gora hartu baititu festa gunean zehar sakabanatutako bost eszenatoki ezberdinetan.

Batetik bestera ibili eta gero, bertan entzun ditugun soinuen artean, hamabost kantutako zerrenda osatu dugu; gizonezko eta emakumezko musikariek erdibana kantatuak, lasaiak eta akustikoak ez ezik positiboak gehienak.

Hauexek dira entzun ditugunetatik betsarean gorde ditugun aireetako batzuk:

.

BEN HARPER & THE INNOCENT CRIMINALS “Burn One Down”

Odol Cherokee-a ei duen gizona jaialdiaren lehen edizioan egona zen kantari, eta zortzi urtez sakabanatuta egon den taldetzarra elkartuta bueltatu da, The Innocent Criminals. 1995eko “Fight For Your Mind” laneko kantu eder honek ireki zuen zuzenekoa -bost milioi eta erdi entzunaldi Spotifyn-; ez esan Bob Marley ez dizuenik ekartzen gogora…

.

JAMES BAY “Hold Back the River”

25 urte betetzeko dituen musikari britainiarrak lan bakarra du plazan, “Chaos and the Calm” aurtengo debuta. Bilboko zuzeneko ez da jaialdiko gogoratuenen artean geldituko -Glastonburyn ere jo du aurten-, baina kantu dotore batek itxi zuen, “Hold Back the River” -130 milioi entzunalditik gora Spotifyn-.

.

ALT J “Breezeblocks”

Leeds-eko laukotea izana da lehendik ere Bilboko jaialditzarrean, orain bizpahiru urte eskas eta artean ezezagun samarrak zirela arrastian “An Awesome Wave” debuta aurkezten; bertakoa da “Breezeblocks” kantatzarra -kasik 90 milioi entzunaldi Spotifyn-. Aurten jendetza bildu dute, “please don´t go, I love you so…” leloa kantatzen.

.

MUMFORD & SONS “Little Lion Man”

Britainiar laukotea da hau ere, kasu honetan Londonekoa. Alt J bezala, orain bizpahiru urte izanak dira Bilbon -afixa buru bezala egin dute itzulera-, eta haiek bezala erantzun hobea jaso dute debut laneko eta “Babel” arrakastatsuko kantu akustikoekin lan berriko elektrikoekin baino. “Little Lion Man” -95 milioi entzunaldi Spotifyn- 2009ko “Sigh No More” debut lanekoa da.

.

SHEPPARD “Geronimo”

2009an Australiako Brisbanen sortutako seikotea da Sheppard, tartean hiru anai-arreba dituena. Iazko “Bombs Away” dute argitaratutako lan bakarra, eta “Geronimo” singlerik arrakastatsuena -laster helduko da 150 milioi entzunaldira Spotifyn-.Hiru minutu eta erdiko kantan 29 aldiz esaten ei dute “Say Geronimo!”

.

OF MONSTERS AND MEN “Little Talks”

2010ean sortu eta Nanna Bryndis-ek gidatzen duen boskote islandiarra da Of Monsters & Men, mundu mailako arrakasta erdietsi duena “Little Talks” lehen singleari esker (“My Head is an Animal”, 2011) -170 milioi entzunalditik gora Spotifyn-. Bilbon, aurreko egunean Bartzelonan bezala, 45 minututara laburtu zuten zuzenekoa, baxu jolea eri zela-eta. Nahikoa zale amorratuenak pozez zoratzeko.

.

OF MONTREAL “Wraith Pinned to the Mist”

R.E.M. taldetzarrren hiri berekoak dira, Athens (Georgia,AEB); Kevin Barnes apainak gidatua. Kobetamendin lepoko disdiratsuz eta begiak urdinez margotuta agertu zitzaigun eta  erdi biluzik bukatu,  eguzki galdatan. Zoritxarrez, ez zegoen jende asko arreta jartzen oraindino. Hemengo kantua 2005eko “The Sunlandic Twins” lanekoa da -hiru milioi entzunaldi inguru Spotifyn-.

.

BLACK REBEL MOTORCICLE CLUB “Spread Your Love”

Eguzkipean apur bat tokiz kanpo zegoen San Frantziskoko (AEB) BRMC hirukoteak zuzeneko erdi akustikoa eskaini  zuen Bilbon, “Spread Your Love” hit-arekin itxi zutena, 2001eko “BRMC” debut lanekoa -bost milioi entzunaldi inguru Spotifyn-; zazpi lan luze dituzte.

.

THE TING TINGS “That´s Not My Name”

Katie White eta Jules de Martino bikote britainiarrak osatzen du The Ting Tings taldea, 2007an sortua. Kobetamendin ez zuten ikuskizun gogoangarririk  eskaintzea lortu, baina “That´s Not My Name” gordetzen duen “We Started Nothing” (2008) hit-ez gainezka dagoen lana da -kantuak 20 milioitik gora  entzunaldi ditu Spotifyn-.

.

AZEALIA BANKS “212”

New York hiriko  Harlem auzo famatutik dator Azealia Amanda Banks, 25 urte betetzeko dituen “dirty” hip hop kantaria.“212” debut singlea du (“Broke with Expensive Taste”, 2014) -Youtuben jada 95 milioi ikustaldi eta Spotifyn 40 milioi entzunalditik gora izan dituena-. Indie deitzen dutenaren erakusgarri den jaialdia piztu zuen dantza tribal eta rap aerobitoiarekin.

.

ZEA MAYS “Kukutza III”

Nazioartean puri-purian diren soinuen parez pare etxeko talde  bat euskaraz, Zea Mays bilbotarrak. Laukoteak “Da” aurkeztu zuen, indartsu eta arrakasta handiarekin, karpapean; guk aurreko “Era” autoekoiztutik aldarrikapen kantu bat hautatu dugu, “Kukutza III” gogora dakarguna -270.000 entzunalditik gora Spotifyn-.

.

GRISES “Parfait”

Beste etxeko talde bat, honakoan gazteleraz kantatzen duen Grises zestoarrak. Jaialdi atariko autobus gainean jo zuten arren, lan nekeza,  entzulegoa  dantzan paratu zuten “Parfait” lako hit-ekin (“El hombre bolígrafo”, 2011) -200.000 entzunalditik gora Spotifyn-. Multinazional baten arreta jaso ei dute eta ez da harritzekoa.

.

CAVALIERS OF FUN “Passengers”

Portugal-eko NOS Alive jaialditik egin du Bilborako bidea, beste talde askok bezala, galaxia urrun batean bizi dela dioen Cavaliers of Fun, Ricco Vitaliren elektropop taldea. Iazko “Valley of Dreams” dute azken ep-a, baina “Sharing Space Secrets” (2011) lehenengotik jasoa da “Passengers” -7.000 entzunaldi baino ez Spotifyn-.

.

BLEACHERS “Rollercoasters”

New York hiriko taldea da Bleachers, Jack Antonoff-ek sortua eta sonoritatean 80ko  hamarkadara begiratzen duena. Iazko “Strange desire” dute debut lana eta bertakoa da “Rollercoasters” -15 milioi entzunaldirako  bidean-. Bilbon lehen egunean jo zuten karpapean, lehiakide gogorrak zituztela: Counting Crows eta Mumford & Sons.

.

SBTRKT “New Dorp New York”

M.I.A. Radiohead edo Basement Jaxx bezalako piztitzarrak nahastu dituen Aaron Jeromen egitasmoari Subtract esaten ei zaio. Katamaloa jantzita hirukotean agertu zen gizona post-dubstep soinuak joz, azken eguneko oholtza handietako azken emanaldian, entzulegoa jada trantzean dantzan zela. Kantua iazko “Wonder Where We Land” lanekoa da -10 milioi entzunalditik gora ditu Spotifyn-.

ZUZEUko erredakzio kide