KIRRIOLLOAK, Juan Inazio Hartsuagaren azken liburua
KIRRIOLLOAK –
Juan Inazio Hartsuagak KIRRIOLLOAK saiakera argitaratu berri du, autoedizio moduan.
Kontra-azalean ageri den testua, kopiatzen dugu jarraian:
Liburuxka honek euskararen egoeraz dihardu eta une honetan euskaldun gehienen gogoan bor-bor dabiltzan galderei erantzuten saiatzen da: Zer ari zaigu gertatzen? Nola gelditu azken aldiko gainbehera?
Kezka hauen ihardespena bi haberen gainean datza. Bata da dagoeneko gertatu diren antzeko egoeren azterketa, bai baita bertan zer ikasi interesgarririk, eta zer hausnartu baliagarririk. Eta bestea da azterketa soziolinguistikorako darabilkigun hiztegia auzitan jartzea eta sustraitik eraldatzea. Honatx habeoi buruzko paragrafo bana:
Paralelismoa guztiz egokia da, hizkuntza batzuk galtzea eta haien hiltzaileak ordezko jartzea ez delako inondik inora ere gaurko kontua, oso aspaldikoa eta anitz lekutan gertatutakoa baizik. Hain agibide hedatua denez gero, ugariak dira orain baino lehen burututako kasuek han eta hemen mundu osoan zehar utzitako aztarnak. Aztarna horien azterketak erakutsiko digu badirela beti errepikatzen diren hainbat eskema eta beraz horiek antzemanez gero, egoera hobeto ulertzeko eta balizko konponbideak hobeki sumatzeko eta zehatzago marrazteko moduan egongo gara.
Ez da noraez etsigarriagorik, gertatzen zaiguna adierazteko hitz egokiak ez izatearena baino. (…) Izendegi desegoki bat labirinto bat bezalakoa da gogoarentzat, hainbat uste eta iritzi adieraztea trakestu egiten duelako eta nahi ez dugun bidera oharkabean eramaten gaituelako. Izendegi desegoki baten mugak gainditu ezean, preso biziko gara beti labirintoan. Izendegi desegoki batek errealitatearen pertzepzio osoa deformatzeko adina indarra ukan dezake.
Oinarri horietan sendo pausatuta, egoeraren jatorriaren, bilakabideen eta zergatien argazki arrunt zehatza eta garbia eskaintzen da, bai eta, egoera hori arrakastaz gainditzeko egin beharreko urratsena.
Bere hizkuntzaren egoeraz munduan liburu gehien duen herria gara. Eta?
Indoeuroparren hobendutasun berebizikoari dagokionez ez naiz gai teoria hau irizteko. Ez ote konkista eta inbasio gehienen ondorioa baizik? indarraren eta indarkeriaren agerpide bat baizik? Konparatu behar ginuke adibidez musulmaoen edo mongolen inbasioen ondotik gertatu zenarekin.
Aldiz, ez dut gutitan baizik irakurri testurik egoera ikuspegi hain sakon eta berritzailetik aztertzen duenik.
Gainera euskaldunen erresitentzia ekimena suspertzearen ideia hori erabakigarria deritzot.
Egia da zinezko diagnostikoaren ondotik, pixka bat gosearekin gelditzen garela erremedioari buruz, nagusitasun esparruari buruz alegia, idazleak gaia ez baitu asko garatzen.
Baina beharbada horrela hobe da hainbat arrazoirentzat abiapuntuko egoera konkretuak desberdinak izanki, eri bakoitzak erremedioa doitu behar du bere kasu bereziari. Eta bakoitzak lotu behar du bestetik dauzkan beste oinarrizko arazoekin. Adibidez ekonomikoa.
Azkenean, xerkatu behar dugu jadanik seguraz ere eginak izan diren esperientzia herikoietan. Hetarik ikasi eta baliatu behar gara.
Eskerrik asko Juan Inazio
.
Mila esker zuri Beñat, horrela onirizteagatik. Adierazten dituzun bainazkoei berriz zera: Indoeuropar mitologian ageri da inperialismoaren katixima. Mongoliarrek ez zuten horrelakorik deus ere, eta arabiarrek berriz, gaia behar bezala ikertu ez badut ere, bistan da baietz, hizkuntza eta erlijioa bat eginda zabaldu dituztenez konkistaren ondorioz, baina lan horretan hasi zirenean, indoeuroparrek bazeramatzaten lau mila urte inguru, eredua erakusten. Erremedio goseaz berriz, bete.betean asmatzen duzu iruzkinean. Elkartasun ardatza eta nagusitasun esparruen sortzea ezin bestekoa da, baina sorrera horiek tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoen arabera burutu behar direnez ez dago ororentzat balio duen errezetarik. Elkartasun ardatza antolatzeko emozioak iharrosi behar dira: jendeak asmatuko ditu, zalantzarik gabe horretarako biderik eraginkorrenak. Nagusitasun esparruak eratzeko, koktel bat osatu behar da, gotortzea, autoestima eta ausardia konbinatuta, tokian tokiko ezaugarrien arabera. Honetan ere jendeak asmatuko du, zalantzarik gabe, nahasketarik egokiena sortzen. Herri ekimenean sinetsiz gero, gai-jartzaile lana da nirea, ez bertsolariarena.
Beñat Latsaguek ere bere ustez egoerari zihoakion gaia zuk bezala bota zuen, nahikoa azaldu ere, betsolariak ez agertu ordea. Horregatik seguraz ere, Simone Weilek zioenez, populuari ispirazioa txertatzeko ba omen da zientzia zaila baina beharrezkoa. Bere kezka zen nola frantsesei burua altxarazi eta alemaniarren kontrako erresistentzian sarrarazi patria defendatzeko. Gure arazoa desberdintzen da 1969ko Latsaguenetik eta 1943ko SWenetik baina diferentziak kontuan hartuta bada zer ikas haien esperientzatik.
Eta berriro diot ikusi behar da ez diren hemen bertan bertsolari ezezagunak gai emailerik gabe jadaniko hasi direnak.
Adeitasunez
Artetik erraiteko iduri du azken urteotan ez ginela gehiago ausartzen “Euskal populua” hitzak ahozkatzera. Ez ote da nahaskeria ideologiko orokorrean ez ginakielako gehiago zer erran nahi zuten? edo kirrioiloentzat bortitzegiak zirelakoan? Zure hiztegi beriakak berriz indarrean jar balitza!
Zorionez,bagara zenbait, eta horrenbeste izanik seguru badela aipatzen duzun gaijartzailerik gabeko bertsolari ezezagun horietakorik han eta hemen. Elkarren berri izatera heldu behar lehenik, hurrena elkarrengana biltzeko.