Karmele Soler: “Ilusio handia egiten dit ‘Maixabel’ bezalako film berezi bategatik izendatuta egoteak”
Karmele Soler: “Ilusio handia egiten dit ‘Maixabel’ bezalako film berezi bategatik izendatuta egoteak” –
Karmele Soler ohikoa da Goya sarien edizio bakoitzeko izendatuen zerrendetan. Hogeita hamaseigarren edizio honetan Makillaje eta Ile-apainketa Onenaren izendapena jaso du Sergio Pérez Bernalekin batera, ‘Maixabel’ filmean egin duten lanagatik. Makillatzaile donostiarrak film honetan egin duen lana azaldu digu, eta proiektu berri bati aurre egiterako orduan egiten duen lanaren hainbat zertzelada ere eman dizkigu.
Zorionak! Nola izan zenuen izendapenaren berri?
Eskerrik asko! Akademian, izendapenak iragartzen ziren aretoan, zeuden bi lagunek deitu zidaten. Gero iritsi ziren Iciar zuzendariaren eta taldeko gainerako kideen mezuak.
Izendatuta egon zintezketela uste al zenuten?
Egia esan, lankide askoren zorion mezu asko jaso genituen egindako lanagatik filma estreinatu zenean. Horrek pentsarazi zigun izendatuta egoteko aukeraren bat izan genezakeela. Baina hain lan errealista eta ez oso deigarria zenez, zalantza handiak nituen. A ze ilusioa pelikula berezi honengatik izendatuta egotea!
Oso arrakasta handia izaten ari da filma, bai kritikariei bai ikusleei dagokienez. Espero zenuten?
Ziur nengoen film hau ez zela oharkabean pasatuko, osagai hutsezinak baitzituen; aktore apartak, hain gai delikatu eta konprometitu bati oreka eta neurria emateko zuzendari ezin hobea, eta pentsarazi eta hunkitu egingo gintuen istorio erreala. Uste dut istorio hau benetakoa izan ez balitz eta gidoilari batek asmatu izan balu, ez zukeela inork sinetsiko, baina benetakoa da, harrigarria bada ere, emakume handi hori existitzen da.
Gehien harritu ninduena zera izan zen: oso pentsaera desberdinak zituztenen gustukoa izatea eta hain ondo ulertzea. Uste dut zinema gainditu duela eta garrantzitsuagoa den zerbait bihurtu dela. Koldo Zuazua, produktorea, oso ausarta izan zen film hau egiten hasi zenean, eta asko pozten naiz harengatik.
Nola iritsi zinen filmera?
Aktore zenetik ezagutzen dut Iciar; bere zazpi filmetan lan egin dut, eta berak argi zuen proiektu honetan ere egon behar nintzela. Asko ezagutzen dugu elkar eta oso ondo moldatzen gara, eta, ni euskalduna izanik, berak bazekien ekarpenak egin ahal nituela.
Zer helarazi behar zuen, adibidez, Maixabel bezalako pertsonaia batek?
Benetako Maixabelera ahalik eta gehien gerturatu nahi genuen, eta, hartara, haren ezaugarri diren zenbait elementu kopiatu ahal izan genituen. Blancak, istorioa gertatzen den denboraldiarekin alderatuz, tarteko adina du, eta, beraz, pixka bat zahartu eta gaztetu egin behar izan genuen. Hori lortzea izan zen zailtasunik handiena.Ondo markatu behar ziren bi garaiak, hasierakoa eta epaiketakoa. Lan zaila eta oso landua izan zen Clara Bilbaorekin (figuringilea) eta Javi Agirrerekin (irudia) egin genuena.
Zure lanera pixka bat gehiago hurbiltzeko, proiektu bat aurkezten dizutenean, nola egiten diezu aurre lehen urratsei?
Proiektu bati aurre egitea da alderdirik ilusionagarriena. Beti da desberdina, proiektu guztiak hala direlako. Lehenengo gidoia irakurri eta gero zuzendariarekin, ekoizlearekin… lehenengo bilerak egiten hasten zara. Ondoren, castingaren berri ematen dizute. Arazoak oraindik iritsi ez diren unea da, eta denok gaude gogotsu. Gero konplikazioak iristen dira eta mugei aurre egiteko eta frustraziorako prestatzen hasi behar zara. Orduan, beste baliabide batzuk erabiltzen hasi eta uste zenutenera ahalik eta gehien hurbiltzea lortzen duzu, bidean utzitakoak ahaztuta.
Bilera asko dituzu zuzendariekin eta gainerako taldekideekin pertsonaia bakoitzak transmititu behar duenera gerturatzeko?
Ez hainbeste; lehenengoak dira ezinbestekoak.Oso garrantzitsua da bere desioak eta pertsonaien psikologia zuri transmititzen dakien zuzendari bat izatea, look-ean hori islatu ahal izateko. Hori lortutakoan errazagoa da makillaje eta ile-apainketa proposamen egokia aurkeztea. Iciar oso zuzendari ona da pertsonaiak deskribatzen eta behar duzun informazioa ematen, baina ez da beti erraza izaten asmatzea.
Nola planteatzen dituzu pertsonaiak? Nondik hasten zara?
Zuzendari batzuek pertsonaien ideia argia dute buruan eta, orduan, berak imajinatu duen horretara iristea lortu behar duzu. Almodóvar, adibidez, horietako bat da, baina gehienek proposamena zuk egitea espero dute. Makillajeko, ile-apainketako eta jantzietako probetan eraikitzen dira pertsonaiak. Proiektuaren tamainaren edo zailtasunaren arabera, proba horiek oso luzeak, zenbait astekoak, eta oso neketsuak izan daitezke. Ondoren, proba horiek filmatu egiten dira, filmeko argiarekin ikusteko, eta, batzuetan, baita dekoraturen batean probatu ere, dena nahi bezala egokitzen den ikusteko.
Zure lan-taldea aldatu egiten da film bakoitzaren arabera?
Bai, film-motaren, lan-kargaren, pertsonaia-kopuruaren, makillajeen eta orrazkeren zailtasunaren, filmatze-beharren eta abarren araberakoa da. Garaiko film batean banago, adibidez, ileordearekin eta postizeriarekin ona den talde bat aukeratu behar dut. Makillajeko efektu berezi asko dituen filma bada, FX-ean aditua den norbait izango dut.
Adibidez, ‘Noviembre’ filmerako nire ahizparekin, Amaia Solerrekin, lan egin nuen, eszenako makillatzaile aparta baita. Lan honekin izan nuen nire lehen izendapena.
‘Patria’-n eta ‘Maixabel’-en postizerian aditua den Sergio P. Berbel aukeratu nuen. Asko gustatzen zait berarekin lan egitea. Beste lan batzuetan ile-apaintzaile batekin bakarrik egon naiz, ‘El Olivon’ adibidez, eta ‘Palmeras en la nieve’ bezalako lan batzuetan zortzi izatera iritsi gara.
Nola antolatzen zarete?
Zati hori funtsezkoa da. Aurreprodukzioan makillaje-probak egiten dituzunean, pertsonaia bakoitza makillatzeko eta orrazteko behar den denbora neurtu behar duzu. Eta denbora horiekin makillajearen eta ile-apainketaren arteko “koreografia” eraginkorra egin behar duzu, lana optimizatzeko. Estresagarri samarra da, oso zehatza izan behar zarelako. Atzerapenak oso zigortuta daude zineman…
Zuen lana behar bezain aintzatetsia dagoela uste duzu?
Ondo baloratutako saila dela iruditzen zait. Agian ikusleentzat oharkabean pasatzen gara, lan nabarienak eta deigarrienak bakarrik estimatzen dituztelako. Hala ere, lanik errealistenak, eta askotan konplexuenak, ez dituzte ikusten, baina sentitzen dituzte. Hau oso garrantzitsua da. Gure lanak narrazioan laguntzeak, filmaren atzean makillaje eta ile-apainketa talde bat dagoela kontuan hartu gabe, dena sinetsi dutela eta lana ondo egin dugula esan nahi du.
Zein beste proiektu dituzu esku artean gaur egun?
Proiektu bat daukat, baina ezin dut gauza askorik esan. Liluragarria izango dela ziurta dezaket, hori bai.
Karmele Soler