[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak

[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak –

[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak

.

Negu Gorriak

“Gure jarrera” (Esan Ozenki, 1991)

.

20 urte joan dira
Disko (zahar) bat oroitzapen kaxa bat da.

[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu GorriakKortatu taldearekin, besteak beste, hasi nintzen musika munduan murgiltzen. Institutu garaiak ziren haiek eta herriko taldea zen, gainera, 1988ra arte ibilbide arrakastatsua egin zuena. Adio esan zutenean askok ez genuen ulertu zergatia (gazteegia nintzen seguraski). Halere, dagoeneko konturatuta geunden Fermin ez zela geldirik egoteko jaio.

Trekurekin eta Iñigo anaiarekin batera sortutako Kortatu utzi ondoren, Egin Irratiaren sortzaileetako bat izan zen Fermin. Argia aldizkarian eginiko Ehun ginen kolaborazioa aprobetxatu zuen Iñigorekin eta Kaki Arkarazorekin batera sortutako proiektuaren berri emateko.

2010ean publikatutako Txinaurriak diskoaren aurrekari izaniko Txerokee lanaren proiektuan hartu zuen parte Negu Gorriak-ek 1990ean, Xabier Montoiak gonbidatu baitzituen Mikel Laboaren omenezko bilduma hartan parte hartzera. Gaberako aterbea izan zen aukeratutako abestia eta kanta horretatik hartu zuen izena.

Jendaurrean lehen aldiz Herrera de la Manchan azaldu ziren, 1990 urte amaieran, Negu Gorriak lehen diskoa plazaratu ondoren. Gure Jarrera 1991ko apirilean publikatu zuten, Esan Ozenki sortu berriaren lehen erreferentzia. Jadanik hirukotea boskote bihurtua zen Mikel Abrego (bateria) eta Mikel Kazalis (baxua) musikariekin batera.Eta 1991ko irailaren 7an ikusi nituen lehen aldiz zuzenean, Ezpeletan, taldeak Europan zehar bigarren lana ezagutzera emateko asmoz abiatutako biraren lehen kontzertu ofizialean (aurretik bi emanaldi ofizioso egin zituzten Bilboko gaztetxean eta Hernaniko La Bodegan). Ezpeletako egun hartan kartelean hiru banda aritu zirela nuen buruan, baina Dirty District paristarrak aritu zirela gonbidatu gisa dio NeguGorriak.net guneak.

Diskoa udaberrian argitaratua zen eta jadanik ondo baino hobeto genituen bereganatuta kanta guzti haiek. Dena den, Ezpeletara hurbildu ginen koadrilako lagunak txundituta geratu ginen aurrez aurre ikusi genuenarekin. Ez dakit salto asko egin ote nuen, nire buruan lurrari itsatsita geratu nintzela baita gordetako irudi bakarra. Inoiz ikusi gabeak baikinen bertako talde baten antzeko ikuskizunik. Handia zen taldea, bai.

[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak1992ko abenduan Parisera joan nintzen egun batzuk pasatzera eta Farenheit aretoan ikusi genuen Negu Gorriak-en emanaldi berri bat. Hiesaz kutsatutako gaixoen aldeko elkarte batek antolatutako gaua zen. Bertan ikusi nuen NGzaletasuna anitza zela. Adibide gisa, nire begiekin ikusi bainuen, zapata txukunak, gona moñonoa eta gordasola apainarekin Japoniatik ex-profeso Negu Gorriaken kontzertu hura ikustera etorritako señorita japoniarra..

Eta Japoniatik iritsi zen urte horretan bertan, 1992an, etxean ondo gordeta dudan Gure Jarrera diskoaren edizioa, Irungo Bertso-Hop musika dendan erosia.Bertso-Hop. 1989 urtearen bueltan zabaldutako proiektua. Ione, Jabiolo, Jitu eta Fermin ibili ziren urte haietan lanean, Vómito Social taldeko Víctor abeslaria ahaztu gabe komikien atalean. Bertan ikusi nuen lehen aldiz Euskal Herrikoak zirela disko nazionalak eta bazela alternatibo izaterik Luis Marianoren kanten bilduma bat salduz. Diskodenda hori oso garrantzitsua izan baitzen nire heziketa musikalean. Hori eta garai hartan musikari tartea eskaintzen zioten tabernak, noski.

Negugorriak.net gunean dagoen informazioari esker gogoratu dut Rock de Lux aldizkariak 1991ko urteko diskorik onena izendatu zuela Gure Jarrera. Taldearen ibilbidea markatuko zuten ezaugarri guztiak jasotzen ditu: hainbat iturrietatik edateko abilezia (B. S. O. abestian zioten bezala: sustraiak, rock, rap, reggae; hau da, Jon Maia bertsolaria eta Mano Negra nahastea edota Fugaziren Song Number One euskaratzea), hamaika kausarekin lotzeko gaitasuna (Ez dezagun sal eta porlanaren kontrako borroka; 80. hamarkadako Ertamerikako Bisitari iraultzailea; Galindoren negozioak eta Ustelkeria, taldea auzitegitik eta hormaren kontra jarri zuen prozesu judiziala). Dena bandaren ohiko soinu gordinaren pasapuretik iragazia.

Hogei urte pasa dira disko hau publikatu zenetik. Hamar urte jada taldeak agur esan zuenetik. Denbora ez da alferrik pasatzen, baina garaipenak geurea izaten jarraitu nahi badugu esnatzeko garaia da: sinetsi, batu eta antolatu. Bakoitzak jar dezala esaldi hau nahi duen testuinguruan. Amen.

.

.

Mikel Iturria, blogaria

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak [Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak [Kafe Aleak] Mikel Iturriak Negu Gorriak