[Kafe Aleak] El último de la Fila
[Kafe Aleak] El último de la Fila –
.
El último de la fila
“Cuando la pobreza entra por la puerta, el amor salta por la ventana“ (PID, 1985)
.
El Último de la Fila ezagutu nuenean, ez zen ezer gertatzen beren kontzertu batera azkena heltzen bazinen, bertan leku nahikoa baitzegoen beti, eta artean lerroak ez ziren hain modakoak.
Udan izan zen eta, normalean, urteko sasoi hori aproposa izaten da gauza berriak deskubritzeko, denbora gehiago izaten baitugu dastatzeko eta gozatzeko. Isilka-misilka sartu ziren nire jakin-minaren zirrikituetatik; hasiera-hasieratik txunditu ninduten erabat berriak zitzaizkidan harmoniekin.
Espainola izateko oso talde berritzailea zen. Entzunak nituen Los Rápidos eta Los Burros, beren aurreko taldeak, baina azken honek, eta lerro hauekin omendu nahi dudan beren lehenengo disko honen izenak, argi eta garbi erakusten zuen talentu handia zegoela atzean: “Cuando la pobreza entra por la puerta, el amor salta por la ventana” (pobrezia atetik sartzen denean maitasunak leihotik egiten du salto).
Eta dena gertatu zen iltzatuta geratzen zaizkigun gauzak etortzen diren gisan; izan ere, diskoa deskubritu nuen ia-ia taldea zuzenean ikustearekin batera. Zenbait aste lehenagotik nire LP gogokoenetako bat zen eta, Kordobako landa-zabalean abuztuko gauek isurtzen duten magiak inguratuta, kontzertu batera joateko aukera izan nuen.
Jaiak ziren Montalbán izeneko herritxoan. Lurralde hori bisitatzen nuen lehenengo aldia zen niretzat: jende berria, hizkuntza berria (bertan hitz egiten den gaztelerak antz txikia du Burgosekoarekin), gauza berriak zaharrei gailenduko zitzaizkielako ezinbesteko itxaropena, nire bizitzako garai ilun bat gainditzeko… eta hori guztia “Querida Milagros” eta “Dulces sueños” abestien doinuek apainduta eta izarrak zirela eszenatoki bakarra.
Musikalki hainbat aukera gehiago egin nitzakeen arren, niretzako berezia izan den disko batez idazteko proposatuta, pentsatu nuen modu polita zela hau diskoari omenaldia egiteko eta ordainean emateko egun batean berak jakin gabe eman zizkidan gauzak.
.
Adolfo Marco (1962, Pedrosa de río Urbel -Burgos-) Musikazalea
“Kafe aleak” liburua erosteko
[Kafe Aleak]