Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren eskuizkribu ezezagunaren edizio kritikoa argitaratu du Egan literatura aldizkariak

Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren eskuizkribu ezezagunaren edizio kritikoa Egan aldizkariak – 

Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren Aberatztarzun gussien guils bakhoitza (1782) jatorrizko eskuizkribu ezezagunaren edizio kritikoa argitaratu berri du Egan literatura aldizkariak. Txomin Peillen idazle eta euskaltzain zenari eskaini diote ale berezi honen argitaratzaileek, Manuel Padilla-Moyano ediziogileak eta Koro Segurola Azkonobieta edizioaren sarreragile eta aldizkariaren zuzendariak.

Eskuizkribua Gipuzkoako Aldundiko Liburutegiak eskuratu zuen 1961ean Aingeru Irigarairen bidez, baina obra horren lehen aipamena Txomin Peillenek egin zuen Egan aldizkarian 1963ko uztaileko alean, Koldo Mitxelena aldizkariaren zuzendari zela. Artikulu horretan, Peillenek Frantziako Liburutegi Nazionalean aurkitutako Egiategiren Lehen liburia edo filosofo huscaldunaren ekheia (1785) eskuizkribuaren berri ematearekin batera, testu horretan Egiategik Aberatztarzun gussién guils bakhoitza izeneko lana aipatzen duela ezagutzera eman zuen. Orduan argitaratu ziren Koldo Mitxelenaren, Lino Akesoloren eta Angel Irigarairen oharrak eta argibideak eskuizkribuari buruz, eta, besteak beste, nork aurkitu zuen eta non zegoen argitu zuten. Hirurek ikusi zuten jatorrizko eskuizkribua, baina inork ez zuen osorik argitaratu. 1782an moldiztegitik atera zenik ere ez dugu uste, ez baita ezagutzen eskuizkribu horren, ezta Egiategiren beste ezein obraren, jatorrizko argitalpenik.

Txomin Peillenek ez zuen jatorrizko eskuizkribua ikusterik lortu, eta 80ko hamarkadatik «galdutzat» emana zen, harik eta Pedro Berriotxoa historialariak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskideak ikerketa baten harira aurkitu zuen arte. Hari zor diogu jatorrizko eskuizkribua aztertzeko eta lehen edizio hau egiteko aukera. Peillenek 1782ko testuaren XX. mendeko kopia zati bat argitaratu zuen 2012an, eta jatorrizkoaren hamazazpi orrialde dira. Orain, 1963ko Eganek jasotako lehen aipamen hartatik mende erdi bat baino gehiago igaro denean, aldizkari berean argitaratu dugu jatorrizko eskuizkribuaren edizio kritikoa Manuel Padilla-Moyanoren eskutik, XVI-XIX. mendeetako Zuberoako literatura corpusari buruzko doktore-tesiaren egilea.

Jatorrizko eskuizkribuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, egileari buruzkoak eta eskuizkribuaren ezaugarriak aztertu dira edizioaren sarreran. Eskuizkribuak 59 orri ditu (118 orrialde), 58 idatzita, eta hamasei berezita edo kapitulutan banatua dago, baina pleguak falta ditu. 60ko hamarkadan Mitxelenak, Akesolok eta Irigaraik egindako deskribapenarekin alderatu eta paperaren ur markak aztertu dira. Azterketa horrek erakutsi du, alde batetik, Aberatztarzun gussién guils bakhoitza Egiategiren 1782ko jatorrizko eskuizkribua dela, eta, bestetik, 1961ean Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen eskuizkribu bera aztertu eta argitaratu dugula. Faksimilea ere eskaintzen dugu edizioaren amaieran, irakurleak jatorrizko testua ikusteko aukera izan dezan.

Herri antzerkiaren tradizioa alde batera utzita, Zuberoako testu zahar gehientsuenak erlijioari dagozkio, eta horietarik anitz itzulpenak dira. Hortaz, Jüsef Egiategi nabarmen aldentzen da Zuberoako testu inprimatuen tradiziotik. Haren bizitzaz ia deus ez dakigu, salbu Zuberoan errejent zela, berak halaxe sinatzen zuelako. Non? Zehazki ez dakigu, baina Txomin Peillenen hipotesia da Egiategik Mauleko kolegio batean irakasten zuela. Halaber, baditugu arrazoiak pentsatzeko herri antzertiko errejent ere bazatekeela, hots, pastoralgile. XX. mendera arte Egiategi dugu, dudarik gabe, zubererazko literaturako egile heterodoxoena. Beste iturrietatik edaten du: frantsesezko eta espainolezko tratatuak ditu mahai gainean, eta haietara jotzen du. Aberatztarzun gussie?n guils bakhoitza eskuizkribua etxeko ekonomiari buruzko tratatua da, etxeko andereari zuzendua.

Zuberera zaharraren lexiko gehiena erlijio liburuetatik ezagutzen dugu. Eskuizkribu honetan, aldiz, hizkuntza biziagoa azaleratzen zaigu, egunerokotasunetik hurbilago gertatzen den lexiko batekin. Liburuaren edukiak, funtsean, etxaldearen gobernuari dagozkio: baratzeko eginkizunak, landareen zaintza, jendeen, haurren eta kabalen eritasunak eta haien kontrako erremedioak, garaiko farmakopea… Etxaldeaz harago, Egiategi XVIII. mendeko Zuberoaz mintzo zaigu: orduko usantzak, janzkerak, dantzak, soinugileak… Pasarte gogoangarri batean, bizitza gehiena Frantzian eman ondoren bere Zuberoara itzuli berririk, Andere Margaitak espantuz jakiten du nola orain Zuberoan emaztekiak tabernetan horditzen diren, «ta ez hantik lehenak jalkiten».

Egiategik berak dio liburua frantsesetik itzuli duela. Halere, gutxienez bi kapitulu euskarazko sorkuntza dira, inolako itzulpenik gabe. Horietan badira solasaldiak, zuberera mintzatuan usatzen diren tratamenduekin. Batean, Andere Margaita eta Grazi Konkor adiskideen artean (elestaldi asimetrikoa: batak noka, eta besteak zuka egiten du); bestean, Egiategiren beraren eta erretorearen artean (hau ere asimetrikoa: erretorak toka, Egiategik zuka).

Ortografiak baditu berezko ezaugarriak. Adibidez, noizean behin Egiategik bokal sudurkariak markatzen ditu, edo l bustiarentzat zeinu berezi bat erabiltzen du. Hizkuntzaren aldetik, testu hau Zuberoa behereko bokal asimilazioen lekuko goiztiarra da. Egiategik osagarriren ‘osagarriaren’, anderiri ‘anderiari’ bezalako asko idazten ditu, baina beranduagoko idatzaldi batean eskuizkribua zuzentzen du, bere duen ezaugarri fonologiko hori ezkutatuz.

Idazle gisa, Jüsef Egiategik euskara lantzeko grina berezia erakusten du. Horren froga argia da etengabe Manuel de Larramendi gipuzkoarraren Hiztegi Hirukoitzera jotzen duela. Hala, Egiategik XVIII. mendeko bigarren erdiko idazle jasoenek bezala, Larramendiren hitz andana bat erabiltzen du, hala nola duikinde ‘industria’, izkidezgarri ‘ezin ulertuzko’, jakonde ‘iraizkin’, mikalte ‘izurri’, zaitirandu ‘kontserbatu’, zelaustu ‘lurrundu’, etab.

Aberatztarzun gussien guils bakhoitza eskuizkribuak soziolinguistikaren gaineko gogoeta egiteko ere bide ematen digu. Bada, XVIII. mendearen amaieran Egiategik frantsesetik zubererara itzuli izana nabarmentzekoa da. Horrek erakusten du garai hartan bazirela frantsesez ez zekiten, baina euskaraz irakurtzeko gai ziren zuberotarrak; are gehiago, liburua etxeko andereentzat idatzia da.

Eskuizkribua gaur egun Koldo Mitxelena Liburutegian jasota dago. Edizio kritikoa paperezko bertsioan kaleratu da, baina laster izango da Egan literatura aldizkariaren webgunean irakurgai, helbide honetan:

Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren eskuizkribu ezezagunaren edizio kritikoa argitaratu du Egan literatura aldizkariak

3 pentsamendu “Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren eskuizkribu ezezagunaren edizio kritikoa argitaratu du Egan literatura aldizkariak”-ri buruz

  • Sorabillakua 2023-01-27 10:22

    Eta eskerrak Peillenek ez zuen aurkitzerik izan, bestelako testuekin sarraski izugarria egin baitzuen. Zorionak Segurolari eta Padilla-Moyanori.

  • Badioscuçu, Juan Luis, neholaco ahalqueric gabe, ecen:

    “Idazle gisa, Jüsef Egiategik euskara lantzeko grina berezia erakusten du. Horren froga argia da etengabe Manuel de Larramendi gipuzkoarraren Hiztegi Hirukoitzera jotzen duela. Hala, Egiategik XVIII. mendeko bigarren erdiko idazle jasoenek bezala, Larramendiren hitz andana bat erabiltzen du, hala nola duikinde ‘industria’, izkidezgarri ‘ezin ulertuzko’, jakonde ‘iraizkin’, mikalte ‘izurri’, zaitirandu ‘kontserbatu’, zelaustu ‘lurrundu’, etab.”

    Asmatione horiec guztiec Juseffen liburuac edulcoratzen, desvirtuatzen eta alferric galcen dituzte.
    Hobe içan litzaiquegu Larramendi eta bere moduco “inventore”ac seculan gure herrian sorthu ez balira, ceren euscaldunengan inferioritate complexua erein baitute, gure hizcunça desnaturalizatzen eta idatzizco euskara aberrant eta abnormal bat aurkezten, ecertaraco ere valio ez duena gure egunetarainotzen.

    Adeitsuqui

  • Juan Luis Zabala 2023-01-28 11:38

    Ahalquea auzoan, baiki.