Jurgi Ekiza: «Diskurtso politikoa eta nazio diskurtsoa sarri desagertu dira musikatik»
Jurgi Ekiza: «Diskurtso politikoa eta nazio diskurtsoa sarri desagertu dira musikatik» –
Andrea Ibarrak Gara egunkarian:
Willis Drummondek azken kontzertua eskaini zuen Donostian, urtarrilaren 5ean; itzultzekotan, itzulera datarik gabe. Hortik astebetera, Jurgi Ekiza taldeko kantari eta gitarristak kasik bi hamarkadako rock ibilbideak utzi dizkion pentsaera eta emozioen berri eman digu.
Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxeak Willis Drummond rock taldearen azken kontzertuari harrera egin zion urtarrilaren 5eko iluntzean. Azkena, epe baterako behintzat, talde lapurtarrak «itzulera datarik gabeko etena» iragarri baitzuen 2023. urte bukaeran. Emanaldi honetan Jurgi Ekiza (ahots nagusia eta gitarra), Xan Bidegain (baxua eta ahotsa), Felix Buff (bateria eta ahotsa) eta Vincent Bestaven (gitarra) izan dira Willis Drummond.2005. urtean Baionan eman zituen lehen pausoak eta laster hedatu zen taldearen sona, batez ere ‘‘Anthology’’ lehen diskoari esker. 2022an argitara eman du azkena, ‘‘Hala ere’’. Ibilbide honi agur erranik, itzulera posible baten lasaitasunarekin, Jurgi Ekizak honaino nola heldu den eta orainaren inguruko gogoeta partekatu du.
Kasik hogei urteko ibilbidea utzi berri duzu gibelean, nazio mailako eta nazioarteko kontzertuez, gai eta estilo ezberdinetako diskoez eta eraldatzen joan den taldearekin.
Willis Drummond hasi genuen Xan Bidegainekin, oraindik nirekin segitzen duena, eta Pierre-Antoine Fortekin. Elkar ezagutzen genuen, lehenago izan genituen taldeengatik. 22-23 urterekin pentsatu genuen rockeroa zen zerbait egitea, Nirvanaren erreferentziari jarraiki. Baina ez genuen epe luzean pentsatzen.
Urteetan zehar taldearen osaera aldatu da, baina ez genuen bizitza luze bat ikusten taldearentzat. Egia erran, nik 20 urterekin ez nuen batere nire burua ikusten luze irauten, ez zahartzen. Bada mito hori rock munduan 28 urtetan hiltzen diren artistekin. Gaztetan ezin nuen ikusi zahartuko nintzenik, eta beharbada horri esker iraun du hainbeste. Beti egin dugu sentitzen genuena, gogo genuena.
Maite dut ene konfort tokitik ateratzea. Taldearekin errutinarik ez bazen ere, aste batek ez baitzuen bestearen itxura, aldi honetan ez dakit zer eginen dudan gero. Askatasuna da, baina beldurra ere ematen du.
Donostiako kontzertuarekin agur esan duzue Nolako aho-zaporea utzi dizue?
Berezia eta alaia izan da. Kontzertua bikain pasatu da eta sorpresa batzuk prestatuak genituen. Autogestioan antolatua zenez, aukera eman zigun kontzertua eta gero jendearekin egoteko. Ez da tristea izan. Inguruan zen guziak aukera eman digu baikorki bizitzeko. Willis Drummonden beti erran dugu gure musika garenaren isla dela, eta amaitzeko manera hori garenaren isla bat ere izan dela uste dut. Kontzertuaren ondoren agur esan genion elkarri, elkar ikusiko dugun hurrengo aldia lagun bezala izanen dela jakinik, ez musika egiteko. Biharamunetik irauten du bestondo emozionalak, baina bestondo alaia da.
Orain itzulera datarik gabeko pausan zarela, musikaren bidetik jarraitzea pentsatzen duzu?
Nire ustez, egiazko pausa bat egiteko ez da jakin behar zenbat iraunen duen. Bestela, pausa hasten den momentutik hasten zara zure itzulera prestatzen. Utziko dugu pasatzen asteak, hilabeteak, beharbada urteak, eta ez dakigu egun batean itzuliko garen. Ideia da denbora bat pasatutakoan elkartzea eta ikustea zer egin nahi dugun. Ene aldetik, jadanik kanta bat egiten ari naiz film batentzat. Gero eta gehiago horrelako gauzak egin nahi nituzke, ez beharbada diskoak osorik, baizik eta kantu bat noizbehinka. Anitzetan erran dugu Willis Drummonden gauzak egin ditugula autogestioan eta autoekoizpenean. Ene kasuan hori sakondu nahi nuke. Etxean estudio bat muntatzen ari naiz eta etxetik kanta osoak egiteko gai izan nahi nuke. Ikusiko dugu hor kantuak ateratzen diren, eta zer estilokoak. Ez diot deus inposatzen ez debekatzen nire buruari.
Rocka politikarekin estuki lotua zen garaian hasi zineten ekoizten.
Influentziak musikan milaka dira. Negu Gorriak taldea da musikari eta euskal musikari bilakatzeko gogoa piztu zidan proiektua. Ez bakarrik musikagatik, soziologikoki eta politikoki ere. Uste dut horrelako talde batzuek eraman dutela jende gehiago euskalduntasunera mugimendu politiko batzuek baino. Musikari esker, izugarri identifikatu gara euskaltasunarekin.
Nire ustez ezin da bereizi euskal rocka bere dimentsio politikotik, baina uste dut garai bat zela ere. Estatu Batuetan, adibidez, orduan hedatu zen rapak bazuen dimentsio politikoa. Ni biziki mundu frantses batean bizi nintzen, jatorri euskalduna nuen, baina eskolan eta lagunekin frantsesez ari nintzen. Garaiko rocka izan da kontzientziatu gaituen zerbait, kolpe batez euskalduna sentitzen zinen. Negu Gorriakentzat inportantea zen mezu hori; beti erraten zuen «ez gara frantsesak, ezta espainolak ere». Dimentsio nazionala zuen eta segituen identifikatzen ginen.
Musikaren politikotasun hori galtzen ari ote da?
Diskurtso politikoa eta nazio diskurtsoa sarri desagertu dira musikatik. Ni oraindik harritzen nau festibal batzuen programa ikusi eta iparraldeko talde bat ere ez egoteak, edo bakarra. Euskal nazioa aldarrikatzen duen mugimenduak ez badu probintzia guzietako jendeak elkartzeko ahaleginik egiten, hor badugu arazo bat.
Anitzetan, identitatea alteritatetik sortzen da, eta ulertzen dut belaunaldi berrientzat zaila dela ideia bakar batekin identifikatzea. Normaltasuna lortu izan bagenu bezala ibiltzen gara, aukera baitugu gauza batzuk egiteko euskaraz. Badira uste dutenak ez dela grabea, nortasun berriak direla eta horrela dela, baina hizkuntzak segitzen du arriskuan; eta hizkuntza bat desagertzekotan, gurea izanen da.
Musikan ere badut hori. Talde anitzek erdi euskaraz eta erdi erdaraz egiten dute, erranez «hau da ene errealitatea». Bistan da gure errealitatea dela, hala Willis Drummondek ere 10 kantutatik 9 frantsesez eginen lituzke. Pentsa Ipar Euskal Herriko taldeak; euskararen presentzia gure egunerokoan anitzez tipiagoa da. Gure errealitatearen isla izateko soilik pentsatzen badugu musikan, azken finean, desagertuko gara.
Hautu kontua dela uste duzu?
Erraten dugu horrela direla gauzak eta horrekin egiten dugula; baina ikusiz munduaren globalizazioa eta kanpoko influentziak, ez da aski mantentzea garen lekuan, behar dugu izan borroka batean gehiago lortzeko, hau baita bide bakarra ez desagertzeko. Euskaraz egitea beti naturala ez bada ere, guk hautu hori egin behar dugu, espero dugulako egun batez naturala bilakatzea.
Euskal gizartean, orokorrean, utopia falta da. Ongi da gauza konkretuetan egotea, baina ez da utopia ahantzi behar. 20 urterekin, ez nekien egun batean Euskal Herri independente eta libre batean biziko nintzen, baina ideia hori gustatzen zitzaidan. Galeanok zioen bezala, utopia zerumuga bezalakoa da; guk bi pauso aitzina ematean, berak bi atzera egiten du, baina gu aitzinatzeko balio du. Azken finean, horretarako balio du utopiak; norabide bat eman eta bagoaz.
Jurgi Ekiza: «Diskurtso politikoa eta nazio diskurtsoa sarri desagertu dira musikatik»
Hausnarketa hagitz bikaina, gaurko egoeraren islada.