Juan San Martinen obra osoa digitalizatua
Juan San Martinen obra osoa digitalizatua –
Juan San Martinen obra osoa digitalizatua
14.615 orrialde jarri ditu Jakin-ek denon eskura: liburuak, liburu zatiak, aldizkari eta egunkarietako artikuluak, itzulpenak eta gutunak.
Guztira, Juan San Martinen 1.314 lan daude eskuragarri. Lehen liburua 1959an argitaratu zuen, Juan Antonio Mogeli buruzkoa. Juan San Martin Ortiz de Zarate, eibartarra, 1922an jaioa eta 2005ean zendua. Idazlea, poeta, espeleologoa, arkeologoa, etnografoa, mendizalea, Arartekoa eta euskaltzaina, poemak idazteko Otsalar ezizena erabili zuen, 1964an izendatu zuten euskaltzain oso. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra. 40ko hamarkada amaieran Aranzadi Zientzia Elkartearen espeleologia sailean lanean hasi eta Eibar inguruko kobazuloen katalogazio eta esplorazioan aritu zen, Gesaltza-Arrikrutz sarean, Aitzbeltz leizean eta San Martin leizean ere bai. Idazlanak: Antologiak: Uhin berri, Donostia, 1969. Biografiak: Juan Antonio Mogel. Bere bizitza ta lanak Zarautz, 1959. Kronikak: Antzinako Eibar, 1993. Narrazioak: Zirikadak. Ipuin barregarridun liburua. Zarautz, 1960. Eztenkadak. Gertaera barregarridun liburua. Zarautz, 1965. Saioak: Gogoz. Donostia, 1978. Bidez, Donostia, 1981. Landuz. Donostia, 1983. Euskararen ostarteak. Donostia, 1998. Giza eskubideen inguruan. Donostia, 2000. Beste batzuk: Estudio etnografico del Valle de Urraul Alto (Luis Peña Santiagorekin elkarlanean). Donostia, 1966. Escritores euskericos. Bilbo. 1968. Hegatsez (Serafin Zubirirekin). Zarautz, 1971. Elgueta con Anguiozar y Ubera. Donostia, 1975. Literaturaren inguruan. Donostia, 1980. Erromanikoa Euskal Herrian. Donostia, 1983. Jose Manterola. Donostia, 1985. Esanak eta eginak. Gasteiz, 1994. Santa María de la Asunción de Hondarribia. Su Historia, arte y arquitectura.
…
Juan San Martinen obra osoa digitalizatua
jakin.eus/albisteak/juan-san-martinen-obra-digitalizatua-eskuragarri
Juan San Martin idazle, euskaltzain, etnografo, arkeologo eta mendizalearen obra digitalizatua euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako webgunean dago ikusgai. Une honetan, berak idatzitako 1.314 lan daude eskuragarri osatuz doan webgunean: horien artean, 25 liburu, 79 liburu atal eta ia berrogei agerkaritan argitaratutako 1.179 artikulu, poemez eta itzulpenez gain. Lorea Agirre JAKINeko zuzendariak San Martinen ekarpena ezagutaraztearen garrantzia azpimarratu du, «irakurtzeko, ezagutzeko, ikertzeko, transmititzeko, irakasteko eta osatzeko» izan dadila opa eginez.
Bere jaiotzaren mendeurrenean, Eibarko liburutegian eskaini dioten erakusgelan elkartu dira Harkaitz Millan Kultur diputatua, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea, Juan San Martinen senideak, kultura eta euskal munduko jendea eta herritarrak. Omenaldi kutsuko aurkezpena izan da, bere ibilbide oparoaren transmisioa bermatuko baitu digitalizazioak, ezagutaraziz eta jarraipena emanez. Berak idatzitako esaldi bat irakur zitekeen hormatik: «damu bakarra dut bizitza honetatik alde egiteko: nahi nituzkeen liburuak irakurri gabe eta idatzi nahi nukeena idatzi gabe joan beharra…». Ez da gutxi esatea, kontuan izanik bere obrak 1.800 testutik gora biltzen dituela. Webgune propioan jarriko dira guztiak ikusgai, berariaz sortutako bilatzaile eta aurkibide propioarekin.
Askotariko lanak utzi zituen 2005ean hil zen mendizale eta idazleak, pertsona polifazetikoa baitzen, Agirrek azaldu moduan: «idazle, poeta, etnografo eta arkeologo, kultur eragile, ikertzaile hala euskal literaturan nola historiaren eremu zabalean, euskaltzain, ararteko, mendizale, espeleologo eta, nabarmenki, euskaltzale». Are ezaugarri nabarmenagoak horiek guztiak, frankismo garai estuan formatutako San Martin gaztearentzat.
Aurkezpenean bistaratu da digitalizazioaren lagin bat, eta guztira atarian 1.935 idazlan edo dokumentu bilduko dira, horietatik 1.833 San Martinek berak idatziak. Kopuru izugarria eta nabarmena. Ez alferrik, Agirrek aipatu bezala, «mendibideetan barrena edo hitzekin, XX. mendeko Euskal Herriaren eta euskararen lur gehienak zapaldu zituen San Martinek bizitza osoan zehar», eta horietan arrastoa utzi zuela erantsi du. Orain, lorratzak eskuragarri daude, bidea zabaltzen jarraitzeko.
Bicain!