Juan Luis Landaren komiki berria: “Orreagako kronikak 1 – Errolanen elezaharra”

Juan Luis Landaren komiki berria: “Orreagako kronikak 1 – Errolanen elezaharra” –

Igor Leturia Azkaratek komikiari buruzko bere E-Gorblogean.

Erein-en eskutik itzuli da euskaraz argitaratzera nazioartean famatuta eta arrakastatsu dabilen gure egilea.
Juan Luis Landaren komiki berria: "Orreagako kronikak 1 - Errolanen elezaharra"
Irudia: Juan Luis Landa

Juan Luis Landa (Errenteria, 1965) euskal komikigile ezagunenetako bat da. Nazioartean famatua da, eta bere marrazkien edertasuna asko preziatzen dute bere kideek zein zaleek. Euskaraz argitaratzen eman zituen lehen pausoak komikigintzan 80ko hamarkadako erdialdean, Ipurbeltz komiki-aldizkarian eta Gabai sailean, eta animazioan ere aritu zen Kalabaza tripontzia filmean. 90eko hamarkadaren hasieran Egin egunkarian zintak egin zituen pare bat urtez, eta bere hurrengo komikiek ere ez zuten euskaraz argia ikusi: 1995etik 2003ra El ciclo de Irati sail ederraren hiru album atera zituen Glénat argitaletxearekin (bigarrenetik aurrera Joxean Muñoz gidoilari zuela), eta 2000n gero jarraipenik izan ez zuen El fuerte sailaren lehen zenbakia, La cabeza del apóstol, Normarekin. 2007an El ciclo de Irati saileko laugarren albuma atera zuen, Saiak, berriz ere euskaraz Xabiroiren eskutik. Tarte horretan ilustrazioan ere aritu zen, Toti Martinez de Lezearen Euskal Herriko leiendak eta Sorginak bezalakoekin, eta hala jarraitu zuen hamarkada batez komikitik aldenduta, Martinez de Lezea beraren Nur saileko lehen 10 liburuak eta bere gidoidun 1512 in memoriam ilustratuz. Frantziako merkatuan itzuli zen komikigintzara 2016an, Dargaud etxearekin eta Raulé gidoilariarekin Arthus Trivium saila ateraz, zeinak lau album izan dituen eta guztiak oso arrakastatsuak (Frantziako salmenten lehen postuan egotera iritsi izan dira!). Eta aurten bertan hasi du Glénat-ekin bere gidoia duen Chroniques de Roncevaux saila, La légende de Roland izeneko lehen zenbakiarekin.

Bada, zein izango zen atzo nire sorpresa euskarazko lanak besterik ez dauden Ziburuko liburu eta disko azokan bere komiki berri bat ikustean! Hain zuzen ere, azkena aipatu dudan lan horren euskarazko edizioa, Erein etxearen eskutik: Orreagako kronikak 1 – Errolanen elezaharra. Segituan etorri zen zakura!

Juan Luis Landaren irudiak, bere lan guztietan bezala, ezin politagoak dira. Bereziki Saiaketik aurrera finkatu zuen estiloan eginda daude: marrazki errealistak, zehaztasunez beteak, argi-itzalekin, orrian kolore tonu bat nagusi dela… 60tik gora orri ditu lanak eta pertsonaien zirriborro eta diseinu-orri batzuk ere baditu, benetako luxua!

Eta marrazkigile aparta izateaz gain, istorioak idazten ere badaki Landak. Ez du hau lehen aldia, berak egin izan ditu lehen ere bere hainbat lanetako gidoiak: El ciclo de Irati saileko lehena, El fuerte, 1512 in memoriam… Eta horiei (zein marrazkigile soil aritu den beste lan askori) erreparatuta, argi dago oso gogoko dituela Nafarroako Erresumaren historia eta Euskal Herriko mitologia, eta ongi bai ongi ezagutzen dituela biak. Orreagako kronikak honetan ere gai ezagun horietara bueltatzen da, zehazki Orreagako Guduaren gaira, eta bai ederto bueltatu ere! Gainera, aurreko lan horietako bateko pertsonaiaren bat berriz agertuko zaigu lan honetan, ea asmatzen duzuen zein den…

Ezusteko pozgarria izan da 14 urteren ondoren Juan Luis Landaren komiki bat berriz ere euskaraz ikustea, eta are gehiago hainbeste atsegin dugun, gure historiaren parte garrantzitsua den eta ezagutaraztea hain beharrezko den gai batekin! Lehen album honetan planteamendu eta sarrera bikaina ematen zaio istorioari, eta hurrengo liburukian izango den jarraipena eta amaiera (guri gehien interesatzen zaigun partea) ikusteko irrikatan gaude!

Juan Luis Landaren komiki berria: “Orreagako kronikak 1 – Errolanen elezaharra”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.