Joxan Artzeren olerkiak, azken detaileraino sakonak

Joxan Artzeren olerkiak, azken detaileraino sakonak – 

Joxan Artzeren olerkiak, azken detaileraino sakonak

JosAnton Artze (Hartzabal; Hartzut) zinez artista polifazetikoa izan genuen, olerkari, musikalari, antzezle-antzezlari, txalapartari…zein asko-askotan aipatu disziplina horien arteko nahasketatik, batean edo besteren batetik ari ote zen argiegi jakin gabe, ezin etiketatuzko artista hutsa, artista peto-peto.

Hala eta guztiz ere, ezertan nagusitu bazen, olerkigintzan izan zen, dudarik gabe. Hori hain justu ere ondo azpimarratu zigun Sebastian Gartzia Trujillok, Artze artean gure artean zegoelarik, zera gogorarazten zigunean: “Hamaika liburu argitaratu ditu dagoeneko zein baino zein landuago, dotoreago, bikainagoa eta… beste liburu batzuk ere martxan dauzka” (Argia, 04.05.16 1944. alea). Bere olerkien ederra balioesteko orduan, beren forma-molde hutsari besteri begiratzen ez digoularik gera gaitezke. Ez legoke gaizki bere idatzi molde fin eta bikanari erreparatuaz beroerretan egundoko altxor literario dugula aitortuta. Alabaina, motz eta labur geldituko ginateke. Askoz harago joan gintezke-eta. Askozaz harago joan, eta ikusi zer-nolako pertsona zegoen idatziriko olerki horien guztien atzean, ikusi zeinen sentibera izan zen rAtze igururatzen zuen errealitatearekin, zer nolako abileziaz eta fineziaz hautematen zuen egunerokotasunean arrunt, kolore-zapore gabeko eta beti-bateko izan ohi zaigun hori guztia. Izan jende xehearen kezkak, izan denetariko gatazka sozialak, izan herriari atxiki-atxikia zekusan euskara, izan errealitatea bere sakon-baztegabean… bere antze ezin finagoa beti islatzen zuen eskuarki ikus-sentiezin zaizkigun ezin konta ahala ñabardura antzeman ahal izateko.

Artzek xehetasunik txikienetaraino eraman zuen bere edertasunaren bila ibiltze hori, azaletik sakoneneraino, zein txikienetatik baztergabeeneraino. Alderik alde mugitzen asmatu zuen bere olerkigintza bidean, alderik alde, mugarri guzien gainetik. Gartzia Trujillok azpimarratu zuenez:

“Artzek ez du ezertxo ere uzten edertasunaren arduratik kanpo; Good in the details (Le corbusier): landaeak, zuhaitzak, hostoak, harritxoak, elur-malutak, egur-puskak, uso zein inurriak, edota argi- eta iluntasun-konbinaketak ere bai. Nola maite duen kandelen argitxo apal dardartia!” (Hamaika euskal literato eta Jainkoa, 811 or.)

Detaile hauteman zale izate honek zerarekin egiten zuen guztiz bat, egiteko guztietan Artzeri zerion perfekzionismoarekin. Ezin izan ohi zion prefekzionismoari ihes egin, beti zuen berau helburu eta xede. Olerki edo artelan bat bukatutzat ote zuen galderari honela-edo erantzuten zion:

“Olerki bat ez da inoiz amaitzen. Olerki guztiei beti ematen diet gero begiratu bat; zer moduz dagoen, oraindik gaurkotasunik baduen. Ez da inoiz bukatzen betikotasun guztian (ez bizian). Azken gabearen, betikoaren, formagabearen txinparta da eta horrek ezin lezake bukaera bat izan” (Hamaika euskal literato eta Jainko, 812 or.)

Denean dena ikustea aipatu nuen orain aste batzuetako testutxo batean Xavier Zubiriren errealigazioaren kategoriaz jarduten ahalegindu nintzelarik. Denak, are txiki-txikienak, hutsal eta ezdeusenak ere, mundu eta errealitate guztia darama bere baitan, bere sakonean, izkiriaturik. Hondar ale bat bere sakon eta baztegabean ikusteko gai den horrek mundu guztia ikus dezake berorretan. Hori-edo zioskun Zubirik bere errealigazioaren teoriaren bitartez. Bada, Artze, bere erara, bere olerkigintza bideari bere kaxa eginez, horrelakoxe zerbaitera ere iritsi zen.

Are hamaika aldiz, egunetik egunera azpertzeraino ikusi dugun zuhaitz hori, pasealeku hori, paisaia hori ere, are zinez jada betiko halaxe egina dugun giza harreman horretan ere, behin betiko ezagutu uste dugun pertsona horretan ere… are jada ondo baino hobeto ezagututzat ditugun gauza, errealitate, eta pertsona horietan ere, beti zerbait izango da artean zain, artean estreinakoz ikusigabea, besteetan ez bezala, gaur lehendabiziko aldiz zabalduko zaiguna, agian errealitate beraxe gaurkoan besteetara mintzo egin zaigulako, agian guk geuk, besteetara, beste begiz ber-ikusi izateko gauza izan garelako, zeinek jakin.

Horrelako ulerkera zuen Artzek bere olerkigintzareko inspirazioaz galdegiten ziotenetan. Hori ikusita, bestela ikusi beharko genuke bere aipatu perfekzionsimoa. Perfekzionismorako duen berezko jaugina ez da soilik bere gustu edota joera pertsonaletik azaltzeko modukoa, ez; askoz harago doa eta, ikusita moduan, munduak, errealitateak, eta gizaki orok merezi duen arretak, begiruneak eta maitasunak iradokia du.

Igor Goitia

Joxan Artzeren olerkiak, azken detaileraino sakonak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude