Joxan Artzek utzitako altxorra

Joxan Artzek utzitako altxorra –

joxan artze - Joxan Artzek utzitako altxorra

Joxan Artze joan zitzaigun, gure herriko poeta, artista eta pentsalari handienetariko bat. Pena, euskal kulturatik, hein handi batean bederen, behar besteko aitorrik jaso ez izana, ez orain artean, ez eta hil ondoren ere. Aurrez aurre ezagutzerik izan ez nuen artista honen atzean pertsona handi-handi bat egon behar zen derrigor, dudarik ez. Artista zein kultura-gizon gisa utzitakoa utzita, ezin uka bere adiotik segitzen den galera itzela. Hau horrela, ezin esan espero izatekoa zatekeen tamainako aitorpenik egin zaionik inondik. Aitorpen-falta hori are handiagoa da, kasik guztizkoa, bere ekarpen espiritual/erlijiosoari dagokionean.

Bere ibilbide luzean ´Ortzia lorez, lurra izarrez´ obra inflexio-unetzat jo da beti; ordutik hara, aurrez ere berarengan ondo erneta zegoen sakontasun-bilaketak gizarte-estrukturei lotutako alienazioaren salaketaz harago egin nahi izan zuen, eta harago joanez, moral zinezko askatzaile bat aurkeztu, eta, “nitasunean” murgiltze espiritualetik abiaturik, errealitate ezin aberatsago eta azkengabeari heldu. Nolabait edo beste, konbertsio-unetzat jo genezake hau, kristautasunari helduko zioneko garai berria dugu bigarren hau. “Beat generation horren partaide izan zen poeta metafisiko, abangoardista eta konformagaitz ho nek postmodernismoaren aroan tradizioa defendatzen du, yuppien sasoian aszetika laiko bat praktikatzen eta kristautasunera itzuli da”, zioskun Amaia Iturbidek. Berean, hartaz, bi aro ondo ezberdindu egon ez zirenik ezin uka; berorrek argi eta klar aitortzen zuen azken urteotan egin izan zizkioten elkarrizketetan. Alabaina, esan beharra dago bi etapa horien artean lotura bat, konexio bat ere egon, bazegoela. Alderik alde sakontasunak zeharkatuta egon da betiro bere obra, sakontasun delako horrek egin zuen bere aurre-lana ere lehenengo etapan, kristautasunetik orduko horretan urrun bazen ere, nolabait edo besteko panteismo bat ere ikutu baitzuen. Alde horretatik, Leterenganako gertutasuna horretan ere islatzen da. Berean sakontasuna eman eta eman ibili zen beti. Bilatu eta bilatu ibili zen betiro, ez soilki bilatzeari zegokionean, bai eta bilaketa horretan baliatu zituen bide-ugaritasunari zegokionean ere; kristautasunari heldu bai, baina beti ere bilatzaile-sen aseezin horrek eskatzen zion guztiari zabalik egonik, eta denetarikoetara zabalik egote horretan, besteak beste, Ekialdeko tradizio erlijiosoetako jakinduria beretu eta bere obrara ekartzen jakin izan zuen. Bigarren etapa honetan bere hitzek formari zegokionez agian lasaitu bat hartu zuten, ez baina semantikari zegokionean, oraingoan nagusiki espiritualtasunaren mesedetan eta gizarte materialista honi kontra egite alderako ahal-eginean.

Bere konbertsio hau interesgarria zaigu, geroztik bere obran aurkituko dugun sakontasun espiritualaren originaltasuna sinestunoi zeharo aberasgarria zaigu. Hala ere, bere konbertsioaren aurretik eta ondorengo etapen arteko loturaren alde egin dut nik goian. Ez da ohikoa, badakit. Izan ere, beti azpimarratu izan da justu kontrakoa, emandako etena hain justu. Kristauok, dena den, bien arteko zubia izan beharko genuke bereziki intereseko. Goian aipatu bezala, hasieratik beretik sakontasuna, askatasunarekin loturiko sakontasuna, egon da bere obraren erdi-muinean. Argi eta garbi esan zigun 2014an Berrian egin zioten elkarrizketa luze batean. Gizakiaren bihotzean betiro dagoela zerbait azkengabea, nahiz eta arrunt sarritan horren batere kontzientziarik ez duen izaten. Absolutua hor dugu, zioskun. Nola bizi dugun da kontua, guztia absolutizatuz eta guztitzat edukiz, ala ezereza absolutizatuz eta guztitzat edukiz. Honekin loturik, eta bere bizitza-ibilbideari zegokionez, berean bertan, gazte-garaian, ikusi zuen absolutuaren joko erratua. Hala zioskun aipatutako elkarrizketan:

“Mundu hau besterik ez nuenez, absolutizatu egin nuen berau, Mundua azkengabetzat neukan, eta nire barrua lasai zegoen, ustez! Halako batean mundu honi mugak ikusi nizkion, azken bat zuela. Nire barrua konturatu zenean hori ez zela berak gose eta egarri zuen hori, hor geratu nintzen ez mundu honetarako eta ez besterako, jada mundu hau gabe eta zerurik ez. Bizitza honek ere ez zuen gehiago zentzurik niretzat. Denak huts egin zidan, azpiko lurrak kolpean alde egingo balit bezala zen. Ez bakarrik nire inguruan, nire baitan ere bai. Hilabete beltzak pasatu nituen egoera horretan. Egun batez beste zera hori usaindu nuen: argia, mugagabea… Geroztik ez nau utzi”.

Bilatzaile bat dugu hortaz Artze, aurkitu zuen bilatzaile fina. Ordutik munduari erreparatzen ere jarraituko du, bestelako begirada batez baina. Absolutuaren baitan erlatiboak zer zentzu hartzen zuen ikusten hasiko da. Belar izpi batean, harri koxkor batean, erreka batean… Jainkoaren Zera ikusiko du. Ordutik mundua askoz ederrago irudituko zaio, gauzak askoz osoagoak irudituko zaizkio. Munduan dena da misterio, zioen, dena zaigu mintzo Misterio Handiaz.

Bilatzaile handia izan genuen Artze. Etapa ezberdinak zeharkatuko zituen bilatzailea. Materialismotik hasi, panteismo kutsu handi zein txikiko bideak urratu, konbertsiozkotzat jo zuen berorrek une horretara ailegatu arte. Halaxe baloratu zuen berak, bihotz-berritze unetzat, 39 urteko zela izan zuen esperientzia hori. Geroztik Ekialdeko tradizio zenbaitetan, Upanishadetan, Taoan… espiritualtasun sakon zein mistizismoranzko baliabideak aurkitzen ahaleginduko da beti. Hala ere, konbertsio-une oso zehaztu hori ez du lotzen inondik inora jainko zehazgabe batekin, ez eta panteismo kutsuko jainko batekin topo izanarekin ere, ez; konbertsio betirako hori Kristo aurkitu izanarekin lotzen du, Jesusengan beti bila eta bila ibili zen benetako giza-askatasuna aurkitu izanarekin hain justu.

Joxan Artzek utzitako altxorra

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.