Johnny Deppek zuzendutako filma lehiaz kanpo Sail Ofizialean, eta Thierry Frémauxena Emanaldi Berezietan
Johnny Deppek zuzendutako filma lehiaz kanpo –
‘Modi-Three Days on the Wing of Madness’ Johnny Deppek zuzendutako filmak lehiaz kanpo hartuko du parte Sail Ofizialean eta Thierry Frémauxen ‘Lumière!, l’aventure continue’ sartu da Emanaldi Berezietan
Piet Baumgartnerren bigarren film luzeak eta Sylvia Le Fanuren lehenengoak biribilduko dute Donostia Zinemaldiko New Directors saila
Johnny Deppek zuzendutako bigarren film luzeak (Modi-Three Days on the Wing of Madness) lehiaz kanpo hartuko du parte Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialean, eta Thierry Frémauxen Lumière!, l’aventure continue/Lumière! The Adventure Continues dokumentala sartuko da Emanaldi Berezian sailean. Gainera, Bagger Drama Piet Baumgartnerren bigarren film luzeak eta Min Evige Sommer/My Eternal Summer Sylvia Le Fanuren estreinaldiak New Directors saila osatuko dute.
Modi – Three Days on the Wing of Madness lanarekin, Johnny Depp film-zuzendaritzara itzuli da. The Brave (1997) filmarekin egin zuen debuta errealizadore gisa, eta 2021ean, halaber, Donostia Zinemaldiak Donostia Saria eman zion bere ibilbide osoagatik. Riccardo Scamarciok Amedeo Modigliani artista bohemiarraren papera egin du Deppen pelikulan, eta Stephen Graham, Al Pacino eta Antonia Desplatek osatzen dute aktore-zerrenda nagusia. Filmak arteaz, maitasunaz eta arbuioaz hitz egiten digu, Gerra Handiak urratutako Paris hiriko kale eta tabernetan jazotako 72 ordu sutsutan oinarrituta.
Thierry Frémaux (Tullins, 1960) ?Cannesko zinema-jaialdiko ordezkari nagusia eta Lumière Institutuko zuzendaria? Donostiara itzuliko da Lumière!, l’aventure continue/Lumiere! The Adventure Continues lana aurkeztera. Lumière!, l’aventure commence/Lumière! Adventure begins (2016) filmaren jarraipena da. Film hari dagokionez, Frémauxek pasioz eta umorez murgiltzen gintuen zinemaren sortzaileen unibertsoan barrena egindako bidaia batean, 2017an Zinemaldian programatu zen eta Klasikoak sailaren abiapuntua izan zen.
Jada iragarri dugun bezala, Sail Ofizialean Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Querer telesailak ere parte hartuko du lehiaz kanpo, eta Emanaldi Berezien barnean Paula Ortizen La virgen roja/The Red Virgin film luzea eta Javier Giner eta Elena Trapék zuzendutako Yo, adicto/I, Addict telesaila sartuko dira.
New Directors sailak hamabi obra bilduko ditu
Piet Baumgartner suitzarrak (Dieterswil, 1984) Alle Werden (2011) –Locarnon aurkeztua?, Elite (2013) eta Inland (2015) film laburrak zuzendu ditu, eta 2023an zuzendu zuen bere lehen film luzea: The Driven Ones dokumentala, Züricheko zinema-jaialdian aurkeztua. Bagger Drama filmean alaba istripu batean hiltzen zaienean egonkortasuna galduko duen familia baten istorioa kontatzen zaigu.
Sylvia Le Fanu (Londres, 1990), jatorri britainiarra duen zuzendari daniarra, Min Evige Sommer / My Eternal Summer ekoizpen daniarrarekin estreinatu da film luzeen zuzendaritzan. 15 urteko neska gazte bat da protagonista, eta ama agurtzen igaro behar du uda, gaixotasun terminala izanik, familia osoa udako etxean elkarrekin egoteko azken nahia baitu amak. Le Fanuk Clermont-Ferranden, Indy Shortsen, Odensen eta beste hainbat jaialditan aurkeztu izan ditu bere film laburrak.
Bi obra hauek jada iragarritako hamar filmei gehitzen zaizkie. La guitarra flamenca de Yerai Cortés Anton Álvarez “C. Tangana” musikariak zuzendutako lehen film luzea da eta New Directors saila inauguratuko du, eta Koya Kamuraren Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho (Invierno en Sokcho) pelikulak, berriz, amaiera emango dio sailari. Hona hemen hautatutako beste filmak: David Pérez Sañudoren Azken erromantikoak (Los últimos románticos); Akaki Popkhadzeren Brûle le sang / In the Name of Blood; Belkis Bayraken Gülizar / Gulizar; Koya Kamuraren Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho; Cecilia Atán eta Valeria Pivatoren La llegada del hijo / The Arrival of the Son; Sandra Romeroren Where The Silence Passes; Sivaroj Kongsakulen Regretful at Dawn; Yongkang Tangen Stars and the Moon, eta Michael Tyburskiren Turn Me On. Hamabi film luzeek New Directors saria irabazteko aukera izango dute (50.000 euro) Argentinako, Txinako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako, Erresuma Batuko, Suitzako eta Turkiako hamahiru zinemagileren partaidetza biltzen duen sail batean.
Johnny Deppek zuzendutako filma lehiaz kanpo Sail Ofizialean, eta Thierry Frémauxena Emanaldi Berezietan