John Ford, John Ford, John Ford
John Ford –
Titularra ez da agertu, eta bakantea tokatu zait. Horregatik, gaur izango da lehenengo zutabea, eta zinema klasikoaz hitz egingo dizuet (bai, zuri-beltzez egiten zen hori, geldoa ei dena etab.). Orson Wellesi behin galdetu zizkioten bere hiru zuzendari kutunak, eta berak erantzun: “John Ford, John Ford eta John Ford”. Zer esango dizuet, arrazoia zeukan, John Ford onena baita.
John Ford westernarekin lotzen da (bakeroak etab), baina askoz harago doa. Gauza guztien gainetik, zinema egiten zuen poeta bat zen, lirismo handikoa. Aipatzekoa da Gizon isilaren musua euripean, ETk telebistan ikusi eta, hunkituta, Elioti igel artean errepikarazi zionekoa. Filmak sakonak ziren, geruzez eta argi-ilunez beteak, bere pertsonaiak bezalakoak: Liberty Vallance akatu zuen gizonako Tom Doniphon, edota The Searcherseko Ethan Edwards (John Wayne, zu zara nagusia!).
Dena dela, bat baino gehiago ez zen horretaz konturatu eta, pelikula militarrak eta patriotikoak egiten zituenez, fatxa zela zioten. Izan ere, fatxa batek salatzen ditu, McCarthysismoan, gainera, indioen exodoa (Cheyenne Autumne), arrazismoa (Sergeant Rutledge), meatzarien lan egoera (How green was our valley) edota etorkinena (The Grapes of Wrath).
Txotx honetan, mota askotako sagardoa eskaintzen dugunez, John Steinbecken obra zoragarria gomendatzen dizuet (bai, Irantzu Varelak hortik hartuko zuen izena) eta horren harira Bruce Springsteenek eginiko The Ghots of Tom Joad kanta.
Datorren hilabetera arte!
Fatxa zela ziotenek ez dute beren pelikulen ideia handirik (zuk adibide ederrak jarri dituzu).
Eta, McCarthysismoa aipatu duzularik, ezaguna da Sorgin Ehiza Hollywooden puri-purian zegoela Cecil B. DeMille-rekin izandako anekdota. Zinema-zuzendarien elkarteko bilera batean,DeMillek Joseph L.Mankiewicz komunista zela salatu eta defenestratzen saiatu zen. John Houstonek kontra egin zion lehenik De Milleri, eta gero Fordek hartu zuen hitza “John Ford dut izena eta westernak egiten ditut” hasiera aski ezagunarekin.
– “John Ford dut izena eta westernak egiten ditut. Ez dut uste areto honetan inork dakienik, Cecilek baino hobeto, zer nahi duen publiko estatubatuarrak. Baina ez zaitut atsegin, Cecil, eta ez zait gustatzen gaur hemen esaten aritu zarena. Joeri konfiantzazko boto bat ematea proposatzen dut, eta joan gaitezen gero denok etxera lo pixka bat egitera”