John Crowleyk ‘We Live in Time’ filmarekin emango dio amaiera Sail Ofizialari
John Crowleyk ‘We Live in Time’ filmarekin emango dio amaiera Sail Ofizialari –
John Crowleyk ‘We Live in Time’ filmarekin emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialari
Andrew Garfield eta Florence Pugh dira lehiaz kanpo programatutako drama erromantikoaren protagonistak
John Crowleyren film berri We Live in Timek Europan izango duen estreinaldiak amaiera emango dio, lehiaz kanpo, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialari. Andrew Garfield eta Florence Pugh dira drama erromantiko honetako protagonistak, istripu batean elkar ezagutu ondoren bizitza behin betiko aldatuko zaien bi pertsonari buruzkoa.
Crowley zinema, antzerki eta telebista-zuzendariak (Cork, 1969) InterMission (2003; Zinemaldiko New Directors Sailean sartua) filmarekin egin zuen debuta film luzean. Egile irlandarrak Boy A (2007; Andrew Garfieldekin egin zuen lan film horretan), Is Anybody There? (2008), Closed Circuit (2013), Brooklyn (2015) eta The Goldfinch (2019) lanak zuzendu zituen horren ondoren. True Detective, Modern Love eta Life After Life telesailetako zuzendari ere izan da.
Nick Paynek idatzia, We Live in Time pelikularen gidoiak Almuten (Florence Pugh) eta Tobiasen (Andrew Garfield) elkarbizitzaren uneko pasarteak eskaintzen dizkigu; euren maitasun-istorioak ibili beharko duen bidearen une guzti-guztiak baloratzen ikasiko du bikoteak.
Film luzeen aktore gisa, Andrew Garfielden lehen lanak Lions for Lambs (Robert Redford, 2007) eta Boy A (John Crowley, 2007) izan ziren. The Amazing Spider-Man frankizian Spiderman hezurmamitzeaz gain, interprete ingeles-estatubatuarrak film hauetan ere lan egin du: The Social Network (David Fincher, 2010), Silence (Martin Scorsese, 2016), Under the Silver Lake (David Robert Mitchell, 2018) eta The Eyes of Tammy Faye (Michael Showalter, 2021); interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo jaso zuen Jessica Chastainek Showalterren film horrengatik. Gainera, Garfield birritan izan da gizonezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Hacksaw Ridge (Mel Gibson, 2016) eta Tick, Tick… Boom! (Lin-Manuel Miranda, 2021) filmetan egindako lanagatik, hain justu.
Little Women (2019) filmagatik antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen Florence Pugh, eta Lady Macbeth (William Oldroyd, 2016) –bere lehen lana– izan zen bere lan garrantzitsuenetako bat (Sail Ofizialean lehiatu eta Fipresci saria irabazi zuen pelikulak Donostian). Aktore britainiarrak Midsommar (Ari Aster, 2019), The Wonder (Sebastián Lelio, 2022, Sail Ofiziala), Don’t Worry Darling (Olivia Wilde, 2022, Perlak), Black Widow (Cate Shortland, 2021), A Good Person (Zach Braff, 2023) eta Dune: Part Two (2024, Denis Villeneuve) filmetan ere parte hartu du, besteak beste.
We Live in Time filma 2025eko urtarrilaren 3an estreinatuko da Espainiako zinema-aretoetan, Beta Fiction Spainen eskutik.
SARRERAK: Kursaal 1 aretoan egingo den amaierako galarako sarrerak bihar (irailaren 3an) jarriko dira salgai, baina hilaren 20tik eskura daitezke Belodromoak irailaren 28an hartuko duen saio hirukoitzarako sarrerak: lehenik, 18:45ean, Perlak sailari amaiera emango diona, Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco filma; bigarrenik, amaierako zeremoniaren eta sari-banaketaren zuzeneko emanaldia; eta hirugarrenik, We Live in Time filmaren emankizuna.
…
WE LIVE IN TIME – JOHN CROWLEY (IRLANDA)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Erresuma Batua
Antzezleak: Andrew Garfield, Florence Pugh
Almutek eta Tobiasek ustekabeko topaketa batean ezagutuko dute elkar. Bizitza komuneko pasarteen bidez -maitemindu egingo dira, etxe bat eraikiko dute, familia bat osatuko dute, etab.- egia korapilatsu bat erakutsiko zaigu, bikotearen funtsak suntsitzeko arriskua dakarrena. Denboraren mugek desafiatzen duten bide bati ekiten dioten heinean, euren maitasun-istorioak ezohiko norabide bat hartu eta une bakoitza balioesten ikasiko dute protagonistek hamarkada batean zehar.
Pedro Almodovarrek Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan