Jazz musika, uztaileko soinu banda

Jazz Euskadi 2009
Jazz Euskadi 2009

Ameriketako Estatu Batuetako jazza, Europakoa, bossa nova, erritmo afro-kubatarrak… Atzamar trebeak piano, kontrabaxu edo gitarrak laztantzen, putz neurtuak tronpetei doinu finak ateratzen, ahots gozoak… Ezer ez da faltako. Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiak prest daude nazioarteko gorengo mailako jazz musikarien bisita jasotzeko.


Getxo Jazz, uztailaren 1etik 5era

Ohikoa den bezala, XXXIII. Getxo Jazz 2009 festibalak izen handiko musikarien emanaldiak talde gazteen lehiaketarekin tartekatuko ditu. Jaialdiko lehen saioa gaur, asteazkena, 21:30etan izango da Biotz Alai plazan, Grammy sariduna den Diane Schuur piano-jole eta abeslariaren eskutik. Eta hurrengo bost egunetan zehar, besteak beste, Omar Sosa, Michel Camilo, Spyro Gyra, Paquito D’Rivera eta Chano Rodriguez ere igoko dira Getxoko eszenatokira.

Getxoko egitaraua hementxe.

Getxo Jazz 2009
Getxo Jazz 2009


Gasteizko Jazzaldia, uztailaren 12tik 18ra

New Orleans-eko Lillian Boutté-k emango dio hasiera Gasteizko Jazzaldiaren XXXII. edizioari. The Dirty Dozen Brass Band, The Blind Boys of Alabama, Lee Konitz, Charlie Haden, Diego Amador Trio & Javier Colina… Eta jazzaldia gorengo puntuan bukatzeko, amaierako kontzertuan, Wynton Marsalis tronpeta jole handia Chano Dominguez piano-jolearekin batera entzuteko aukera izango dugu. Aurten ere ez da faltako Pat Metheny-ren seminarioa. Eta, aipatzekoa da baita, uztailaren 17an Billie Holiday-ren heriotzaren 50. urteurrena betetzen denez, omenaldi berezia antolatu dutela Madeleine Peyroux-en partaidetzarekin.

Gasteizko egitaraua hementxe.

Gasteizko Jazzaldia
Gasteizko Jazzaldia


Donostiako Jazzaldia, uztailaren 22tik 26ra

Donostiako 44. Heineken Jazzaldiak aurreko edizioek baino egun bat gutxiagoko iraupena izango du. Krisiaren eragina. Hala ere, aurreko urteetan erakutsitako maila artistikoari eutsiko diote. Antolatu duten egitarau zabaletik, Joe Lovano, Dave Dougla edo Hank Jones Trio nabarmendu ditzakegu, beste askoren artean. Baina ezin dugu ahaztu Joao Gilberto brasildar maisuak bossa nova doinu gozoak ekarriko dizkigula Donostiara.

Donostiako egitaraua hementxe.

Donostiako 44. Heineken Jazzaldia
Donostiako 44. Heineken Jazzaldia

Getxon, Gasteizen eta Donostian entzun ahal izango dugunaren aurrerapen bezala, hementxe dituzu Diane Schuur, Wynton Marsalis eta Joao Gilbertoren saio bana. Gozatu: