Izibene Oñederra: “Zabaltegik film labur bat film luze batekin batera programatzeko eta zinema autoralago baten alde egiteko erabiltzen duen formula oso interesgarria iruditzen zait ikusle gisa”

Izibene Oñederra –

“Zabaltegik film labur bat film luze batekin batera programatzeko eta zinema autoralago baten alde egiteko erabiltzen duen formula oso interesgarria iruditzen zait ikusle gisa”

‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ film laburra Zinemira sailean proiektatuko da Donostia Zinemaldian zehar.

Annecyko Zinemaldiko Sail Ofizialetik igaro eta KIMUAK 2024 katalogoan parte hartzeko hautatua izan ondoren, Izibene Oñederraren ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ animaziozko film laburra Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Sailerako aukeratua izan da. Zuzendariarekin hitz egin dugu bere lanaren nazioarteko ibilbideaz eta azken hautaketa horretaz.

Ezagutzen ez duenarentzat, zer kontatzen du ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ filmak?

Animaziozko film labur bat da, 2D marrazketa digitaletako teknikaz egindakoa. Krisi klimatiko batek eragindako kolapso baten aurrean komunitate baten parte diren pertsonen erreakzioa da.

Nondik dator lan hau sortzeko ideia?

COVID19-aren konfinamenduan egin ziren gerora animazioa izango zenaren lehen marraz-kiak.

Ibilbide garrantzitsua izaten ari da, nola estatuan, hala nazioartean. Nolakoa izan zen zuen parte-hartzea Annecyko Jaialdian?

Nazioarteko Animazio Jaialdia munduan dagoen animaziozko jaialdirik garrantzitsuena da. Oso hunkigarria izan zen gure filma halako kalitate handia duten film laburrekin lehiatzen ikustea.

Zein balorazio egiten duzue horrelako jaialdi garrantzitsu batean egin duzuen ibilbideaz?

Sortzaile gisa, aurrera ateratzea hainbeste kostatu zaizun filmak bizitza luzea izatea nahi duzu, eta ibilbide hori Annecyn hastea oso ondo hastea da.

Zer harrera izan zuen publikoaren aldetik?

Egutegi arrazoiak medio,  areto nagusian ehunka ikusleren aurrean estreinatu zen egunean ezin izan ginen egon, baina ondorengo ekitaldietan jaso genuen feedbacka zein beste areto batean egindako proiekzioa oso positiboa izan zen.

Film laburra KIMUAK 2024 katalogoaren barruan dago. Nola jaso zenuten berria?

KIMUAKen parte izatea harro egoteko modukoa da beti, badakizulako filmak zinemaldietan bere bidea aurkituko duela eta ibilbide horretan babestuta egongo dela.

Zer onura ekarri dizkio lanari?

Banaketa on bat ezinbestekoa da filma burutzeko. Proiektua garatzen hainbeste denbora eman ondoren, kaxoi batean gordeta uzteak ez du zentzurik.

Gainera, film laburra Sitgeseko Zinemaldiko Anim ‘t sailean ere egongo da. Nola baloratzen duzu albiste hau? Zer espero duzue zuek han egotetik?

Sitgesen egotea ederra da, jaialdi garrantzitsua baita eta bertaratzen direnak oso pozik daude eskaintzen zaien zinemarekin. Gure filmak fantasiazko genero distopikoa jorratzen du eta ikusiko dugu ea bat datorren zinemaldiko beste proposamenekin.

Azpimarratzekoa da irabazlea Oscar sarietarako sailkatzen dela…

Informazio hori interesgarria da, baina ez dator bat nirekin.

Donostia Zinemaldiari dagokionez, zer esan nahi du zuentzat Zinemaldiak Zabaltegirako hautatu izanak?

Zinemaldian egotea oso albiste ona da eta oso pozik gaude. Oso interesgarria iruditzen zait ikusle gisa Zabaltegik film labur bat eta film luze bat batera programatzeko eta zinema au-toralago baten aldeko apustua egiteko erabiltzen duen formula, eta oso hunkigarria da pieza propio batekin egon ahal izatea.

Zer espero duzu?

Aurreko film laburrarekin, ‘Lursaguak. Escenas de vida’, izan genuen esperientzia errepika-tuko dugu. Alde batetik, munduko jaialdi onenetako batean egoteko aukera izatea dakar, horrek ematen dizun ikusgarritasunarekin, eta, bestetik, pieza etxean erakustea, lagunen eta senideen aurrean.

Horrelako jaialdi garrantzitsu batean parte hartzeak ate berriak irekitzen lagundu dezakeela uste duzu?
Bai, nahiz badakidan gurea egile-animazioko film laburra dela, eta inoiz ezingo dela lehiatu ikusgarritasunari dagokionez fikziozko film luze batekin.

Zein ibilbide izatea espero duzue gero? Publiko orokorrarentzat eskuragarri egongo da?

Film laburraren ibilbidea pixkanaka diseinatzen joango gara, lehenik eta behin estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan izango da. Jaialdietako ibilbidea amaitzen duenean, ikusle guztientzat eskuragarriago egongo da. Dena den, EITBk eta Movistarrek erakusteko eskubideak eskuratu dituzte.

Etorkizunera begira, baduzu beste proiekturen bat esku artean? Aurreratu diezagukezu zerbait?

Oraingoz ez dut inolako proiektu zinematografikorik buruan.

Nerea Elizalde: “Go!azen’ telesailaren parte izateak izugarrizko pribilegioak eskaintzen dizkigu, hala nola Donostia Zinemaldian parte hartzearena; iaz bizitakoa ahaztezina izan zen”

Amaia Remirez: “Mugak zabaldu behar dira, beste herrialdeetatik datozen pertsonak hartzeak eta balioesteak gure gizartea aberasten baitu”

Izibene Oñederra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude