[Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner

[Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner –

[Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner

.

Hefner

“The Fidelity Wars (Too Pure, 1999)

.

[Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak HefnerNire maitalea ote zen galdetu ohi zenidan barrez. Lanetik bueltan etxera heltzen zinenean harekin topatzen ninduzula askotan. Nik ere barre egiten nuen zurekin batera, a ze tontoa, edo antzekoren bat esanda. Eta musika aparatuaren bolumena jaisten nuen, apur bat lotsatuta. Egia esan, zuk uste baino gehiagotan entzuten nuen Hefner. Gehienetan, zu itzuli baino lehentxeago bueltatu ohi nuen CDaren kaxa armairura, urduri, lapurren erara, aztarna oro desagerrarazi nahian. Are deserosoagoa zitzaidan gogoratzea zeuk aurkeztu zenidala haien musika. Zeuri esker iritsia nintzen Darren Haymanengana, eta horrek larriagotu egiten zuen traizioa. Aitortu dezadan egia: autoan ere entzuten nuen, ikastarotik bueltan. Bolumena askotxo igo behar izaten nuen azalpenezko intro xuabeak entzuteko —zorionekoak motor zaratatsuko auto zaharrak!—, eta klimax erabatekoan amaitzen nuen, ahots betean aldarrikatuz neuk ere maite nuela neskak nire ohean erretzen ikustea. Zure aurrean itxurak egiten saiatzen nintzen. Nola azaldu bihotza gelditu egiten zitzaidala “I don’t want to stay in love” esaldiaren osteko bat-bateko isiltasunean? Nola ulertarazi Darren Haymanen eta bion arteko kidetasun kosmikoa? Are gehiago, nola aditzera eman, nire zintzotasuna zure aurrean txiki-txiki eginda utzi gabe, arnasa estutu egiten zitzaidala diskoaren hasierako “one… two…one, two, three, four” entzun bitartean? Desleialtasun zitalagorik!

Zarautzera ere joan ginen, Hefnerkideak ordurako banatuak zirela, Darren Hayman beste bi musikarirekin jotzen ikustera, eta han ere adar-jotze bera egin zenuen. Isabelen maitalea ikustera etorri gara. Eta Forkiren ulertezintasunari erantzunez: etxera itzultzen naizen guztietan harekin harrapatzen dut. Barre txikia egin genuen hirurok. Eta gero, kontzertua entzun bitartean, neu izan nintzen, itxurazko axolagabekeriaz eta zirtolari, ahoa zure belarrira hurbildu eta txantxa egin behar izan zuena. Jesus, gizon hau institutu garaian ez zen ba gelako popularrena izango. Udalekuetan nahikotxotan ipiniko zioten honi hortzetako pasta begietan, lo zegoela. Une horretan “I love no one else, I love only you”-ka ari zen Darren, eta bihotza zikin sentitu nuen.

Duela aste batzuk, autoan gindoazela, Kafe Aleak libururako zer disko aukeratuko nuen galdetu zenidan. Eskua abiadura-palankara hurbildu nuen, eta bolantera itzuli nuen berehala, martxa aldatu ere gabe. Ez dakit ba. Eta isiltasun baten ostean: Hefnerren bat igual. Darren guapoaren taldea?, galdetu zenidan. Barre txikia egin nuen. Beste behin. Ze disko? Ez nago ziur. Atzerako ispilura eraman nuen begirada. The Fidelity Wars igual. Eta gero, neure baitarako: jakina.

.

Isabel Etxeberria (Donostia, 1975)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner [Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner [Kafe Aleak] Isabel Etxeberriak Hefner