20 obrak osatuko duten Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza
Irizar Saria eskuratzeko lehian arituko diren 10 euskal ekoizpenen mundu-estreinaldia –
Irizar Saria eskuratzeko lehian arituko diren hamar euskal ekoizpenen mundu-estreinaldia aurkeztuko da
- Euskal ekoizpena duten 20 film hautatu dira Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala.
- Raúl de la Fuenteren ‘Los Williams’ filmak emango dio hasiera Zinemirari, eta Carmen Chaplinen ‘Chaplin | Spirit of The Tramp’ filmak, berriz, amaiera.
- Zinemira Sariak Elena Irureta aktorearen ibilbidea aintzatetsiko du.
Guztira 20 obra -15 film luze, hiru telesail eta bi film labur- izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala.
Zinemirak -berariaz euskal zinemari eskainitako sailak- bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi mundu-estreinaldiak dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zizkie filmaren ekoizleei. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.
Raúl de la Fuentek (Iruñea, 1974) Williamstarrak / Los Williams (The Williams) ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu. De la Fuentek Publikoaren Saria irabazi zuen Un día más con vida / Another Day of Life (Perlak, 2018) filmarekin, Cannesko Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean estreinatu eta Goya saria eta Europako Zinema Akademiak animazioko film onenari emandako saria jaso zituen pelikularekin, hain zuzen ere.
Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.
Arantxa Aguirrek (Madril, 1965) –Dancing Beethoven (2016) eta beste dokumental saritu batzuen egileak- Ciento volando zuzendu du, Jone Laspiur aktoreak Eduardo Chillida eskultore donostiarraren obrari buruz kontatzen digun ez-fikzioa, nabarmentzekoa izanik 2024an Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrena dela.
Erreplika Pello Gutiérrezen (Donostia, 1979) bigarren film luzea da, bakarka zuzendutako lehena, hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.
Ernesto del Ríok (Bilbo, 1954), ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendariak 2000tik 2017ra arte, bere seigarren film luzea errealizatu du: Ezer ematen ez dizun mundu hori / Ese mundo que no te da nada / That World That Gives You Nothing. Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatzen digu egileak.
Jone Ibarretxe de la Calek (Barakaldo, 1990) Nere Falagan Martinekin (Barakaldo, 1991) zuzendu du bere lehen lana, Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) / Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe) / This Is Not Hollywood (The Unfinished Story of The Ibarretxe Brothers) filmak euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.
Miguel Alba Ricok (Madril, 1967), Nino Fontánek (Madril, 1969) eta Itziar Bernaolak (Bilbo, 1970) euren lehen zinema-lana erakutsiko digute: Los poderes de Lolo dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; La bola de cristal telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten.
Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak (Ispaster, 1990) zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.
Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know / Que se sepa, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Zuzendariak Amaia Merino (Donostia, 1970) ?Asier eta biok / Asier and Me (2013, Euskal Zinemaren Irizar Sariaren irabazlea, 2016ko The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzerabegirakoan sartua) eta Non dago Mikel / Where Is Mikel? (Zinemira, 2020, aipamen berezia jaso zuena) filmeko zuzendarietako bat? eta Ander Iriarte (Oiartzun, 1986) ?Echevarríatik Etxeberriara (2014) eta Karpeta urdinak / Blue Files (Zinemira, 2022) lanen egilea? dira. Tamara Muruetagoienaren egia-bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.
Bollain eta Pérez-Sañudo ere, lehian Irizar Saria beretzeko
Iciar Bollain (Madril, 1967) –Maixabel (2021) filmarekin Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuena- berriz izango da hautagai Soy Nevenka / I Am Nevenka filmarekin; alkatearen (Urko Olazabalek antzeztua) jazarpena salatzera ausartzea garesti aterako zitzaion zinegotzi baten benetako istorioa, Sail Ofizialean hautatua izan da Bollainen film berria. Halaber, badaki zer den Irizar Saria irabaztea David Pérez Sañudok (Bilbo, 1987), Ane / Ane Is Missing lanarekin (2020) lortu baitzuen, eta oraingoan New Directors saileko hautaketan parte hartuko du berriz bilbotarrak Azken erromantikoak lanarekin.
Alauda Ruiz de Azúa, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Izibene Oñederra, Galder Gaztelu-Urrutia eta Andrea Jaurrietaren azken lanak
Beste euskal ekoizpen batzuk ere aurkeztuko dira Zinemaldian. Cinco lobitos / Lullaby (Zinemiraren amaierako filma, 2022) filmaren zuzendaria Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) Sail Ofizialean Querer aurkeztuko digu, 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten (Nagore Aranburu) istorioa kontatzen duena. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako Marco izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana Belodromoan, lehiaz kanpo, Veneziako Orizzonti sailean egon ondoren. Izibene Oñederra zinemagileak (Azkoitia, 1979) Kimuak sailean hautatutako eta Annencyn emandako animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes) / Está por venir (y tendrá tus ojos). Julen Etxeberria (Getxo, 1974), Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia, Hirugarren paisaia / El tercer paisaje / The Third Landscape film laburrarekin lehiatuko da Nesten. Galder Gaztelu-Urrutiaren (Abadiño, 1974) film arrakastatsuaren sekuela El Hoyo 2 / The Platform 2 filmak Culinary Zinema saila itxiko du lehiaketaz kanpo. Horrez gain, Belodromoak Itziar Gómezek (Errenteria, 1964) zuzendutako Go!azen gazteentzako telesail musikalaren (EITB) hamaikagarren denboraldiaren estreinaldia ere hartuko du. Made in Spain sailean Andrea Jaurrietaren (Iruñea, 1986) Nina proiektatuko da. Ninaren protagonista (Patricia López Arnaiz) bere herrira itzuliko da hor orain omentzen duten idazle batez mendekatzeko. Ninak Kritikaren Saria jaso zuen Málagako zinema-jaialdian. Haurrentzako zinema atalean egongo da beste euskal produkzio bat: Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma. Jon Rodríguezek (Errenteria, 1991) zuzendutako Itsatsita Instagramerako telesail musikalaren bigarren denboraldia hartuko du EiTB Galak.