Iritsi dira asteburua, hotza… eta estreinaldiak!

Iritsi dira asteburua, hotza… eta estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Otsailak 23

Iritsi dira asteburua, hotza... eta estreinaldiak!

Egilea: Julen Yusta

Lady Bird

Greta Gerwing aktoreak bere lehen film luzea gidatu du, eta komedia onenaren Urrezko Globoarekin saritu dute ekoizpena. Lady Bird nerabea Kaliforniara joan da amarekin, eskolako azken urtea egitera. Berak, ordea, artista izan nahi du, eta AEBetako ekialdeko kostan bizitzea du amets. Horretarako, baina, egunerokoan jarriko dizkioten mugak gainditu beharko ditu, eta nerabezarotik heldutasunerako jauzia egin, bere kontutik. Saoirse Ronan aktore gazteak antzeztu du protagonistaren papera, eta kritika ederrak jaso ditu.

 

I, Tonya

Craig Gillespiek zuzendutako filmak Tonya Harding izotz gaineko patinatzailearen biografia kontatuko digu. 1991an salto hirukoitza lortu zuen lehenengo emakume estatubatuarra izan zen, eta hiru urte geroago, Olinpiar Jokoetan aritzeko hautagaia, Nancy Kerrigan herrikidearekin batera. Hura, baina, erasotua izan zen, eta susmo guztien arabera, Tonyaren senar ohia eta bizkarzaina zeuden erasoaren atzean. Filmeko protagonistaren papera ez ezik, ekoizpena ere bere gain hartu du Margot Robbie modako aktore estatubatuarrak, eta emakumezko aktore onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaia da. Komedia beltza dokumental faltsua bailitzan aurkeztu dute, eta kritika bikainak izan ditu Toronton estreinatu zutenetik.

 

La enfermedad del domingo

Ramon Salazar zuzendari eta gidoilariak Chiararen istorioa kontatuko digu. Zortzi urte zituela utzi zuen amak, baina 35 urte geroago, elkarrekin hamar egun igarotzeko eskatuko dio gazteak. Anabelek alaba berreskuratzeko aukera ikusiko du orduan, baina Chiarak ezkutuan gordetako asmoa azalduko dio, eta Anabelek bere bizitzako hautu garrantzitsuena egin beharko du. Bárbara Lennie eta Susi Sánchez aktoreek gorpuztu dituzte ama-alaben paperak.

 

Aus dem Nichts (En la sombra)

Katjak (Diane Kruger) senarra eta semea galduko ditu atentatu batean, eta jasandako bihozminaren eta injustiziaren ostean, mendekua bilatuko du. Fatih Akin zuzendari eta gidoilari alemaniarraren proposamenak ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren Urrezko Globoa eskuratu du, eta sari berbera jaso du beste hainbat jaialdietan ere.

 

All the Money in the World (Todo el dinero del mundo)

Zuzendari onenaren Urrezko Globoa irabazteko hautagaia izan da aurten Ridley Scott All the Money in the World filmagatik. 1973ko Italian dago girotuta lana. John Paul Gretty III gaztea bahitu egingo dute, eta amak gaztearen aitona, John Paul Gretty Sr petrolio-handikia, konbentzitu beharko du erreskatea ordain dezan. Aktore taldean Michelle Williams, Mark Wahlberg eta Christopher Plummer ageri dira, besteak beste.

 

Happy Family

Holgger Tape alemaniarraren munstroz beteriko animaziozko komedia. Wünschmann familia ez da guztiz zoriontsua, baina Emma amak ezberdintasunak alboratzeko eta elkarrekin parke tematiko batera joateko proposamena luzatuko die. Panpina batekin jolas egingo dute bertan, baina panpina Babayaga sorgina izango da, eta familiako kide guztiak munstro bilakatuko ditu: ama banpiro bat izango da, Frank aita Frankenstein, Fee alaba momia bat, eta Max semea otsoa. Lortuko ote du Wünschmann familiak, zailtasunak zailtasun, zoriontsu izatea?

Iritsi dira asteburua Iritsi dira asteburua Iritsi dira asteburua

Euskal pantailaren gunea