Irati Jimenezi erantzunez

220px-Holbein-erasmusIrati Jimenez-ek artikulu bat argitaratu zuen joan den larunbatean Garan, “Dena emakumea euskal literaturan” izenburupean. Bigarren aldia denez gai honen inguruan nik idatzitako zerbait aipatzen duena, eta bigarren aldia denez aski makur, aldrebes eta baldarki egiten duena, erantzutea erabaki dut. Ahal dela, hurrengo batean ez ditzan nik (ustez) esandakoak hain arinki eman.

Estrainekoz “Orgasmus belaunaldia” izeneko artikulu batean aipatu ninduen Jimenezek, hain justu Orgasmus liburuari bidea egin zion artikuluan: “Baina ulertu behar duzue Beñat Sarasolak berak deitu ninduela Erasmus. Zer egin behar nuen, Sarasola zuzendu? Eta gero nor, Euskaltzaindia, Koldo Izagirre, Aita Santua?” Aski harritu ninduen debaldeko aipamenak, ez nuen ulertu zertara zetorren, nik inoiz gaiari buruz idatzitako gauza bakarrean kontrakoa idatzi bainuen. Jimenezen Nora ez dakizun hori nobela argitaratu berritan iruzkina egin nion Berrian, orduan kritikak egiten bainebilen egunkarian. Iruzkinean aipatzen nuen nola Jimenezen literaturaren gaineko aurreritziei kontra egiteko balio zuen liburuak; Erasmus literaturatzat hartu zela hark ordurarte idatzitakoa, eta bere bigarren nobelak hori guztia hankaz gora ipintzen zuela.

“Ez nuen Irati Jimenezen aurreko liburua, Bat, bi, Manchester, irakurria, baina liburu hari buruzko hainbat iritzi ez oso baikor jasoak nituen: Erasmus literatura, literatura arina, estereotipatua… Azkenean, aurreiritziak aurreiritzi, gozatu ederra hartu dut liburua irakurtzen; hala bere proposamen ausart eta originalarekin, nola Jimenezek erakusten duen idazteko abileziarekin -aintzat har ezazue zati dialogatuen indarra-. Eskerrak liburuak geratzen zaizkigun.”

 Horixe idatzi nuelarik, aski harritu ninduen Jimenezi Hirudian idatzi zuena irakurtzea. Txantxa bat izango zela pentsatu nuen.

 Baina hara non hilabete batzuk beranduago Orgasmus delako liburua atera eta gauzak argiago ikusi nituen. Kontu berean tematzen jarraitzen zuela ikusi nuen, baina parafernalia handiagoaz oraingoan. Biktimismoan oinarritutako irudi operazio hutsa iruditu zitzaidan liburua. Argitalpenak edozerekin zuela erlazioa feminismoaren aldarrikapen zintzo eta erradikal batekin baino. Izan ere, lehenengo aldia baitzen entzuten nuena “Erasmus literatura” emakumezko idazleei lotutako etiketa zela, liburuaren sustatzaileek hotsandiz salatzen zuten moduan. Ez da egia; Volgako Batelariak eta beste zenbaitek (Xabier Mendiguren, Pako Aristi) etiketa hori erdi-txantxetan erabiltzen hasi zirenean, literatura mota edo belaunaldi bat deskribatzeko erabiltzen hasi ziren, eta emakumezko zein gizonezkoak sartzen ziren. Estekatutako erreferentzia horiek irakurtzea besterik ez da behar horretaz jabetzeko. Horregatik idatzi nuen nire blogean, txantxetan orduan ere, ez nuela Erasmus belaunaldikoa izan nahi (ni ere Euskal Herritik kanpo bainebilen). Jakina, emakumezkoentzako etiketa balitz soilik, absurdua litzateke nik halakorik esatea. Erasmusen kontu hartatik feminismoaren bandera ateratzea, Jimenezek Orgasmusekin egin zuen bezala, eta batez ere modu horretan ateratzea, jokaldi oportunista hutsa iruditu zitzaidan, teatro obra kaskar bat, momentuko interes editorialekin erlazio handiagoa izango zuena. Eta Jimenezek gaian tematuta jarraitzen zuenez, kritikoen Erasmus literatura erabilera zela eta sumin aski hanpatua eszenifikatzen, Orgasmusen gaineko trufazko artikulu bat idatzi nuen Argian, “Ze-neke! belaunaldia”.

 “Dena emakumea euskal literaturan” artikuluan nire aurreko blogeko testu aipatzen du Jimenezek, baina aipua gaizki sartzen du. Nahastu egiten da hiru urte beranduago Argiakoarekin. Blogekoa idatzi nuenean Volgako Batelariak Erasmus etiketarekin txantxetan zebiltzan garaiak ziren. Testuan nioena -nobela bat idatzia nuela eta zakarretara bota nuela Erasmus literaturatzat jo zitekeelako- fikziozkoa zen erabat, edo nahi bada, autofikziozkoa. Ez naiz sekula nobela bat idazten hasi ere egin. Horregatik, irrigarria baino ez zait egiten Jimenezek niri buruz “Erasmus Belaunaldiaren kontra gogor jo zuena” esatea; txantxa da agian, baina aurrekariak ikusita, kontrakoa pentsatzea dirudi logikoena. Edo ez zuen broma ulertu, edo ulertuta ere, nahieran erabili zuen bere biktimismorako erregai gehiago edukitzeko.

 Esan bezala, Jimenezek ipini duen aipua Argiako nire artikulu batetik dator, ez nire blogeko sarrera hartatik. Baiki, Orgasmus liburu haren inguruko testu ironikoa zen “Ze-neke! belaunaldia”; jakin ez nekiena zen Orgasmusen lepotik ironizatzeak euskal literaturan emakumezkoen presentzia gehiegizkoa dela uste dutenen bandoan ipintzen zintuenik zuzenean. Aipua behintzat ongi kopiatu du, baina hurrengo esaldia ipintzea ahaztu zaio nire iritzia osatzeko. Orgasmus eta bere parafernalia guztia iruditzen zitzaidana aditzera ematen nuen: “Patriarkatuaren subordinatua den feminismo mota biktimista-folklorista-enpresariala”. Agian “demagogiko” adjektiboa gehitzea ahaztu zitzaidan.

14 pentsamendu “Irati Jimenezi erantzunez”-ri buruz

  • Testuan komillak ondo ikusten ez badira, eta nire ordenagailuan bederen ez dira ondo ikusten (denak dira galdera ikur) ez dago amasemerik testua ulertuko duenik.

  • B. Sarasola 2011-11-21 13:29

    Kaixo Gotzon, mila esker abisua pasatzeagatik, ez dakit zer gertatu den formatuarekin. Uste dut konpondu dudala. Barkatu eragozpenak

  • Orain bai, eskerrik asko.

  • […] duzu” Argiak Uxue Alberdiri galdetutakoaz: Irati Jimenez: Dena emakumea euskal literaturan B. Sarasola: Irati Jimenezi erantzunez 7614 Thanks! An error […]

  • Zer dira kortxetez hasi eta amaitzen diren mezu arraro horiek? Beste nonbait artikulu honek izan duen aipu bat bada, ez dute ezertxo ere ulertzen. Hau da, non egin den aipua eta zeinek. Identifika ezin den informazioak zertarako balio du? (Nik behintzat ez dut identifikatzen, kaiku galanta izaki).

  • Xabier Gantzarain 2011-11-22 20:22

    Badakizue zer den onena? Bost erantzun hauetatik (nirearekin sei) bat bakarra ere ez dela sartzen testua aztertzera, argudioak ematera, polemikan sartzera, nahi duzuen bezala esan; alde ederra, hor goian hatzari gora hatzari behera ematea, orain 47 dauzka alde eta 17 kontra, bederatzi aldiz bidali dute Twitterrera, Facebookera ez dakit, Berrian hemerotekan dago, baina esan du inork ezer?
    Gauza handia da demokrazia.
    Barkatu, boto eskubidea esan nahi nuen.

  • Atsegin dut zure mezua, Xabier. Retwitteatuko dut facebooketik zabaldu eta gero.

  • Niri Iratiren gutuna oso interesgarria eta gogoetarako bide ematen duena iruditzu zitzaidan. Zure erantzuna, Beñat hezur-mami handirik gabekoa iruditu zait. Ongi izan!

  • Arkaitz Goikoetxea 2011-11-23 12:06

    Guztiz ados enekorekin. Zer den mamizkoa eta mamitsua, eta zer azalekoa, horixe da kontua niretzat. Iratiren artikuluak zer pentsatua ematen du, alajaina! Itaxura bezala ari zait niri esaldi bat: “emakumeoi aukera gutxi ematen zaigula eroso sentitzeko”…

  • Gaur egungo feminismo integristak ukitzen duen guztia pikutara joan oi da beti. Begira zer gertatu den, adibidez, justiziarekin eta giza-eskubideekin (gizonezkoen oinarrizko eskubideekin batik bat). Literaturarekin ez dut uste antzeko ezer gertatuko denik, dagoeneko pikondoaren putan, puntaren puntan baikeunden. Hala ere, aukera ederra, Beñat, haien kontra beldur barik egiteko. Gizonezkoei aukera gutxi ematen zaigu eroso sentitzeko (Arkaitz, hau bai, hau frogekin esanda, itaxurarekin ala itaxurarik gabe).

  • Aupa, Beñat,

    Aritzi esan diodan moduan isiltasuna gutxiespenarekin nahas litekeenez zure erantzuna ere irakurri dudala esatera nator. Eztabaidak bere lekua behar du eta ez nion leku horri zilegitasunik kendu nahi. Biekin sentitu nuen, gainera, esandakoa anekdotetara murrizteko arriskua. Esan zenuena Argian edo blogean esan zenuen garrantzitsua bada ez dakit zergatik eta nire eleberriari kritika ona egiteak ere ez dakit ze zerikusi duen nik egindako kritikekin. Erasmus literaturari buruz hitz egiten denean eta duzunean modu gaitzesgarrian egiten da eta emakume gazte batzuk agertu ginenean sortu zen etiketa, gure liburuen arteko azaleko antzekotasun ezin txiki eta inozoagoetan oinarrituta. Beti doaz errenkadan Erasmus / neska, Aritzen elkarrizketak agerian jarri zuen hori, beste behin. Nik uste dut matxismoa dariola kontuari eta zuk erabiltzen dituzun argudioei, baina eztabaida horri ekitea zaila edo ezinezkoa dela ikasi dut denborarekin, matxismoak matxistarik gabe bizirauten baitu, modu misteriotsuan. Bazina zuria beltzei buruz esaten haien kexak gizarte arrazistaren parte bezala ulertu behar direla eta biktimismo edo demagogia moduko hitzak erabiliko bazenitu haien argudioei buruz hitz egiteko, ez dakit zenbatek ez luketen arrazakeria salatuko zure hitzetan. Beltzak diodan lekuan jarri homosexualak edo etorkinak edo beste edozein kolektibo. Horixe da aitaguretasuna, emakumeei buruz hitz egiterakoan haiek adingabetzea.

    Aritzek pentsatuko du gaizto jokatu dudala. Zuk dena gaizki ulertu dudala. Batek gaizto, besteak erdi inozo, hirugarren batek manipulatzailea naizela uste izango du, laugarrenak manipulatu nautela… enpin, emakumeok milaka urteotan entzun ditugun kontuak antzekoak izan dira, edo berdinak. Eztabaidaren mamiak eta arazoak hortxe diraute, bitartean. Eta uste horretan ez nago ez bakarrik ez erratuta.

    Goraintzi,

    Irati

  • Irati, umore falta nabaria duzu.

  • Egia esan, oso gutxitan hitz egiten da feminismoaz. Askotan eta askotan hitz egiten da feminismoaren etiketaz, baina ez feminismoaren helburuez ezta jarraitzeko bideez. Hainbeste dira gaur egunean emakumearen eskubideen alde lan egiten duten mugimenduak (pikara magazine, medeak, mujeres creando de bolivia…) non amorru pixka bat ematen didan “feminismo” etiketaren erabilera erraza. Gaur egungo feminismoak “emakumeak leku guztietan agertu behar gara” leloa eta zenbait elkarrateratzetara deitzea baino zerbait gehiago izan beharko luke. Feminismo punk, queer teoria eta gaur egungo gainontzeko beste zenbait mugimendurekin nator bat. Feminismo punk-ek dio emakumea orain arte ahula, ondo hezituta, hauskorra,… izan dela. Biktimismoa dela aintzineko emakumearen berezitasun bat. Hori iruditzen zait egiten duzula, Irati, idatzitako iruzkinarekin. Biktimismo itzela. Oso tonu bortitz batekin, hori bai, baina biktimismo hutsa. Eta benetako feminismoa egin nahi badugu, argumentuak eman ditzagun, erakutsi emakumeek behar duten lekua, eta ez emakumek pairatutako patriarkatu kapitalista. Pentsa, batez ere, kapitalista dela matxista baino.

  • Nik “Erasmus” belaunaldia entzun nuen, berehala “orgasmus”, neska eder batzuk tarteko zirela jakin nuen berehala, eta eztabaidaren nondik norakoak ezagutu gabe, matxismoa iradoki zidan guzti horrek.

    Neska politak edertasun hori “ez dagokien” esparruan muturra sartzeko. Me suena. Zuzeneko erasorik ez, eta noski, “literatura arina” eta beste aditu ziren. Literatura arina gaur goizeko gauza delakoan edo….

    Iratik ironiaz erantzun zezakeen, “arinago” akaso……ez da polita zapaldu haserrea, ezta?