Irakurle galera
Irakurle galera –
Ana Urkiza, Noticias de Navarran.
Aiora Sampedro ikertzaileak euskal literatura sistema gisa aztertu du eta azken urteotako liburu produkzioak gora egin duen arren, idazle profesional gutxi dagoela azpimarratu du, hau da, idaztetik bizi diren idazleen kopurua eskuko behatzekin kontatu daitekeela.
Idaztetik bizitzea zeri deitzen diogun argitzea ondo legoke, ordea. Ausartuko nintzateke esatera, idaztetik “bakarrik” bizi diren idazleak, munduan ere, oso gutxi direla. Hau da, idatzi dutenak ematen duenetik bizi direnak. Profesionaltzat ditugun idazle gehienak, idazletzatik bizi direla esango nuke nik. Idatzi dutenak ematen duenaz gain, literaturaren sistemaren baitan sortzen diren bestelako lanak ere eginez. Hau da, itzulpenak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, kantuen letrak, hezkuntzarako material prestaketak, eskoletara bisitak, etab. Nik, honi guztiari ere, idaztetik bizitzea deituko nioke. Eta, hala ere, azpimarratuko nuke, gurean ez direla asko idaztetik bizi diren idazleak.
Sampedrok bere ikerketan hainbat arrazoi aipatzen ditu: tiradak oso txikiak direla eta irakurle kopurua apala dela gurean. Hartara, idatzitako liburuari etekin handiagoa atera behar zaio. Gehiago mugitu behar da. Inpaktu gehiago izan ditzan lortu behar da. Idazleari, idazlaritza horretan areago aritzeko eskatzen diogu. Eta idazle profesionalak horren kexu dira. Idazteaz gain egin behar duten lana izugarri luzatzen eta zabartzen baita.
Sampedrok ematen dituen kezkatzeko datuen artetik bat erreskatatu dut eta zera da: urteko liburu ekoizpenaren %35 haur eta gazte literatura dela (gaztelaniaz, badirudi, horren erdia produzitzen dela), eta irabazten dugun irakurle kopurua, ordea, ez dela Haur eta Gazte Literaturan produzitzen dugunaren tamainakoa. Beste era batera esanda: irakurleak galdu egiten ditugula adinean gorantza egiten duten heinean.
Irakurleak nola eta zergatik galtzen ditugun aztertzea litzateke, bada, jomuga. Hezkuntza euskalduna izanik, literatura produkzio maila duina eta idazleak ikastetxeetara hurbiltzen direlarik, bidean, irakurleak nola eta noiz galtzen ditugun ezagutzea.
Telefono mugikorraren garaian, irakurleak mantentzea, jada, sekulako erronka da. Irakurleak erakarri edo irabaztea, utopia.