Irailean ere bero, Adarretatik

Irailean ere bero, Adarretatik –

Gaur 8, Adarretatik jaialdiak modu paregabean agurtu zuen iraila, asteburuan zehar festibalaren seigarren edizioa Zarautzen burututa.

Irailean ere bero, AdarretatikJaialdiak uztailetik irailera aldatu zutela-eta, antolatzaileak ilusioaz baina artega ziren aurtengoari begira, festibala hasi baino lehen. Eta arrakastak zenbakitan neurtzera ohituta gauden honetan, “ezin gusturago” genituen jaialdia bukatu berritan, kantitateari baino kalitateari erreparatuta, maila bikaineko emanaldiak eta musikari eta entzuleen arteko harreman beroa erdietsi baita, eguraldi eguzkitsua eta ilargi betea lagun. Horren lekuko duzu, irakurle, flamenco-jazz doinuak jorratzen dituen Antonio Lizana trioaren jarduna jasotzen duen ondoko argazkia.

Guztira 5.000 ikus-entzule inguru gerturatu dira festibaleko zortzi zuzenekoez gozatu eta dantzatzera, eta musika estiloei dagokionean oholtza gaineko eskaintza anitza izan denez, beste horrenbeste esan daiteke publikoaz ere, adin eta jatorri ezberdineko musika zale ugari bildu baita Zarautzen, giro bikaina sortuz.

Aurtengoak utzitako aho zapore gozoarekin, antolakuntza dagoeneko hasia da lanean, Adarretatik jaialdiaren 7. edizioari begira.

Irailean ere bero, Adarretatik