Iraganera begira dagoen euskalduna. Krutwigen joankizuna

Iraganera begira dagoen euskalduna. Krutwigen joankizuna –

Iraganera begira dagoen euskalduna. Krutwigen joankizunaAurreko batean, atera nuen artikulu baten harira, Krutwigen “denboraren joankizunaren” kategoriaren gainean ideia trukaketa oso interesgarri bat izan genuen Beñat Castorenek eta biok. Nire artikuluan aipatu kategoria hori zekarren Krutwigen zita bat ikusirik, benetan ondo ulertua ote nuen delako joankizun hori galdegin zidan Beñatek. Nire testuan txertatuko zita delakoa Krutwigen Computer Shock-a Euskari-a obratik aterata nuen. Hein handi batean, arrazoia zuen Beñatek; izanez ere, orain harira ez datorren jada iragan testu horrenak, argitu beharrean, nahastu-egin zitzakeen nire azken zita horrek. Gerora, ez dakit ondo asmatuaz edo ez, foroan denboraren joankizunaren kategoriaren gainean gora eta behera aritu ginen Beñat eta biok. Kontu honi xeheago eta sakonago ekitea mereziko lukeela iruditu zitzaidan, baina orduko hartan bere horretan utzi nuen. Orain baina, berriz ere piztu zait joankizun delako kategoria krutwigiarrekiko interesa eta hortik datoz ondorengo lerro hauek.

Geldiunetxo bat eskatzen du kategoria hau ulertu nahi izateak. Izanez ere, etorkizuna, orainaldia eta iraganaldiaren bitartez ondo ere ondo azaldu-ulertuta dugula denbora uste dugu. Zertara, edo zer aportatuaz, dator bada Krutwigen “joankizuna” denboraren gaineako ulerkeran? Kategoria honen nondik norakoak ulertze aldera, goazen urratsez urrats. Hasteko eta bat, kritikoki hartzen du Krutwigek denboraren gainean askotan izan ohi dugun ulerkera, eta berorri joankizunaren kategoria eratxikitzeko beharra sentitzen du:

“Eurôpêar mundu scientifikoan, krisi berria ez da khristianismoaren agerpenarekin iristen, ez-eta protestantismoaren agerpenarekin ere. Krisi hori bereziki Physikê Berriaren berdefinitioneez gero garatzen da. Bereziki, denboraren ideari buruzko ulerkera berriarengatikan. Jakina denez, txinatar culturan eta sanskritar culturan, denboraren idea hagitz desberdina da. Beraz, lan honetan, denborari buruzko ulerkera berri hori azaltzen saiatzen gara. Euskaraz, denborari buruzko ulerkera berria honela sailka dezakegu: alde batetatikan, joankizuna (gauza objectivatuen denbora); eta, bertze aldetikan, etorkizuna (geroaldiaren denbora; gauza probabile edo possibileen denbora)” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 12. or.)

Zita honek ematen-aurreratzen digu jada denboraren gainean maiz askotan bazter utzitako ulerkera egokiago bat. Labur-labur, bi kategoria nagusi jarriko dizkigu tartean, joankizuna (“gauza objektibatuen denbora”) bateko, eta etorkizuna (“geroaldiaren denbora”) besteko. Gerora, “phisike berri” deritzon horren beharrak gorabehera, nonbait, “denbora linealaren ulerkera zaharra idea desberdin batek ordezkatu zuen”. Zergatik baina, zer dela-eta, denboraren ulerpenaren ordezkapen hau?:

“Orain arte, physikêaren interpretatione theôrikoak Newton’en, Laplace’ren eta abarren ulerkeretatikan eratortzen ziren. Alta, interpretatione theôriko horietan zenbait zailtasun agertu ziren. Ondorioz, Physikê Berriak bere elementu constitutivu nagusien oinarrizko azterketa bat egin behar izan zuen. Bereziki, causalitatearen conceptua aztertu behar izan zuen. Azkenean, azterketa horren amaieran, Physikêaren eraikin theôrikoa conservatu ahal izatekotz, denboraren definitione berri bat ezarri behar izan zen” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 67. or.)

Hortaz, esanda moduan, denboraren ulerkera lineal zaharra bazter utzi behar izan zen ezagutza-zientziaren paradigma berria nola ulerturik izan ahal izateko. Denboraren gaineko ideia berri horren arabera, lehenaldia gauza jada objektibatuen denbora dugu, eta geroaldia gauza posible eta probableen denbora.

Berez eskuartean daukagunak, jada gauzatuak, jada objektibatuak, lehenaldiarekin du lotura. Iraganaldian baina, leiho moduko bat-edo zabaltzen da, gauza posible horiek iragaziak izan dakizkigun:

“Izatez, lehenaldia nolabaiteko ate edo leiho baten bidez ematen da: objectu possibileek ate edo leiho hori gurutzatzen dutenean, objectu horiek objectivizatu egiten dira, eta eternitatearen abyssorat erortzen dira, puntu urrun batetarat” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 67. or.)

Geroaldia, aitzitik, ez da oraino, objektu posible eta probable barne hartzen dituena den aldetik, hau da, berauek objektibatu aurretikoa. Hortik hain justu Krutwigek dioen hauxe segitzen da; “Noski, humanuek leiho horretan zehar behatzen dute, eta, beraz, objectivatzen joaten diren gauzak baino ez dituzte ikusten”. Hemen baina, dator Krutwigen denborari buruzko ideia bitxi eta nagusietariko bat. Krutwigen ikusian, gizakia iraganera begira kokatua dago beti, hau da, geroaldiari bizkar emanda, geroaldia bizkarraldetik datorkiolarik: “Gauza possibile edo probabileak, oraindikan geroaldian daudenak, bizkarretikan iristen zaizkigu”. Hau ulertu ahal izateko, Beñat Castorenek baliatutako irudi-metaforari oso egoki iritizi nion; denbora ibai bat balitz, gizakia korrentearen norantzan kokaturik legoke, hau da, itsasora begira, halako moldez, non korrentea bere atzetik, bizkarretik, letorkiokeen. Irudi horren arabera, hortaz, gizakiari etortzear duen denbora hori atzetik datorkio, eta bera iraganaldiari begira dago:

“Ondorioz, denborak ez du geroaldirantz aitzinerat egiten; objectivatu ahala, denborak (gauzekin baterat) lehenaldirantz egiten du aitzinerat. Horrengatikan, behin orainaldiaren atalase hori zeharkatzen denean, denbora guregandikan gero-eta gehiago urruntzen joaten da” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 67. or.)

Denborak atzetik harrapatzen gaitu, eta behin harrapatzen gaituela, urrunduz joaten da. Urruntze hori, joate delako hori, behin “objektibazioa” egin dela gertatzen da. Objektibatua izan eta gero denbora urruntzen da. Eta urrundu ahala, nola gizakia iraganaldiari beha dagoen, urruntze delako hori objektibazioaren aurrean (aitzin) garatzen da:

“Denboraren urruntze hori objectivationearen leku horretatikan aitzin garatzen da. Beraz, euskararen ezagugarri batek ez du inor harrituko: aitzin hitzak “aurrea” adiarazten duen bezala, “zaharra” ere erran nahi du” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 67. or.)

Krutwigen esanetan, uler dezakegu hortaz aitzin (aurre) euskal hitzak antzin eta antzinatearekin (edo antzinaroa) duen lotura eta zerikusia. Denboran aitzinerat (aurrera) egin ahala, gauzak gero eta zaharragoak (antzinekoagoak eta aitzinekoagoak) dira. Geroaldikoa, behin objektibatuta, behin “geroaldi objektibatu” bilakatuta, guregandik “joatekotan” den zerbait da, eta ez “etortzekotan” den zerbait. Euskaraz “joankizuna” esan beharko genuke, zioskun Krutwigek. Aldiz, “etortzekotan” dagoena, etorkizuna, geroaldia da, eta bizkarraren gibelean dago.

Zer nola lortzen den atzetik datorkigun geroaldiak objektibatzeak eman ditzan? Zer nola lortzen den gugandik, gure bizkarretik, pasako den korrente horrek jada pilatutako objektibazioan bere sedimentu berri utz dezan? Horri dagokionean, pribilegiatu batzuen abileziaz mintzo zaigu Krutwig; beroiek, geroaldiari begirako erretrobisore moduko bat baileukaten, posiblitate horiek objektibo bilakarazten jakin izaten dute, ezen, izatez eta berez, “geroaldi objektibizatuarekin” besterekin ezin da jardun.

Iraganera begira dagoen euskalduna. Krutwigen joankizuna Iraganera begira dagoen euskalduna. Krutwigen joankizuna

Nola zaude?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude