Iparragirreren gitarra
Iparragirreren gitarra –
Gernikan dugu ikusgai, egun, Iparragirrerena zen gitarra. Kantaria hil zenetik bertara heldu arteko bidea Zestoako Danbolin herri aldizkariak argitu digu.
Badu Oskorrik kanta bat “Gitarra zahartxo bat” izena daramana: “Gitarra zahartxo bat det nik nere laguna / horrela ibiltzen da artista euskalduna, / egun batean pobre besteetan jauna / kantatzen pasatzen det nik beti eguna”. Jose Maria Iparragirrerena da letra.
Iparragirreren gitarra dugu protagonista gaurko “aztarka” honetan eta Gernikako Batzar-etxera joan denak jakingo du han dagoela erakusgai gitarra hura. Kontu honek ez luke, ordea, hona ekartzeko aparteko interesik edukiko, gure herria tartean ez balego. Eta, esan dezadan behingoz: Zestoari esker dago Iparragirreren gitarra Gernikan. Historia luze samarra da baina lagunduko al dit irakurleak bukaeraraino!
.
Iparragirre. Gaur egungo kantautoreen arbasoa kontsidera daiteke Iparragirre. Oso gazterik, 1834 inguruan, Lehen Gerra Karlistan parte hartu zuen, eta karlistek gerra galdu zutenean Frantziara pasa zen eta handik Europan zehar ibili zen, bere gitarra lagun zuela, kafe eta klubetan kantatzen. 1852 inguruan, Bilbora iritsi zen eta handik Madrilera. Hantxe abestu omen zuen lehen aldiz “Gernikako Arbola”, 1853. urtean, Café de San Luis kafetegian. Euskal Herrira itzulita, 1855ean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. 1858an Baionatik itsasontziz abiatu zen Argentinara. Han eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan. Azkenik, hango adiskide batzuen laguntzarekin, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen 1877. urtean. Sorterrian berriro, eskean ibili arren, inoren laguntzarik gabe herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Itsasoko baserri batean aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean euripean lo egin ondoren pneumoniaz hil zen arte.
Joaquin Castañeda Otermin. Iparragirre Itsasoko Zozabarro baserrian hil zenean, bi lagun omen zeuden bertan: apaiza eta Joaquin Castañeda. Gizon hori topografoa zen eta trenbidea egitera iritsi zen Goierrira eta Zumarragan jarri zen bizitzen. Bizitza osoan musika zaletasun izugarria izan zuen nonbait, eta hainbat elkarte eta musika bandaren sortzaile izan zen; besteak beste, Zumarragako banda berrantolatu zuen eta haren zuzendari izan zen. Castañeda bera bakarrik joan omen zen Iparragirreren gorpua laguntzen Zozabarrotik Urretxuko zubiraino, harik eta han zain zeuden eliztarrek hartu zuten arte. Entierroa egin eta lau ordura azaldu omen zen bere iloba Quiroga (Arabako diputatua) eta erabaki omen zuen Iparragirreren gitarra Castañedak jaso behar zuela.
.
Jose Zubiria. Elizondon jaioa 1823an, Iparragirreren lagun mina zen eta haren heriotzaren ondoren, bere oroimenaren benetako zabaltzailea izan zen eta, nola ez, Iparragirreren oinordeko espirituala. Zubiriak, begiak malkoz beteta, gitarra hura eskatu omen zion Castañedari, hura eskuetan zuela entzuleen arreta gehiago bereganatuko zuela eta. Castañedak bi baldintza jarri omen zizkion: Zubiriak bere gitarra Castañedari uztea eta Zubiria hiltzen zenean Iparragirreren gitarra atzera berriz berari itzultzea. Zubiria Durangon hil zen 1884an. Laster ziren bere etxean bi gutun edo erreklamazio, bata Castañedak bidalia, bestea Quiroga Iparragirrek. Baina… (beti dago baina bat), gitarra Zestoara zetorren.
.
Pedro Egaña. Hemen kontatzen ari garen pasadizoen garaian, 81 urteko gizona zen Egaña eta heriotza ate joka zebilkien ordurako. Baina “garai onetan” Espainiako Gorteetan diputatu eta ministro ere izana zen, beste makina bat karguren artean. Isabel II.a erreginak, jada erregetza bere semearen esku utzita zuelarik, bi aldiz bisitatu zuen Egaña Zestoan, Laranjadiko etxean, 1883 eta 1884an. Lehenengo aldian, irailaren 25eko arratsaldean, Egañak eskatuta han zegoen Jose Zubiria, eta hark “Gure Erregiñari” izeneko zortziko bat kantatu zuen eta Egañak berak erdaratu zion Isabeli. Oso pozik geratu omen zen “erregiña”, deitu omen zion Zubiriari eta Iparragirreren “Adios” (Aio, Euskal Herriari) zortzikoa kantatzeko eskatu omen zion. Pentsatzekoa da Iparragirreren gitarra izango zuela lagun Zubiriak zortziko haiek kantatzerakoan.
Handik gutxira, Jose Zubiria hiltzear zegoela, alegia, 1884ko maiatzean, Iparragirreren gitarra Pedro Egañari bidaltzeko agindua eman zuen, eta berehala bete zuten hark agindutakoa. Lehen esan dugun bezala, ordea, Castañedak eta Quirogak erreklamatu egin zuten gitarra hura. Hori dela eta, Egaña zaharraren eta Castañedaren artean zenbait gutun gurutzatzen dira. Denak oso zuzenak eta adeitsuak, elkar ulertzea nahi duten eta elkarri errespetua zor dioten bi gizalegezko jaunei dagozkienak. Laster aurkituzuten konponbidea: biek ala biek uste zuten gitarra Gernikako Batzar-etxean gorde behar zela. Eta, hala, 1884ko ekainaren 14an, Egañak Bizkaiko Diputazioari eskainizion gitarra. Eskaintza horri legezko izaera, berriz, handik dozena bat urtera, 1896an, eman zion Bizkaiko Diputazioak, Fernando Olascoaga markinar diputatuak hala eskatuta.
.