Interneten kuxkuxeatuz: Mattin eta Xalbador
Interneten kuxkuxeatuz: Mattin eta Xalbador
Egutegiak bere kapritxoak ditu eta azaro honek bi lagun min bildu ditu bere abaroan: Mattin Treku eta Fernando Aire “Xalbador”. Azaroaren 11an ehun urte bete ziren Ahetzeko bertsolaria jaio zela. Zifra borobila dela-eta, aurtengo Xilaba bere omenez antolatu dute, bi zentzuetan gainera, karteleko oinek Mattinenenak ekartzen dizkigutelako burura eta Panpili Trekuk, semeak, alegia, txapela jantzi ziolako Sustrai Colinari. Mattinek bertso asko idatzi zituen, Ahal Dena (1971, Auspoa) eta Etxe xokotik kantari (1981, Auspoa) liburuetan hainbat biltzen dira, eta asko idatzi da Mattinen gainean, esaterako, Joxe Mari Iriondok Bidegileak bilduman idatzitako liburuxka edota Berriak ateratako Irria lege zeukan Ahetzeko bertsolaria erreportaje ederra, eta, lanek azpimarratu modura, gizon alaia eta umore handikoa zela zioten ezagutu zutenek. Nik ez nuen ezagutu, baina bideo honi esker irudikatu dezaket zer jitekoa zen:
Mixel Itzainak idatzitako Xalbador (2013, Elkar) irakurtzen ari naiz. Azaroaren 7an 40 urte bete ziren Urepeleko artzainak bere omenaldian utzi gintuela, lurrean bere hainbat bertso Ezin bertzean (1969, Auspoa), Odolaren mintzoa (1976, Auspoa) edota Herria gogoan (1981, Auspoa) liburuetan gordeta badaude ere. Horietako asko aipatzen ditu Itzainak, bere lagun Xalbadorren biografia idatzi duena, hainbat arlotan hagiografiara salto egiten badu ere. Liburuak Fernando Aireren alderdi guztiak jorratzen ditu, bai bertsoari lotuak daudenak bai ez daudenak, irakurri dudan arte liburu poliedrikoa osatuz. Atalen artean, Iparraldean xutik eman zerbait saioren berri atalak atentzioa eman dit. Itzainak Xalbadorrek Ipar Euskal Herrian emaniko hainbat bertso-saioak ekartzen dizkigu, askotan Itzaina bera gai-jartzailea izanik, eta deigarria da gehienak Gabonetan eginak zirela. Hari horri tiraka, Etxauziak Xalbadorren heriotzaren urteurrenean idatzitako txiora heldu naiz. Irakurri eta ikusi dudanez, Xalbadorrez gain, euskal kulturan zeresana izan duten hainbat gizon agertzen dira. Ea nor topatzen duzuen.