Interneten kuxkuxeatuz (III): Uztaritzeko inauteriak eta Rahm, Olazabalen bidetik
Interneten kuxkuxeatuz (III): Uztaritzeko inauteriak eta Rahm, Olazabalen bidetik
2013eko maiatzean Euskal Konfederazioak France Television Frantziako kate publikoa salatu zuen euskara diskriminatzearren. Konfederazioaren aburuz “telebista publikoaren taldeak eskubide berdintasuna hausten du euskarari eman tarte ezin tipiagoagatik”. Euren berbetan, korsikarrak 95 orduko emisioa dauka urtean, alsazierak 92 ordukoa, bretoierak 65 ordukoa eta euskarak 10 orduko emisioa, ordea. Bistan da tarte askoz txikiagoa daukala euskarak telebista publikoan eta ulergarria da Konfederazioak eginiko salaketa. Berriki, Estatu Kontseiluak salaketa babestu du eta France Televisionek derrigorrez entzun beharko du Euskal Kondeferazioaren erabakia. Baina zeri eskaintzen dizkio hamar ordu hauek France Televisionek? Bada, Txirrita telesaioari, euskaraz egiten den bakarra, hiru igandeetan behin France 3k emititzen duena, erdarazko azpitituluekin, noski. Allande Boutinek aurkezle lanak egiten ditu eta gai ugari jorratu dituzte 1992tik hona. Inauterietan gaudenez, Uztaritzeko inauterien gaineko programa dakartsuet. Emisioa hasi aurretik, arestian jarritako estekan kuxkuxeatzea gomendatzen dizuet, saio benetan interesgarriak daudelako:
Joan den astean Jon Rahmek bere aurreneko torneoa irabazi zuen Estatu Batuetan, Farmers Insurance izenekoa. Golf jokalari barrikarrak 22 urte dauzka eta torneo honi esker Augustako Mastersean parte hartzeko eskubidea lortu du, apirilean jokatuko dena. San Diegoko irekia kolpe gogoangarri bati esker irabazi du Rahmek: hemezortzi metrotik zuloa ikusi eta bertan sartu zuen pilota. Maisu kolpe honi esker, Farmers Insurance irabazi duen jokalari gazteena bihurtu da, besteak beste, Tiger Woodsek, Jack Niclausek edo Txema Olazabalek irabazi duten torneoa da eta itxura guztien arabera, etorkizun oparoa izango du barikarrak golfean, beharbada Olazabalen parekoa. Albistea irakurtzean golf jokalari hondarribiarraren izena etorri zitzaidan burura eta hedabideren batean albistea eman izan banu, Olazabalen bidetik izenburua ipiniko nion, Imanol Magrok Berrian egin bezala. 80. hamarkadan Olazabalek etorkizun handiko jokalaria zirudien eta 1986ean, 20 urte zeuzkala, Gorka Arresek Argian elkarrizketatu zuen. Europako Masterra irabazi berri zuen eta, Rahm bezala, garaipenaren aparretan zegoen hondarribiarra. Elkarrizketan, besteak beste, Olazabalek “golfeko jokalariak gentelman izan behar” eta baserri kontuak kontatu zizkion Arreseri bere “euskara xamarrez”. Hemen duzue elkarrizketa osoa.
PD: Argazkia Wikipediatik eta Farmers Insurance-etik.