Iñigo Arandia: «Aldatzeko garaia zen, baina ni ez nengoen horretarako»
Iñigo Arandia –
Iratxe Muxika Karrion, berrian.
‘Kaixomaitia.eus‘ webgunea sortu zuen Iñigo Arandiak 2007. urtean; aurten, 17 urte beteta, enpresa ixtea erabaki du. Erabiltzaileek irailaren bukaerara arte izanen dute webgunea erabiltzeko aukera.
…
Harremanak sortzeko modu anitz daude munduan: aurrez aurre, pantaila bidez, gutunekin… Iñigo Arandiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1974) harremanak egiteko modu propioa sortu zuen: Kaixomaitia.eus. 17 urtez lanean aritu ondotik, enpresa ixtea erabaki du.
Oraintxe adinez nagusi egiteko bidean, eta agur, maitia?
Izan zitekeen hamazazpi egin zituen egunean ere, egia esan. Pasatu zait burutik, hemezortzira ez ailegatzearena, baina zenbaki hutsa da, azkenean. Iraun zezakeen hemezortzi urte arte, eta hogei urte arte ere bai, baina gaizki. Eta gaizki irauteko hobe da ez iraun. Ez zion inori mesederik egiten, ez niri eta ez bezeroei. Aldatzeko garaia zen, baina ni ez nengoen horretarako.
Hamazazpi urte, 20.000 izen emate, hamar milioi orriren bisita…
Euskaldunona mundu txikia da, mugatua batzuetan. Zarata asko dago, eta komunitate asko daude euskalgintzaren inguruan, baina pixka bat hortik ateratzean zaila da iristea, komunikatzea eta zabaltzea. Dena dela, gure lan hau nahiko golosoa izan da beti, esan nahi dut: sexua, harremanak, Internet… Kontu horiek nahastea beti izaten da notizia goxoa. Baina ez da hain erraza ezagutzera ematea, diru asko inbertitu behar delako, besteak beste. Hasieran nahiko azkar igo ginen, lehen bostehun erabiltzaileak lehendabiziko bi hilabetetan lortu genituen. 2007an Tinder ez zen existitzen, smartphonerik ere ez, aplikaziorik ere ez… Nahiko gauza berritzailea zen, eta euskaratik sortua izateak ematen zion beste bulkada txiki bat.
Zer eman du plataformak?
Kaixomaitia harremanak sortzeko lekua da, eta norberak erabakitzen du zein harreman eraiki. Baina webgunea ez da lagunak egiteko leku bat; lagunak topatu daitezke, eta harreman batzuek lagunak izaten buka dezakete. Baina gurea harreman afektibo eta sexualen webgunea da. Hori izan da, eta horri eman nahi izan zaio garrantzia. 2015-2016ko aldian gogoeta bat egin behar izan genuen, eta beste forma bat eman webguneari: egokitu, azkenean. Apustu bat izan zen, nik ere asko eskaini nion eta. Bloga sortu genuen, eta fokua zabaldu, batez ere harreman ez-hegemonikoak kabi zitezen. Hor sortu ziren segmentutxo batzuk: 55 urtetik gorako harremanak, harreman homosexualak, maitaleak, bikote bat baino gehiago behar dituztenak… Ekintzak eta egitasmoak sortu genituen, baita ikerketak ere, ikus zitezen nolakoak ziren Euskal Herrian harreman afektibo eta sexualak.
Euskarazko Tinderra dela, hala erraten dute.
Tinder beranduago iritsi zen [barrez]. Baina egia da bigarren bertsioa egin genuenean —2015eko gogoeta hartan— ideia batzuk hartu genituela handik. Tinder aplikazio puska bat da, oso ondo funtzionatzen du. Baina gurea webgunea da: nagusiki ordainpekoa, eta beste publiko batzuk dituena. Tinder gazteagoetan kokatzen da, gure publikoa beti izan da helduxeagoa. Tinderren adindako aplikaziorik banu gustura egongo nintzateke, baina horretarako beste buelta bat behar zuen. Ez nengoen horretan, ez ekonomikoki eta ez mentalki. Egia da, dena den, orain momentu ona dela eraberritzeko eta bigarren gogoeta bat egiteko, adimen artifizialarengatik-eta diot, oraingo baliabide guztiengatik.
Hamazazpi urteko ibilbideak izan dezake jarraipenik hala ere… Eskuak zabalik zaude jarraipena eman nahi dion edonorentzat, ezta?
Entzuteko prest, bai, baina ez diot edonori emango. Proiektu serio batek egon behar du atzean, eta konfiantza eman behar dit. Euskaltzaletasuna eta euskalduntasuna oinarri dituen proiektu bat da, eta hori hala izan dadin bermatu behar dut nik.
2007ko otsailaren 14an sortu zen Kaixomaitia, ez kasualitatez. Agurreko data ez da izanen hain erromantikoa…
Gaztea nintzen, eta halako gauzak egiten nituen. Orain ez nukeen halako data batean sortuko, baina egia da data gisa eraginkorra dela, ondo atera zen.
‘Agur, maitia’ erran ondotik, zer?
Irail amaiera bitarte webgunea bizirik mantenduko dut, eta gero, itxi. Abendura arte mantenduko dut erreleboa hartzeko eskaintza, eta, abendu bukaeran enpresa itxi eta webguneko delete botoiari emango diot.
Gaur egun, nola daude harremanak euskal herritarren artean?
Uste dut Tinderrek oso ondo funtzionatzen duela hemen. Harremanak eta harreman kontzeptuak asko zabaldu dira, eta erraz jotzen da horrelako lekuetara. Liberatuago eta normalizatuago dago.
Bertze konfinamendu bat behar al du Kaixomaitia-k indarra hartzeko?
Egia da konfinamenduan gorakada handia etorri zela, baina urte horretan bi kanpaina egin nituen Egunean behin aplikazioan, eta horregatik izan zen, batez ere.
LOTSABAKO
Harremanak sortzeko modu bat?
Umorearen bidez.Udazkenerako plan bat?
Zelatungo erromeria.Paisaia bat?
Kontxako badia.