Iñaki Segurolaren ‘Sed quia sua’: jakinduria, konbentzimendua eta pasioa

Jakinduria konbentzimendua eta pasioa –

Ez da edonori, edonoiz eta edonola gomendatzeko modukoa Iñaki Segurolaren Sed quia sua (Erein, 2020), ez horixe! Baina irakurtzen hasi eta, lehen pausoetan senti dezakeen nagia gainditu ondoren, harrapatu egiten du liburuan murgiltzera iristen den irakurlea. Edo harrapatu egin dezake behintzat.

Jakinduria konbentzimendua eta pasioa
Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Euskarak zer dioen antzematen saiatu zen Segurola liburu hau idatzi zuenean, «mintzoaren odola» aditzen. Zehatzago esateko, euskarak, gaur egungo «extinct-egoera» pobre eta kamutsera iritsi aurretik, hiztun «zintzo barrengozo» ugariren mintzaira zenean, esan ohi zuena, eta oraindik ere, lehen baino askoz joritasun gutxiagoz bada ere, esaten jarraitzen duena. Inguruko erdarek, jakintza akademikoak eta «letrakuntzak» eragindako zarataren gainetik egin zuen antzemate-saio hori, ez antzemandakoa atzeman eta «jakintza harro» bihurtuta eskaintzeko, «antzinako jakinduria jakite jatorrarekin» bat egiteko baizik.

Irakurri ahala, oso litekeena da irakurleak bat egitea egilearekin, haren prosak transmititzen duen jakinduriaren, konbentzimenduaren eta pasioaren ondorioz, hark nahi zuen lekura herrestan eramana. Gero, begiak liburutik altxatutakoan, batzuetan ados agertuko da, eta egileak begi aurrean jarri dion ikuspegia miretsiko du. Beste pasarte batzuen ondoren, aldiz, irakurleak idazleari ea benetan ari al den galdetzeko gogoa sentituko du, ala adarra jo nahi izan dion, «olgetan-benetan», irakurri duen horri, eztabaidagarri izatetik harago, oinarri gutxikoa edo, besterik gabe, zentzugabe edo burugabe iritzita. Ia ezinezkoa da Segurolak dioen guztiarekin ados egotea, eta oso zaila haren baieztapen batzuk irakurrita ez haserretzea, edo, gutxienez, egileari ohartarazpen batzuk egiteko gogoa ez sentitzea.

Hala ere, liburu erakaragarria dela esan daiteke, eta ez bakarrik idazkeragatik, baita irakurlea espero gabeko uste eta gogoetetara eramateko duen ahalmenagatik ere. Hain sakon murgilarazten du egileak irakurlea bere burutazio eta gogoetetan, non irakurleak liburuaren barrunbeetan sartuta jarraitu nahi duen, segi eta segi, amaiera arte.

Hegoak ebakitako txoria da, Segurolaren ustez -«hustez» esango luke berak-, gaur egungo euskara, extinct-tasuneraino ekarri duten askotariko galeren ondorioz. Hego-ebakitze horren errua ez dagokionari leporatzen diola uste dut nik, neurri handi batean behintzat, euskararen hegoek jasandako artazi edo labana kolpe batzuk -euskara batua, «letrakuntza», «bectsolaritza»…- gaur egungo mundu globalizatuan nahitaezkoak eta ezinbestekoak baitira, euskarak bizirik iraungo badu. Horiei uko egitea gaur egungo baserritar batentzat, izadiarekiko bat-egite ideal edo idealizatu baten izenean, traktoreari -eta, jakina, autoari, ordenagailuari, mugikorrari…- uko egitearen parekoa litzatekeela iruditzen zait. Baina, hain zuzen ere, bitxia da: neure uste eta irudipen horien aurkako Segurolaren «huste» errotikako eta gartsuetan are erakargarriagoa egin zait liburua.

Jorratzen dituen gaietan, prosaren tonuan —eta baita erabilitako hizkuntzan ere, jakina— guztiz bestelakoa den arren, Juan Larrearen Orbe (Seix Barral) gogorarazten du Sed quia sua-k. Bi kasuetan, egileak esaten eta kontatzen duenetik harago, egilearen jakinduriaren, konbentzimenduaren eta pasioaren adierazpena da liburuaren indarraren eta erakargarritasunaren oinarri nagusia.

Larrea baino erreferentzia argi, nabarmen egiaztagarriagoa da, dena den, dudarik gabe, Jorge Oteiza, eta ez da kasualitatea Segurolak behin eta berriz aipatzea Quosque tandem-en egilea Sed quia sua-n, batzuetan hark esan edo idatzitakoa gezurtatzeko eta kasik barregarri uzteko, beste batzuetan haren intuizioa laudatzeko. Marta izeneko pertsonaia batek, kazetari uruguaitarra bera, Beñat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin nobelako (Susa, 2024) pasarte batean Oteizari buruz dioenak balio lezake Segurolari buruz hitz egiteko ere: «Berezko joera izango zuen baina sinetsita nago bere sakonean morroiak egundoko sufrimenduz eramaten zuela hori guztia, pentsa lezake inork bere burua nabarmentzeko kontuak zirela horiek, bera beste guztien gainetik jartzeko joera moduko bat, eta horretan gozatu egiten zuela, baina zer nahi duzu esatea, ez dut uste gauzak hain sinpleak direnik; nik uste bere barrenean bakardade handia sentitzen zuela, ezulertu benetako bat, frustrazio bat, amorrazio bat, eta nahi dituzun -zio guztiak. Bazuen benetakotasun bat hor, egia bat; agian berea, baina egia bat finean».

Liburu bereziak baitira, izan ere, OrbeQuosque tadem zein Sed quia sua. Onak edo txarrak diren ez dakit, ez da hori kontua, baina liburu «ikaragarriak» dira hirurak, egilearekin «(h)armonia» betean «samurtzeko» bidea ematen dutenak.

Sed quia sua liburuko pasarte batzuk jaso ditut hemen, esanguratsuak eta interesgarriak, eta liburuaren nondik-norakoen berri jakiteko egokiak:

Liburuko pasarte hautatu batzuk

Oharra: kortxete edo parentesi karratuen artekoak neuk gehituak dira, irakurleari testua hobeto ulertzen laguntzeko asmoz. Ez dakit egileak onargarritzat joko lituzkeen. Ez seguru asko.

Ik lepotik gora itzegiok: hala esaten zen gure euskaran, adierazteko ezbenetan, axaletik, sentitu gabe hitzegitea, eta eskuarki bakeagatik, adiskidetzeagatik, konpontzeagatik. (13-14. or.)

Honek e-estilo [euskal estilo] horretan idatzita emango luke ondoena, baina motz gelditzen naiz ni; hau da: luzeegi, astunegi, egituratuegi. (…) Ezin dut, ezin dugu: bixi-arinetik hil-astunera amildu gara. Eskolak hondatu gaitu. (15. or.)

Ez lurra eta ez hizkuntza dira goiko ezerk sortuak, ez ezein goi-aginte edo aginpidek moldatuak. Lurrak ez du guraso ezagunik (gurasoak dituena lurraldea da) eta hizkuntzak ez du jaberik. (21. or.)

Haitzezko Hitz Hau (27. or.)

Nolanahi dela, literaturginek eta gisa bereko gogo-iturginek hitzen edo izenen gainean diotena aditurik, ohartzen gara ofizioaren jabe direla, hots, fikziogile/itxuragin edo ez-denaren-asmatzaile direla. Oharra. Gu ere ez gara guztiz fidatzekoak: gu denaren-eta-ez -denaren aditzaile gara. (74. or.)

Zera askotxoren ezaugarri edo atributu mailan ere badago a/tzeko kontrajartze bat. Epai ohizkoena da norbait «X-a dela» adieraztea (non X den ezaugarri edo atributua), baina ohartua nago jende zintzo barrengozoenak joera izan ohi duela norbait «X-tzekoa dela» adieraztekoa (non X aditzoin bat den), eta maizenik ezezka gainera. Adibidez: «ixila da») «ez da (asko) hitzegitekoa»; «baketsua da») «ez da (erraz) haserretzekoa»; «prallea da») «ez da asko edatekoa», eta holatsu. Gizamodu errea da oso -a zalea ezaugarri edo atributuetan. Beraz, e-gogo [euskal gogo] zaharra barrengozotasun ez erre/epaitzaile moduan ikusirik». (86. or.)

Ohartzen gara gogo garaikide garaile/garaitutik nekeza dela hori bere horretan aditzea. Gogo berri horrentzat (…) zerbait beti da «den-a» eta besterik ez, eta hemen e-gogo [euskal gogo] jatorretik aditzera ematen ari garena da zerbait beti dela «den-a eta ez den-a»: bietatik daukala zerbait orok, baina bere horretan eta bere egitez, ez «oraindik osoki eta seguru ez dakigulako». (142. or.)

Gaxteetan dago asunto latza. Aintzakotzat hartua izan beharra; zerbait (serioa) izan nahia: horrek ditu izorratzen bazterrak. Gaxteak DeD-ean [Denean eta ez Denean] «galdu» ez du egin nahi. Adin pixka bat behar da Dena deseraikitzeko; den-a dena dela-ko uste husteko. Ezer ez izatearen beldur soziala da. IdPot bati eutsiko dio gaxteak, eta urte batzuk beharko ditu hura bere baitarik egozteko, dela onez (argimenetik) edo dela gaiztoz (pariamenetik). Hor urte batzuk joaten dira alferrik, eta premiazkoa litzateke e-gogo [euskal gogo] zaharraren araberako DeD-aren [Denaren eta ez Denaren] gogo-zabaltzea jartzea gaxte-jendearen eredugarri, den-txo huts huxkeriazkoaren faltsutasun berenezkoari itzuri egiteko. (151-152. or.)

Oraindik ere gora gu ta gutarrak! aldarri egiten duenik badela durduzagarria egiten zait. Orain ulertzen dugu hori ezina zela lehen-lehenago ere (e-gogo [euskal gogo] jatorra atzendu aurreko garaietan). Gutartasuna edo izaite gutarra da zera bat jaioko zena ahantziz geroztik ezen, izatekotan, garena-eta-ez-garena garela. (…) Hemengo gutarkeria da españolkeria odolbero bat, ez berez bertakoa, baizik-eta Gaztelako haiz erreak ekarria. Hemengo españolismo gordinena izan da -izan zen- abertzaletasun gogor odolbero odolzaletuak bere barrunbean zeukana; zehazteagatik eta zeriburuzkoa gehitzeagatik: españa.ta.askatasuna-ko txapelokerrena euskadi.ta.askatasuna-ko txapeldunena (elkarren beharrekoak biak ere). Ipar euskal herrietan (españoltasunetik kanpora, beraz) «biba zuek!» erraiten zuen gizalege jator bat egon da («zu(ek)tarrismorik» gabea, jakina). Ene usteñoa da goragutagutarren izpirituxkan berez dagoena dela gora ni! esan-behar umekeriazko bat, eta gora gu! dela, berez, gora niek! (sic!) gainzuriturik. Funtsean, horiek denak (direnak) dira beren buruentár, Leizarraga beskoiztarrak 16. mendean biziro egoki idatzi zuen bezala. (154. or.)

FEMINISMO EZ-KIRTEN BAT

(…)

Gauzak (gauak) argi: gizona «dena» lortzeko dago: emakumea «denera-eta- ez-denera» zabaldua dago. Emakumea gehiago da (zabalean bederen), baina gizonak askoz gehiago dela dirudi. Patriarkatuaren sarrera eta gailentzea sentipentsa eta deskribasma liteke e-gogoa [euskal gogo] baitango bigarren aldaketa haunditik, honelatsu: DeD [Dena eta ez Dena] mundu berdinzale (edo, hobeki, ‘neurtu gabeko’ edo ‘ez-neurgarri’) batetik, D [Dena] mundu artesitu bezain neurtu/definitu batera.

(…)

Emakumea ez da gizakia (besterik gabe): gehiago da (zabaletik). (…) Emakumea ez da kabitzen gizakiaren definizioan. (155-59. or.)

Munduak, ordea, mundu gogo-irenduak, entzungor egin digu, zeren ulergor egiten baitio gure esan horri, eta dakeriaren salaketari. Entzungor eta ulergor: xelebrekeria poetikotzat har dezake gehienez ere da eta ez da hori. (160. or.)

Eskola ez da debaldekoa. Ordaina berekin dakar: bat jasoa, landua, ikasia bihurtzen da, eskolako erara; jakintzaz jabetzen da eta/baina jakintza jabetzen da hartaz. Jakintza garailea, eta adierazteko era ordenatu eskolatu/akademiko unibertsitatekoa. (…) Harrazoiaz —arrazoi harrotuaz— jabetzen da bat, eta ez da ordudanik inor harritzeko gauza. Ez dago hiztun eta/edo/nahiz bectsolari garaikiderik harrituko gaituenik. Ezina da. Eskola gehitxo. (168. or.)

Gainera, nik (Lizardik ez bezala) hizkuntza «larrekoa» dut maite eta ez jakite-hegoek igoa, eta gutxiago jakite-egoak ehoa. Hizkuntza naturala, hitzegitekoa, egitekoa, eta ez ideal/kontzeptuala, hotsegitekoa, egotekoa. (Larrean ibiliaz zaildu/zimeldua, ez etzauntza akademikoan egonez gizendua). Larrekoa: ez liturgia gurtzaile baten larrukoa. Hizkuntza «zibil» bat (hitz itsusi batekin esanda). (200. or.)

Beste adibide politiko bat, feminismo ez-kirtenaren sailekoa izan daitekeena. Gizona «dena»rekin lotu dugu, emakumea «dena-eta-ez-dena»rekin; eta gauzatzearekin bata eta gaitzearekin bestea (e-gogo [euskal gogo] zaharraren ispiluan). Orain garbi esateko moduan gara, gure euskarazko berrikaste/berraditze honetatik: emakumea akatsa da. Ez da gizakiaren definizioan aise laketzen; ez da espeziearen ordezkari bestebarikoa. Esanik daukagu emakumea ez dela gizakia (besterik gabe), eta orain diogu emakumea akatsa dela, eta ez hutsetik eta gabetik, baizik-eta emendailuzko koska espiritual (?) ez-definitu batetik. Eta gertatzen dena da, gertatu dena da, harrazoi harro erdal-gailenak «akatsa» txarretik eta menoxetik hartu duela beti eta harrarazi digula geuri ere, akatsaren eta akats hitzaren erakutsi ona geure baitarik bazterraraziz. Eta gezur bat osatu da beldurgarria bezain zapaltzailea, eta osoki etsigarria eta etsipenezkoa, baina etsitze txar beltzetik: emakumearen azpikotasun izatezkoaren gezurra (baina gezur erreala), haren akatsean oinarritua, akatsaren izate soberakinezkoa eta ez-definitua izateño gabeziadun eta definitu motz bilakaraziz. Horra nola e-hitz [euskal gogo] baten gorabeherek nolaz erakusten ahal diguten zeintsu diren patriarkatuaren nondik-norakoak edo haietako batzuk bederen. (205-206. or.)

Hizkuntzatik heltzen diogu guk aferari. Errealitateari buruz hizkuntzak maiz argi haundiagoa eta hobea egiten du errealitateak berak baino, zeren errealitateak bere burua eta izatea defendatzeko («gauzak hala dira») joera haunditxoa baitauka, ulertzekoa denez, eta orobat du joera atzentzeko edo ezkutatzeko hizkuntzatik eratua dela, aldez behintzat. (217. or.)

Hizkuntzari berari entzutea aldezten da hemen, profetakeriak utzita. Halaxe ari da egiten (ustez, asmoz: free will, asmo askez) 21. mendeko belarridun desprofeta xume olgetan-benetango hau. (242. or.)

Txirritak behin aitatu zuen «bertsuen almazena», berea. Benetan ari bazen, ez zen ondo ari. Hura ez, baina gaurko bectsolari ikasia ari da «almazenetik»; gauza ikasien biltegitik eta jakintzaren gorpua datzan hiltegitik. Bectsolaria dioenak beste edozein gogo garaikide eskolatu/menderatu dio. Ezjakin falta izugarria etorri zaigu: eskuratu, hezi eta menderatu gabeko ahotsik ez, geure kartzelatze eskolatu/hesolatu/desolatu honetatik aterako gaituenik. (280. or.)

Gogo garaikide nagusiaren araberako despentsaera batek erabakitzen baitu zer den berezko mundua eta zer den irudizko mundua. Norbaitek «gibela daukala (ona)» esatea irudizko esate bat litzateke eta «patxada» adieraziko luke; «odola berotzea» aztoratzea edo haserretzea litzateke irudizko zentzu batean; «bihotzondokoa», aldiz, atsekabea edo inarrosaldi bortitza. Gogo gogaitua antzinako jakinduria jakite jatorraren galerarekin sortzen da mundura, ahantzirik, adibidez (ezin konta ahala adibideren artetik) gibel onak dakarrela egonarri eder bat, odola berotu egiten dela «benetan», edo bihotzondoan (nahiago baldin bada, «perikardioan» ere sentitzen dela bihozmina. Hiztegi oro da, agerian edo ezkutuagoan, hiztegi entziklopediko bat: oharkabeko mundu-antolaera jakinagintzaile bat.(284. or.)

E-gogoaren [Euskal gogoaren] galera extinct-tasunerainokoarekin, samaldaka ikusten ditugu e-hitzak [euskal hitzak] MH nagusiaren araberako definizioaren eskortan sartzen (eta, beraz, hilozten edo hilgogortzen).

Horri deitzen diote maiz aditu gogo-galduek hizkuntzaren eguneratze edo noranahikotzea. Esan beharrik e dago neretzat «nolanahikotzea» dela funtsean. Nik ulertzen ditu; ni ez naute ulertzen haiek. (294. or.)

Iñaki Segurola, Sed quia sua (Erein, 2020)

Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa  Jakinduria konbentzimendua eta pasioa

Zer duzu buruan “Iñaki Segurolaren ‘Sed quia sua’: jakinduria, konbentzimendua eta pasioa”-ri buruz

  • Igor Goitia Mora segundu batzuk

    Mila esker, Juan
    Asko gustatu zait, egia esan.
    Gainera, eta hau nire interpretazioa da, jakinda, berarekin euskara batua zela eta ez zela, behin baino gehiagotan eztabaidatxoren bat izanda zarela…oso-oso estimatzekoa zugandik etorrita.
    Ondo izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude