Sautrela 409, Iñaki Irasizabal, Literaturia eta Saturno
Iñaki Irasizabal idazle oparoa dugu azkeneko hamar urteetan. Mende hasierarekin argitaratzen hasi zenetik azkeneko nobela da Aita gurea, aste honetan protagonista izango duguna. Nobela beltzean zaildutako autorea dugu Irasizabal, eta liburu berria ez da salbuespen. Enpresa baten salerosketa eta oinordetza baten arteko gatazka du oinarri, gaur egunean eta Bizkaian kokatutako eleberri horrek. Pertsonaia askotarikoak biltzen dira kontakizunean: enpresa gizonak, yonkiak, gerenteak, Down sindromea duen haur bat… Estilo bizi eta euskara aratzez idatzia, ekintzaz josiriko kontakizuna bilbatu du Irasizabalek. Harekin mintzatuko gara aste honetako saioaren zati nagusian.
Erreportajearen ohiko lekuan, pieza berezi bat eskainiko dizuegu primizian. Hilaren bukaeran Literaturia jaialdia egingo da Zarautzen, eta haren harira ekoitzitako laburmetraia eder bat eskainiko dizuegu. Ander Lipus aktorearekin, Bertol Arrietaren gidoiarekin eta Juanfe Garcesen errealizazio eta zuzendaritzapean egindako pieza dugu.
Azkenik, saioa amaitzeko, Beñat Sarasolak Arantxa Urretabizkaiaren nobela bat izango du hizpide, 1987an plazaratu zuen Saturno. Ia hiru hamarkada ondoren gaur egundik nola irakurtzen den azalduko digu Sarasolak.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen