Imanol Galfarsorok “In The Court Of The Crimson King” (Kafe Aleak)

Imanol Galfarsorok “In The Court Of The Crimson King” (Kafe Aleak)

7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL.

King Crimson

“In The Court Of The Crimson King” (E. G. / Island, 1967)

.

Askatasuna alienazioa da!

.
-I-
Imanol Galfarsorok "In The Court Of The Crimson King" (Kafe Aleak)

In the Court of the Crimson King Lp-a (1969) King Crimson talde britainiarrak atera zuen lehenengoa izan zen. Geroztik hamahiru bat album kaleratu zituen eta zuzenean grabatutako beste hogeita bost bat, konpilazioak eta singleak kontatu gabe. Baina izan, lehen disko hau da, inolako zalantzarik gabe, King Crimsonen behin betiko klasiko bat-batekoa. Jazza, inprobisazioa eta musika klasiko edo sinfonikoarekin nahastutako rock progresibotzat hartzen da, eta adituen arabera, rock sinfoniko-progresiboaren eredu nagusienetarikoa da gaur egun ere; hain nagusia non CDaren bertsio berria bermasterizatu egin baitzen albumaren 40. urtemuga ospatzeko, eta 2010ean edizio berri bat aurkeztu baitzuten, biniloan.

Merkantziaren fetitxeak fetitxe, disko mitiko honetan zehar barreiatzen diren tentsio dialektikoak dira interesgarriak. Horrela, musikari dagokionez, tentsio horiek melodien eta armonien kontraste zein gora-beheretan azaleratzen dira, entzulearen emozioak hala hemen soinuen apurketa erritmikoz arras lehertzen dituztenak, nola han lasaitasun geldoz arras baretzen…

Guri, hala ere, kantuen letrak interesatzen zaizkigu gehiago. Kantuen gaietan eta hitzetan, hain zuzen ere, bereizketa nagusia etorkizuna saihestu nahi duen oraina eta iraganaren artean sortzen da. Bereizketa edo marra nagusia, hain zuzen ere, etorkizuneko XXI. mendeko gizon eskizoideari eskainitako lehen kantua eta beste gainontzeko (azpi)kantu guzien artean sortzen da. “XXI. Mendeko Gizon Eskizoidea” kantuan:

[Hasteko] neurozirujauak oihuka dabiltza paranoiaren pozoi-atarian. [Gero] gizon diru-egarriak heriotza erein du itsu; poetek, aldiz, gose diraute; haurrek odol-isur. [Eta azkenik] odol-askak, alanbradak: politikarien hil-egurketak, napalm suak errugabeak ditu bortxatzen.

King Crimsonen lehen diskoaren lehen kantu honetan, gizarte garaikideko benetako mundu errealaren amesgaiztoen deskribapena agertzen zaigu: materialismoaren garaipena Vs espirituaren heriotza, filisteismo anti-estetikoa Vs poesiaren ezintasuna, haur inozentziaren bortxa Vs politikari helduen zinismoa… Vietnamgo gerra… eromena …

Ondorioz, ez da harritzekoa gero beste kantu guzien imaginarioek modu bateko edo besteko fantasiazko erregresio mistifikatzaileetan murgiltzeko joera erakustea, benetako munduaren zatar eta egonezari ihesa proposatuz.

Alde batetik, horrela, bigarren eta hirugarren kantuetan hainbat testuinguru distopikoren giroak aipatzen zaizkigu, nahastean oinarrituak oro. Adibidez, bigarrenean, “Haizearekin hitz egiten dut” kantuan, zera esaten zaigu:

“Kanpoan nago barrura begira, nahaste handia, desilusioa nire inguruan”.

Hirugarrena “Epitafio” deitzen da, beste klasiko bat, eta Arrazoirik gabeko ibilaldia zein Bihar eta bihar azpi-zatietan banatzen da. Bertan, zera esaten zaigu:

“Jakintza lagun hilkorra da. Nehor ez badago araurik ezartzeko, gizakideen patua kirten burugabekoen eskuetan dago. Haizeari hitz egiten diot, hitzak haizeak daramatza eta ez du entzuten, ezin du entzun.”

Eta gero berriro:

“Nahastea izango da nire epitafioa, lau hankatan nabil bidezidor zatikatu eta apurtuan. Lortzen badugu lasaituko gara eta denok egingo dugu barre, baina beldur naiz (ez dela horrela izango eta) bihar negar egingo dudala.”

Beste aldetik, berriz, lasaitasuna, xalotasuna eta bake bedeinkatuaren zentzua dugu diskoaren bigarren aldean zeharo nagusituko dena. Horrela, “Ilargi haurra” kantua, diskoko laugarrena, natura eta kulturaren arteko elkartze harmoniatsuaz barren-blaitzen da. Bidenabar, ondo banatutako bi azpi-zati eskaintzen ditu: Ametsa (hitzak) eta Ilusioa (soinua bakarrik, esperimental modukoa). Natur-utopiaren amets giroan, hain zuzen ere, erreka bazterrean dago neskatxa, zuhaitzekin hitz egiten, iturri ondoan gautxoriekin solasean mendi gaineko eguzkiaren zain, loreak batzen, oihartzunekin jolasean, haizean marinel, Esne Bidean barrena, egunsentiko mamuekin ezkutaketan, eguzkiari harriak botatzen… Izan ere, Eguzki mutikoaren irribarrearen zain dago Ilargi neska.

Gero, azken kantua dugu, bosgarrena eta ezagunena: “Crimson Erregearen Gortea”. Bertan Su Sorginaren Itzulera eta Txotxongiloen Dantza azpi-atalak tartekatzen dira gazteluko giro handientsu eta surreal-hodeitsuan: txotxongiloak dantzan, kartzelako ilargi-kate herdoiltsuak eguzkiak deuseztatuak, zaldunen torneoa, gaita-jole moreak, abesbatza sehaska kantutan, erregina beltza hileta-kantutan, hiriko atezaina ametsak oztopatzen erromesen atarian, tronpetak su-sorgina deitzen, lorezaina, malabarista, orkestra, jakintsu onberak, trufari irribera barrezka txotxongiloen dantzez…

Badirudi Errege Gorriaren Gortea jauna eta esklaboaren dialektika menperatzailetik at dagoela ere, zenbait hierarkiaren apurtze eta iraultze inauteri-antzekoa nabaria delarik.

Laburtuz, King Crimson taldeak plazaratu zuen lehen diskoa tentsio nagusi baten inguruan ardaztu eta antolatua da. Alde batera, Errealitatea dago, lehen kantuaren materialismoa, filisteismoa, zinismoa eta gerraren nagusigoarekin gauzatzen dena are, ondorioz, espiritualitatearen, poesiaren eta inozentziaren eremuak zeharo baztertuz. Beste aldera, ihes egiteko fantasia-ren eremu imaginarioak daude, eko-mistizismo natur-maitalez, historizismo magiko Merlindar modukoaz eta psikodelia koloredun kaleidoskopikoz ematen zaiguna.

Zalantzarik ez, fantasiazko erantzun ihes egile hauek momentu zehatz bateko informazio zehatza ematen digute (hippy mugimendua, 68ko Maiatza, gerra inperialisten aurkako protestak…). Modu berean, hala ere, ordaindu beharreko prezioaz ere zerbait esaten zaigu, zeina diskoaren karatulan ondo asko sinbolizatu, ilustratu eta erakusten baita. Bertan, gizakide eskizoidearen predikamendu dramatikoa oso grafikoki eskaintzen zaigu…

.

.

-II-

Eromenari buruz ari garen puntu zehatz honetan, zer esanik ez, subjektuaren sorrera eta sozializazioaren teoria psikoanalitikoaren erreferentziari eusteko aukera ematen zaigu.

Eromenaren erreferentziak, hain zuzen ere, indibiduoaren eta eremu kolektiboaren arteko harreman zein dialektika paradoxalaren neurria ematen digu. Beste hitz batzuetan esanda, modernitatearen filosofia klasikoan giza-kontratu edo kontratu sozialaren beharraz jabetzen gara. Giza-kontratuak zera espezifikatzen du: alde batetik subjektua dago eta beste aldetik komunitatea dago. Ondorioz: subjektua komunitatean onartua izateak eta parte hartzeak aukera indartu edo behartuaren egitura du.

Izan ere, arazoa edo paradoxa zera da: bere komunitatea askatasunez aukeratzeko gauza omen den subjektu indibiduala aukera hori egin aurretik ez da existitzen subjektu bezala. Hau da: subjektua aukera hori burutuz eratzen da. Bestela esanda: subjektuak bere komunitatea libreki onartzea (kontratu soziala) aukera paradoxala da, izan ere, subjektuak aukera zuzena burutzen duen neurrian baitu, soilik eta bakarrik, aukeratzeko askatasuna gordetzen.

Alderantziz, komunitatean subjektu izateko aukera (indartua) duenak, komunitatearen edo kolektibitatearen bestea aukeratzen badu -hau da: gizakide indibidual gisa, komunitaterik gabeko askatasun indibidual errotikoa aukeratzen badu, hain zuzen ere- orduan kolektibitatetik isolamendua aukeratuz zer eta psikosia aukeratzen du.

Oinarri-oinarrian, beraz: Askatasuna alienazioa da. Askatasun absolutuak giza-oinarriari eta giza-loturari ezezkoa ematen dio. Beste gainontzeko konpromiso zein giza-kontratuek komunitatearekin, erlijioarekin, nazioarekin, leinuarekin, familiarekin…baita indibidualtasunaren santutasunarekin ere…askatasuna konprometitzen dute.

Zentzu honetan Jacques Lacanen ondorengo tesi hau zeharo ulergarria da: “eroa da giza aske bakarra”. Zoroa aukera indartuaren tranpan erori ez den subjektua da. Eroak, beraren eta komunitatearen arteko lotura aurpegiratzeko momentuan, aukeraren posibilitatea serioski hartu eta giza-kontratuaren kontra egiten du.

Beraz, bukatzeko, XXI. mendeko gizon-eskizoidea ez da guztiz psikosiaren kategoria horretan sartzen. XXI. mendeko gizon-eskizoidea ez da inolaz ere psikotikoa. Gaztea izan zenean errebeldea izango zen akaso, eta garaiko gizartearen nolakotasunak ikusita komunitate alternatiboak imajinatzen pasatuko zuten gaztaroa. Baina imajinatzen zuten askatasuna ez zen guztiz librea izan, hau da, ez zen batere eroa izan! Ezta gutxiago ere!

Noski, gero denborarekin, XXI. mendeko gizon-eskizoide hauek guziak guraso modeliko bihurtu ziren. Beñat Sarasolak poema ezagun batean aipatu bezala, are eta gehiago, beren seme-alabekin erretzen zituzten txirriak bezainbat enrollatuak omen ziren, Euskal Herrian bertan! Beren gurasoen belaunaldikoei gaztaroan nolabaiteko momentu heroikoa bizitzea tokatu izan zitzaielako errelatu onartu qua kontu xelebrea aintzat hartuz; hala ere, Sarasola ez zen gauza inportante pare batez jabetu bere irakurketa erretrospektiboan.

Lehena, noski, horren enrollatuak izanik, aita akabatzerik izan ez zutelako aipamenari dago lotuta, aipamen hori, hain zuzen ere, beste azpi-belaundaldi mitiko baten esperientzia apurtzailearekin laburzirkuitatzen baitu: Euskal Rock Erradikaleko belaunaldiarekin, alegia; aita akabatzeko gauza zirela eta guzti uste izan zuten amagainkale gizagaixo histerikoen belaunaldia! Barrikada, Hertzainak, Zarama…Drogas, Gari, Moso… ai ene, zenbat itzuli bizitzak ematen dituenak!

Eta bigarren hutsa, ondorengo galdera-erantzun hauetan azal daiteke: baina, azken finean, zein demontre da XXI. mendeko guraso eskizoide zaharkitu hauen grazia bedeinkatua? Batzuek kamiseta laranjak jantzi eta Lizasoko komuna new age batera joan zirela? Beste batzuk, autonomo antikapitalista komandoko zenbait, esate baterako, Skinnerren teosofia profesatzera pasatu zirela? Beste batzuek, troskoek eta maoek, betiere majoak zera bainoago, betiere, noski, demokrata erradikal-partehartzaile, Jaurlaritzako kultur-aholkularitza lanak egiten bukatu zutela? Edo beste batzuk, Gora Euskadi Gorria paretetan pintatzen zuten Euskadiko Ezkerreko aurrerakoien arteko aurrerakoienek, hain zuzen ere, Donostijako bulebarrean kaputxinoak edaten zituztela, alkoholik gabeko garagardoak oraindik asmatzeke zeudenean?…

Hortaz, zeri buruz zigun Sarasolaren poema kexatiak konbentzitu nahi? Beraien gaztaroko narratiba heroikoekin, ganorazko guraso izateari uko egin dioten belaunaldi zaharreko burges txiki hauek guziak, belaunaldi gazteak engainatzeko gauza izan direla? Edo, nolako egurra halako ezpala, belaunaldi gazteak pozik asko utzi zutela beraien buruak engainatzera?

Ez, barkatu, ezin daiteke errebeldea eta irreberentea izan eta era berean eroa, librea!

.

Imanol Galfarsoro (Aretxabaleta, 1960) pentsalaria

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

Imanol Galfarsorok / Imanol Galfarsorok / Imanol Galfarsorok / Imanol GalfarsorokImanol Galfarsorok / Imanol Galfarsorok