Imanol Agirre: «Kulturgune handietan euskaldunok aste barruan jarriko gaituzte, baina asteburuan ez»

Imanol Agirre –

Iñigo Astizek Berria egunkarian.

Bihar hasiko da hamargarren Loraldia jaialdia [herenegun], Bilbon, eta Agirrek hamarkada horretan ikusitako argi-itzalak azaldu dizkio BERRIAri.

Imanol Agirre: «Kulturgune handietan euskaldunok aste barruan jarriko gaituzte, baina asteburuan ez»
ARITZ LOIOLA/ FOKU

«Euskal sorkuntza lehen mailan jartzea da gure helburua, euskarari inoiz onartu ez zaion kategorian». Hori zen lehen titular posiblea. Berezkoa baitu baikortasuna Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoak (Bilbo, 1960). Baina babes-oskol lanak ere egiten baitizkio batzuetan. Hamar urte daramatza euskal kulturari eskainitako festibala gidatzen. Bilbon beti. Udaberrian beti. Lau eguneko programa batekin abiatu ziren, eta hogei eguneko egitaraua izango du aurten, 230.000 euroko aurrekontuarekin, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bihar hasi eta martxoaren 23ra bitartean. Amesten zutena dute eskura, gutxi gorabehera. Baina haren hitzetan igar daiteke urte hauetan guztietan pixka bat haize kontra aritu behar izanak eragindako nekea ere, tarteka baikortasuna arrakalatu eta tanta garratz batzuk ere uzten dituena. Eta, beraz, honako hau ere izan zitekeen beste lerroburua: «Kulturgune handiek nahiago dute Madrilgo konpainia bat gu baino».

Iraunkortasuna bermatu duzuela esan zenuen aurtengo jaialdiaren aurkezpenean. Hamar urte behar izan dituzue horra heltzeko.

Erronka zaila zen, ze jaialdi guztiak egiten dira udazkenean. Eta hori da diru laguntzen logika ere hala eraikita dagoelako. Eusko Jaurlaritzak eskatzen dizu proiektua urte hasieran aurkezteko, haiek aztertzen dute, eta udan jakinarazten dute erabakia. Horregatik kontzentratzen zen dena udazkenean. Eta guk lehen urtean esan genuen gure asmoa zela udaberrian egitea, egoera hori konpentsatzeko.

Erakundeekin hitzarmenak lortzea izan da, beraz, iraunkortasun horretarako gakoa.

Hori da. Bizkaiko Aldundiarekin lortu genuen lehen hitzarmena, eta, horrez gainera, bestelako ekintza batzuk ere laguntzen ditu. Bilboko Udalarekin urteak pasa behar izan ziren hitzarmen hori finkatzeko. Hasieran, Bilbo Ekintzak departamentuan geunden; gero, Kulturan egon ginen; eta, orain, Euskara sailean gaude. Eta orain bai, denok dakigu zeri buruz ari garen. Eta Eusko Jaurlaritza izan da hitzarmena sinatu duen azkena, azken urteetan. Lehentasuna duten jaialdien artean sartu dute Loraldia. Hor finkatu da, eta, beraz, urte hasieran badakigu zer izango dugun. Udazkenean egiten dugu, horri esker, hurrengo urte osorako plana, ez bakarrik festibalarena.

Babes maila egokia da hori?

Bai. Baina horrekin bakarrik ez da heltzen, eta beste finantzabide batzuk ere lortu behar ditugu. Jaialdiaren sarrerak, Laboral Kutxa ere hor dago, eta beste batzuk aztertzen ari gara.

Uste duzu jaialdia euskara hutsez egiteak eragina izan duela erakundeen onarpen berantiar horretan?

Zaila da hori esatea. Argi dagoena da haiek beste mota bateko proposamenak lehenesten dituztela. Are gehiago, guk esan dugu guk ez dugula Euskara sailean egon nahi. Mila bider esan dugu hori. Guk ez dugu ulertzen euskara departamentu bat egoterik, guretzat guztiz transbertsala baita, eta, Bilbori dagokionez, hiriaren diseinuaren parte izan beharko luke. Beste departamentuetan egosten da hori, eta gu, euskaldunok, hor ez gaude. Erabakiak hartzen diren tokietan egon behar dugu, eta ez gaude. Egia da Bilboko Udalak eta beste erakundeek jaialdiaren ideia oso ondo hartu dutela hasieratik. Ideia moduan, bai. Baina kostatu da gauzatzea. Euskaraz delako? Hori ezin da esan.

Guk ez dugu ulertzen euskara departamentu bat egoterik, guretzat guztiz transbertsala baita, eta, Bilbori dagokionez, hiriaren diseinuaren parte izan beharko luke.

Euskara eta Bilbo dira jaialdiaren ardatza. Kritiko hitz egin zenuen aurtengo jaialdiaren aurkezpenean euskarak Bilbon duen lekuaz.

Guk festibal bat egiten dugu. Festibala beti da festibal bat: su festak hiru astez. Baina falta da hiria diseinatzea euskaraz eta euskaratik. Eragile asko behar dira, eta indar handia behar da honi buelta emateko.

Eta indar hori ez dago.

Ez dago inondik inora.

‘EUSKARA BIHAR’ JARDUNALDIAK BERTAN BEHERA

Gaur zen hastekoa Loraldia jaialdia, berez, Bira aretoan. Jon Sarasuak gidatuta, euskarari buruz gogoeta egiteko hiru hitzaldi antolatu zituen jaialdiak. Gaurkoa zen lehena eta martxoaren 11n eta 18an ziren hurrengoak, baina bertan behera geratu dira guztiak. Horregatik, biharkoa izango da jaialdiko lehen emanaldia: Sustraien Matxinada. Garikoitz Mendizabal, Gorka Hermosa, Leire Bilbao, Nerea Arrien eta Toti Martinez de Lezea elkartuko dira Bidebarrietako oholtzan, 19:00etan.

Jaialdiaren hirugarren urtean asmatu zenuten lorazain figura, eta, egun, 2.000 inguru pertsonak osatzen dute Loraldia babesten dutenen komunitate hori. Hori zen zuen kalkulua?

Gehiago nahi dugu. Hasiera-hasieratik beti esan dugu anbiziotsuak izango ginela, eta horrekin jarraitzen dugu. Komunitate bat osatu nahi genuen 4.000 lorazainekin. 2.000ra heldu gara, eta bagoaz pixkanaka aurrera. Nahiko jende heldua da komunitate horretakoa, eta, batez ere, emakumeak. Baina ari gara beste komunitate bat ere sortzen, oraindik txikia dena, baina hor dagoena, eta hori da gazteena. 18-29 urte arteko jendearentzat sortu ditugu Sormen Ola, Udako Ola, Bidean Bide eta beste hainbat programa. Apalak dira, baina komunitate polita ari da sortzen hor. Oso esperientzia polita da.

Badu Loraldiak berezko joera bat Ez Dok Amairuren inguruko figurekiko, baita Pott Bandaren inguruko sortzaileekiko ere. Hori da zure sinadura?

Dudarik gabe. Ni historia honetan nago, hain zuzen, gaztetan Ikimilikiliklik ikusi nuelako. 16 urterekin ni joan nintzen Ondarroara, auto-stop eginez, oraindik euskalduna ez nintzela. Sartu nintzen teatro batean, eta flipatu egin nuen. 1976an, orduan ikus zitekeenik eta gauzarik abangoardistena ikusi nuen. Proiektoreak, poesia toki guztietan, gitarrak… Erabat sorginduta geratu nintzen. Eta, jakina, Ikimilikiliklik egingo dugu. Bidean dago. Pentsatzen dut altxatzea lortuko dugula.

Eta zuk bizi izandako hura beste batzuei sorraraztea da, beraz, zure helburua Loraldiarekin.

Izpiritu hori berreskuratu nahi dugu.

Eta sentitu duzu inoiz baietz, lortu duzuela lilura hori piztea?

Iaz gertatu zen halako gertakari fundazional bat, Formol laborategiaren Album antzezlanarekin. Gazte talde batzuengan ikusi nuen harridura eta lilura hori. Hori izan da bat. Eta horrelakoak egon dira. Oholtza emanaldiarekin ere izan zen halako zerbait [Beñat Krolem artistaren instalazioak eta Jon Martin eta Oihana Iguaran bertsolarien bat-bateko bertsoak uztartzen zituen saio hark]. Oso-oso proposamen garaikidea zen. Eta, iaz, Mauriziak ez zuen inor hil emanaldian ere ikusi nituen gazte eta ez hain gazte batzuk flipatu zutenak. Lortu dugu hainbat kasutan. Eta, noski, pertsona bakoitzak dauzka bere erreferentziak eta liluratzeko moduak, baina nik hori ikusi dut gertatzen. Oso pozik nago.

Eta kuantitatiboki 10.000 ikusleren langan dabil jaialdia. Bada zerbait hori.

Ez, ez da asko. Bilbon 300.000 biztanle baino gehiago daude, eta erdiak gara euskaldunak edo euskara ulertzeko gai: 150.000 pertsona. Nola heldu haiengana? Daukagun indar txikiarekin kostatu egiten da.

Gehiago nahi zenuke.

Bai. Ni oso kritikoa naiz balantze guztietan. Oso gutxi iruditzen zait.

Eta zerk egiten du huts?

Oso konplexua da, baina argi dago hizkuntza hegemonikoak dena estaltzen duela, eta zentzu guztietan gainera: komunikabideetan, kulturgintzan, aretoetan… Dena da hizkuntza hegemonikoa. Oraindik militantzia puntu bat badaukagu —«euskaraz da, joango naiz»—, baina presentzia falta da, hirian bertan, eta Euskal Herrian zer esanik ez; esatea hemen hizkuntza komunitate indartsu bat dagoela, haren kultura ikaragarria dela, gaur egun guztiz zabala dela: zer nahi duzu, reggaetona? Ba, badago euskaraz, eta ona da, eta, gainera, feminista! Baina ez.

Hamar urtean osatu duzuen jaialdi ereduak erakutsi du aurrekontu jakin batekin zer egin daitekeen: egon da beste hirietan ere halako zerbait egiteko asmorik?

Donostiako sortzaileek esaten ziguten hau Bilbon bakarrik gerta daitekeela. Donostian saiatu gara zerbait esaten, eta ez dugu ezer jaso. Gasteizen oraindik kafe antzokiarekin daude katramilatuta, zoritxarrez. Iruñean bai, azaldu dute interesa, baina orain, Joseba Asironekin, eta oso aurreratuta dago jada. Egingo da.

Loraldiaren markarekin?

Bai. Baina guk ez dugu parakaidistak izan nahi. Bertoko eragileekin sortu behar dugu hori. Aurten muntatzeko denbora gutxi daukagu, baina interes handia dute. Hala adierazi digute. Harremanetan gaude.

Loraldiak baditu hainbat ekoizpen propio ere. Eta horiek Euskal Herriko antzokietara eramateko asmoa azaldu izan duzue beti. Lortu duzue?

Ez da hain erraza izan. Nik beti izan dut ekoizpen propioak sortzeko asmoa, baina oso zaila egiten da Euskal Herrian mugitzea.

Nik beti izan dut ekoizpen propioak sortzeko asmoa, baina oso zaila egiten da Euskal Herrian mugitzea.

Zergatik?

Banatzaileen zirkuitua oso saturatuta dagoelako, eta oso estandarra delako. Hasiberri batentzat oso zaila da hor sartzea, eta gu hasiberriak gara. Horregatik, gauza batzuk galdu egin dira, eta ez dira oso urrun iritsi, eta beste batzuek bira txiki bat egin dute. Hautsi da anphora eta haren gisako ikuskizun handiak, horiek hiriburuetara bakarrik joan ziren; hori lortu genuen, eta Korrika Kulturalari esker izan da hori. Eta Kalaportu emanaldiarekin ere bost saio egin genituen, eta ezinezkoa zen gehiago egitea. Baina zaila egiten da emanaldi ertainekin. Eta, gainera, guk egiten duguna ez da mainstream-a, eta, gainera, ez dugu inoiz egingo, ze gu horretarako etorri gara: ekarpen bat egitera.

Zure diagnostikoa da sorkuntza oso egoera onean dagoela.

Sortzaileak oso prekario, baina sormenarena harrigarria da. Proposamenen maila, aniztasuna, kantitatea… Inoiz ez bezalako sorkuntza uholdea daukagu. Diziplina guztietan, gainera. Oso ongi dago sorkuntza, bai.

Azpiegiturak ez hainbeste?

Azpiegiturekin gertatzen da jaialdiaren aurkezpenean esan nuena, ze azpiegituretan ere bigarren mailako sortzaileak eta herritarrak gara euskaldunok. Kulturgune handietan, euskaldunok aste barruan jarriko gaituzte, baina asteburuan ez. Oso zaila da zirkuituan sartzea, eta hor bai, euskaldun izateak badu sekulako eragina. Guk denborarekin lortu dugu zerbait, baina ez %100. Euskalduna jauregia, Arriaga antzokia, Bilboko Alondegia… problema asko izaten dira hor. Zaila da hor gure proposamenak kontuan har ditzaten. Nahiago dute Madrilgo konpainia bat gu baino. Eta hori nabaritzen dugu oraindik. Ez dugu jasotzen feedback hori. Haiek beste gauza batzuei ari dira begira. Espazio txikietan errazagoa da.

Hogeigarren urtean akaso?

Gauzak aldatuko dira. Jende asko aldatuko da, eta pertsona kontua ere bada hau. Ni desagertuko naiz, beste batzuk ere desagertuko dira, eta seguruenik beste modu batera egingo dira. Igual okerrago, auskalo. Baina gure helburua argi dago: hau lehenengo mailan jartzea, egon behar duen lekuan, euskarari inoiz onartu ez zaion kategorian. Euskarazko sorkuntza badelako lehen mailakoa Euskal Herrian.

Imanol Agirre  Imanol Agirre  Imanol Agirre

Imanol Agirre

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude