"I´m not There": Artista kaotikoari, film kaotikoa
Artista orok ditu mila aurpegi, mila nortasun, milioika zaleen eguneroko espektatibak betetzeko ezin besteko direnak. Dylan garai bateko profeta izan zen, bere bide propioa eraiki zuena eta belaunaldi batentzat erreferente izan zena. Erreferente musikala, soziala eta politikoa. Baina zer gertatzen da milioika zale egunero begira dituzunean? Adi beti, zer egingo duzun. Adi zuk diozunari. Zoramenera eraman dezake artista bat, zoramen absolutura. Hori gertatu zitzaion Bob Dylani, ospeak gainditu zuen.
Baina hasieran esan bezala, artista orok ditu mila aurpegi eta horiek guztiak erakutsi nahi izan ditu film-ean Todd Haynesek. Hari narratiborik ez du ia istorioak, istorio ezberdinen nahasketa da, eta batzuetan astuna egiten den arren, amaieran Dylan eta bere garaia hobe ulertzen dituzunaren sentsazioarekin ateratzen zara zinematik.
Sei Bob Dylan ezberdin ezagutuko ditugu istorioetan zehar. Sei aktore ezberdin artistaren azalean ipinita, sei aurpegi ezberdin erakutsi nahian. Guztietan onena zein den asmatzea, esatea, zaila bada ere, atentzioa deitu dit Cate Blanchett-en interpretazioak. Kuriosoa benetan. Film kaotikoa, batere komertziala, baina horrelako artista baten neurrira egina. Ikustekoa benetan.