Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian)

Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian) –

Udazkenak zineman harrapatu gaitu, Donostiako Zinemaldian.

Ostiralean hasi zen jaialdia gosez hartu dugu, eta aproposena egun bakoitzeko film bat (edo bi) ikustea dela jakin badakigun arren, asteburu osoa ilunpean eman dugu, pantailetako fikzioak bizitza errealaren gainetik jarrita. Hobe dela filmak banaka ikusi, bakoitzari bere denbora emanez, ikusitakoaz hausnartuz, ingurukoekin edukiez eta formez eztabaidatuz, diogu; baina bata bestearen segidan ikusita, zine mozkorraldiak emaitza bitxiak sortzen ditu, sarri lotura bitxiak agertzen baitira elkarren artean zerikusirik izan ez duten filmeen artean.

Amankomuneko elementu horiek orokorrak izaten dira sarritan: neurri batean edo bestean, familiaz, bakardadeaz eta zaintzaz mintzo dira, esaterako, “La verité”, “Ema”, “Parasite”, “Próxima” eta “La trinchera infinita”. Bitxiagoak dira gutxiagotan: papiroflexia figurak agertzea bi filmetan, kasurako. Elementu horietariko bi hartuta, «sua» eta «Franco», bi film bikote dakartzagu hemen.

.

Ustelak sutara

Lehenengo bikotea “Les miserables” eta “Ema” filmeek osatzen dute -Perlak sailekoak biak-, eta sua dute lotura: «Irudi indartsu batekin, sutan erretzen ari den semaforo batekin hasten da ‘Ema’. Laranja, berde edo gorri behar lukeen semaforoa sugarren menpe kiskaltzen ikustea hipnotikoa da oso (…). Sutsu hasi baita sutsu Zinemaldia. Jean Seberg Joan D´Arc-ekoaren gisan erretzen ikustea aski ez eta, molotov koktela jaurtitzear den banlieu paristarreko gazte batekin amaitzen da ‘Les Misérables’ lehergarria (…)»; ohartu da Harkaitz Cano ere, Piromania zutabean irakur daitekeenez.

Indar handiko filma da Pablo Larrain (“No”, “El Club”, “Neruda”) zinemagilearen Ema, ausarta, arriskuak hartu eta deseroso sentiarazteko gai dena; ezohiko elkarrizketa eta ikuspuntu berrien bidez. Halaxe esan nion Mariana Di Girolamo antzezle nagusiari San Telmo Museoan, Zinemaldiko irekiera festan ezagutu nuenean. – Y qué esperabas de una película chilena? ihardetsi zidan berak.

Ama izateko grina duen dantza irakaslea da Ema Valparaison (Txile); sinesgaitza izan arren parean jartzen zaion edozein limurtu eta edozer erretzeko gai dena. Filmaren pasarte behartu samar batean, bikotekide duen Gaston koreografoa (Gael Garcia Bernal), erregetoia pentsatu behar ez izateko musika dela kexatzen zaie Ema eta bere lagun erregetoi zaleei –Tomasa del Realen musika dantzatzen dute-, eta bizitza bezalakoa dela erantzun azken hauek, askea, larrutan egitea bezala. Sexua, sua eta erregetoia; erabat ados. “Ema” filmaren estreinaldia 2020ko urtarrilaren 17an izango da Hego Euskal Herrian.

Malin jaioa eta Pariseko aldirietan hezia da Ladj Ly zuzendaria, eta Victor Hugoren aipu batek laburtzen du bere lehen filma, ez alferrik izenburu berdina baitu, Les Miserables: «Mes amis, retenez ceci, il n’y a ni mauvaises herbes ni mauvais hommes. Il n’y a que de mauvais cultivateurs». Frantziar hiriburuaren ekialdeko Montferneuil auzo txiroan kokatzen du, hain zuzen ere, «poliziaren indarkeria» salatzera datorren filma. «Zigorgabetasun handiz jotzen dute beltz eta arabiarren aurka; justiziak erantzun beharra du», adierazi du zinegileak.

Eta nola egiten du salaketa? Tentsio handiko film sinesgarri eta bizi-bizi baten bitartez, zinema soziala baita “Les miserables”, baina baita polizia thrillerra ere, AEBetako The Shield telesailaren gisara emana. Poliziak ez dira kanpotik datozen indar bat, ez, auzo barruan bere tokia eta papera betetzen dute aspalditik, eta beldurra eragiteaz arduratzen dira, kaleko gaztetxoek errespetua galtzen dieten arte.

“Parasite” eta “La trinchera infinita” filmekin batera, orain arte gehien gustatu zaidan filma da. Lehertuko ote da film bukaeran agertzen den coctel molotova?

“Les Miserables” azaroaren 22an helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

.

Gizajoa

Bigarren lotura, garai berberaz mintzo diren bi filmen artekoa da; “Mientras dure la guerra” eta “La trinchera infinita” -lehian dira Sail Ofizialean-, eta Francok uztartzen ditu.

«Iraganeko ekintzak jasotzen dituen edozein fikziok orainalditik egindako irakurketa zorrotza gordetzen du» irakurri dugu nonbait, eta horixe egiten dute 36ko Gerran abiapuntua duten bi film hauek ere, emaitza oso oso ezberdinarekin.

Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian)

Amankomunean Francoren aurkezpena dute, bakoitza bere erara diktadorea barregarri uzten saiatzen da-eta. Epelago “Mientras dure la guerra”, hezur-haragizko caudillo gizajo eta melenga bat agertuz -ingelesezko azpidatzietan «pitiful man» deitzen diote-, eta finago “La trinchera infinitan”,  non telebistan ikusi duela-eta, gizonari deskribatzen dion emazteak, filmeko pasarterik barre eragileenean.

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra film lauak Unamuno eta Millan Astray generalaren arteko eztabaida du ardatz. Eta bai, Karra Elejaldek eta Eduard Fernandezek bikain antzezten dituzte pertsonaiak… baina ez beti, tarteka bufoi jarrerak egiten baitie ihes.

Filmak Miguel de Unamuno zenaren hil aurreko azken hilabeteak kontatzen ditu -Errepublikaren aurkako Nazionalak babesten ditu aurrena, eta damutu egiten da gero-, eta zalantzaz beteriko gizon ahuldua bailitzan agertzen du idazle bilbotarra. Orokorrean kritika kazkarrak izan ditu filmak. Borja Semperri, ordea, gustatu omen zaio.

“Mientras dure la guerra” ikusgai izango da Hego Euskal Herrian etzitik aurrera.

Moriarti kooperatibak (Arregi, Goenaga eta Garaño zinemagileek) zuzendu duen “La trinchera infinita” filma ere frankismoaz mintzo da, baina beste pisu bat du; hiru hamarkadaz ezkutuan gordeta egon zen “sator” bat baitu protagonista, 1936tik 1969ko anmistiara arte.

Aurkituko ote duten beldurrez, itota eta erotzeko puntuan etxean gordeta bizi den errepublika zalearen azalean sentiarazten zaitu filmak, tentsioari uneoro eutsiz eta bi ordu eta erdiak labur eginez -abiadura bizian hasten da filma, eta gatibu egonagatik, etengabe gertatzen dira aldaketak-. Antonio de la Torrek jokatzen du paper hori -bikain jokatu ere, azpimarratu denez-, baina pertsonaiarik osoena, konplexuena, emazterena da, Belen Cuestak antzezten duena, barnekoen eta kanpokoen arteko borrokan. Gaztelera andaluziarrez grabatua dago.

La trinchera infinitaurriaren 30ean estreinatuko da, Halloween egunez “Loreak” bezala -aurretik hitzordu bat izan dezake filmaren lan taldeak, larunbat honetan Kursaalean-.

Estreinatu orduko erreak izango ote dira Francoren ditxosozko hezurrak?

Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian)

Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian)

Iluntasuna eta sua (Donostiako Zinemaldian)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude