Ilargian ere meatzari (eta VI)
Ilargian ere meatzari (eta VI) –
Egia baldin bada ere Martutene-k erakusten duela ondo gauzatutako transmisioak traumatik eratorritako zaborra garbitzen lagun lezakeela, hala ere gogorregia da gehienetan trauma, eta transmisioak ezingo du arindu, ezingo du eraman: traumak irabaziko du, alde ilunak.
Edozelan ere, bai transmisioari eta bai traumari dagokienez, Martutene-ren amaiera irekia da. Alde batetik, traumak lohitutako betiko harreman ilunaren transmisioa, Loiuko aireportuko uhal garraiatzaileen betiereko itzulerak irudikatua, ziurtatua dago Abaituaren eta Pilarren bidez.
Bestetik, ordea, ez da ezinezkoa Julia, transmisioaren erregina, traumei neurria hartu eta Keparekin batera hegaldatzea, Lynn trauma-garbitzaile eta transmisore onberari esker (amerikarraren bultzadak bildu baititu azken batean Julia eta Kepa), Lynn bera, hori bai, elbarri datzan bitartean, putzuan baitu Saizarbitoriaren obran hegaldiak oinarri, edo, Octavio Pazen estiloan esateko, donostiarraren protagonistek, astronauta izatera heldu eta amodioaren ilargira doazelarik ere, meatzari jarraitu behar izaten baitute aldi berean.
Ilargian ere meatzari (eta VI)