Ikastolak, ilusiotik ezinegonera
Ikastolak, ilusiotik ezinegonera –
Ekainaren 13an, ikastolok gure VI. Biltzarraren hirugarren eta azken jardunaldia burutu genuen, erakunde berri bat abian jartzeko behar diren lanabesak onesteko xedez, erakunde horren bitartez hezkuntza zerbitzuen enpresa kooperatiba europar baten kide izan daitezen ikastolak.
Biltzarraren itxieran izan ziren txalo ulertezinak gorabehera, ezin dugu ezkutatu geure porrota, multzo guztien arteko adostasunera iristeko gai izan ez den kolektiboa garen aldetik. Izan ere, NIE, Nafarroako Ikastolen Elkartea, ezinegona sortzen zioten hainbat kontu Konfederazioaren gaurko lehendakariarekin ezin adostuta joan zen Biltzarrera, eta, Biltzarrean zehar ikusi ahal izan zenez, kontu horiek ez ziren adostu nahi izan, ezta ere, Gipuzkoa eta Seaskako hainbat ordezkariren eskariz zabaldu zen tartean.
Gure irudiko, nafar ikastolak “bitxi” eta apetatsutzat aurkeztea izan zen helburua, eta, ondoren bildu ditugun datuen arabera, “hor dira berriz ere nafarrak euren xelebrekeriekin” leloan oinarrituriko gogo aldartea zabaldua zuen inork aldez aurretik ikastola askoren artean. Eta guztiz kezkagarria da hori, ikastolen mugimenduaren historia osoan sekula ez baita ikastolen Biltzar bat eraman bere osagaien arteko liskarra sortzearen bidetik. Nolako arrazoi edo interesean oinarrituta jokatu du horrela ikastolen Konfederazioaren lehendakaritzak? Zerbait ezkutatu ote zaigu?
Agiri hau sinatzen dugunok ikastolen Konfederazioaren eta federazioen lehendakari eta arduradun izan gara: badakigu zertaz ari garen, oso gertutik ezagutzen ditugu Biltzar baten aurretik ikastolen arteko akordioak lortzeko bideak eta zein zailak izan ohi diren adostasunak. Horrexegatik ez dugu ulertzen zerk bultzatuta eraman duen Konfederazioaren gaurko lehendakaritzak VI. Biltzarra kinka larri honetara. Atakaren larria adierazteko, aski bedi datu bat: hedabideetan ezkutatu da ez zirela erakunde kooperatiba europar berriaren estatutuak onartu. Gogor eta gordin esanda: NIEk, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, errefusatu zituelako ez ziren onartu aipatu estatutuak, eta ezinbestekoa zen haien onespena, Konfederazioak berak egin eta indarrean dirauten ikastolen Biltzarraren estatutuen arabera.
Zer gertatu ote da 2009ko urtarrilaren 24tik 2009ko ekainaren 13ra bitartean? Urtarrilean, eztabaidaren osagai guztiak aldez aurretik adostu ziren kide guztien artean, Konfederazioaren lehendakaritza eta zuzendaritzaren kudeaketa ezin egokiago baten ondorioz. Gaiak ez ziren xamurrak, Ikastola 2020, Euskal Curriculuma, Erakundearen egitura eta 2009-2014rako Plan estrategikoa. Gai sakonak, inoiz osotasunean aztertu gabeak eta ikastolen Biltzarrean aho batez erabaki zirenak, behar bezala egin baitziren etxeko lanak 2008 osoan zehar. Gogoan dugu Miramongo Teknologia Parkean bizitutako 2009ko urtarrilaren 24 hark sortu zigun ilusioa. Orain, berriz, bost hilabete geroago, ezinegonaren menpe gaude.
Federazioen eta Konfederazioaren organoetan ikastolen ordezkari izan garenok badakigu erakunde horietan egiten den borondatezko lanak gabezia latzak dituela, bai dedikazio denborari dagokionez, baita gure erakundeetan aztertzen diren gai nagusietan izan beharreko prestakuntza teknikoari dagokionez ere. Hala ere, funtsezko bi lanabesen bitartez gainditu dira, historian zehar, muga horiek: gaitasuna, eraspena eta ilusioa erakutsi diguten gure profesionalengan jarritako konfiantza, batetik, eta, bestetik, kontsentsua, hots, ezberdinen artean, berdintasunean eta gehiengoek gutxiengoei ezer inposatu gabe landuriko gutxieneko adostasun aho batezkoa. Bi lanabes horien eragingarritasunaren adierazgarri, ikastolen federazioek eta Konfederazioak hezkuntza zerbitzuetan gaur lortzen dutena ezin da alderatu beste eskola kolektiboetan, eta ez du haietan maila bereko erreferenterik, ekainaren 13an Konfederazioaren zuzendariak Biltzarrean aitortu zuenez.
Zergatik, beraz, ez ditu Konfederazioaren lehendakaritzak bi lanabes historiko horiek erabili hilabeteotan? Are larriagoa dena, zergatik eraman zuen liskarrera ekainaren 13ko ikastolen Biltzarra, Nafarroako ikastolekin kontsentsua gorpuztu zezakeen akordioari biderik eman gabe?
Izan ere, denok dakigu noraino barneratua duten ikastolek akordioaren premia, batez ere lurralde edo federazio zehatz batekin zailtasunak sortzen direnean. Iraganean, hainbat federaziotan sortu dira antolakuntza arazoak, kasu bakoitzean arrazoi ezberdinez. Horregatik egiten zaigu hain gogorra onartu behar izatea ez dela Nafarroako ikastolekin akordiorik landu ekainaren 13aren aurretik, eta, hori gutxi balitz, gogoan dugu nolako tratu txarra jaso behar izan zuten Biltzarrean ikastola haiek, buruberoenak izan litezkeen keinu, hitz eta adierazpenak jaso baitzituzten lehendakaritzaren aldetik, errespetuz entzun, neurriz erantzun eta, batez ere, akordiorako eskua luzatu beharrean.
Orain, idatzizko hedabideetan jakin dugu dozena erdi bat ikastolak osatu dutela ekainaren 13ko Biltzarrean onetsi ez zen kooperatiba europarra, eta Konfederazioaren gaurko lehendakaria bera dela haren lehendakaria, ez baitu bete, bestalde, duela hiru urte eman zuen hitza, alegia lantalde berri bati bidea irekitzearren dimitituko zuela. Horra, beraz, Nafarroako ikastolen proposamenaren funtsa: konfederazioaren eta haren federazioetako baten artean irekitako pitzadura.
Etengabekoa izan da ikastolen mugimenduak edozein talde ideologikoarekiko izan duen burujabetza, eta aniztasunaren eta gutxieneko akordioaren lanketan oinarritu da sinbolo hori. Horren fede emaile gara ontzi horretan erantzukizunik bete dugunok, eta badakigu zein den gure ikurra. 2009ko ekainaren 13an gertatu zenak alarmak piztu ditu. Ikastolen VI. Biltzarraren hirugarren jardunaldia kudeatzeko moduak ezinegona sortu digu, eta ikastolek ez dute horrelakorik merezi.
Antonio Campos, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari ohia.
Pedro Aranburu, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari ohia.
Jose Ramon Zubizarreta, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia.
Xabier Azanza, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia.
Edurne Ramon, Arabako Ikastolen Federakundeko lehendakaria.
Agian pasatu egingo zitzaidan, baina idatzian ez dut ezker abertzalearen desenbarkoaren berririk irakurri. Beraiek ala salatu dute edo beraien salaketan norbaitek hori ikusi nahi izan du?!