Igartubeiti, zoaz eta aditu
Opor masiboen garaian etxetik urrun bilatzen ditugu ikustekoak, baina urrutira joan gabe, Gipuzkoa txikiaren bihotzean, museo hunkigarri bat dago: Igartubeiti Baserri Museoa. Urrian, sagardoaren astean joanez gero, jaiaz goza dezakezu. Baina, ez ezazu dudarik egin, beste inorekin topo egiteko aukera gutxien dagoen garaian joan zaitez.
Zoaz orain, laster, edozein goiz lanbrotsuan, edo argian.
Eta hantxe, bere magalean zaudela, isiltasunean, azken laurehun urtetako historiaz galde iezaiozu eta aditu. Jasandako ekaitzak, euriteak eta lehorteak. Pairatu dituen eskasiak eta oparoak. Entzun dituen negarrak eta barreak. Jakin dituen beldurrak eta kemenak. Gure herriak lau mende hauetan bizi izan dituen gatazkak. Inguruan entzun diren eztandak eta tiroak.
Galdeiozu gerraz eta bakeaz. Zapalketaz eta askatasunaz. Oinazeaz. Etsipenaz. Galdeiozu gau luzeaz, eta beti iristen den egunsentiaz. Eta aditu.