HUHEZINEMA 18: iruditeria berria kalean da!

Iruditeria berria kalean da –

Kalean dira 18. edizioko kartela, koloreak eta estetika berria. Zuri-beltzaren eta kolore bizien arteko kontrastea izango da kartelaren oinarria, garai bateko emakume zinegilea delarik protagonista.

Aurten, 94 lan aukeztu dira lehiaketara. Izena eman duten zuzendarien %43 emakumeak dira, eta jasotako lanen %61 euskaraz.

Iruditeria berria kalean da

2025eko Huhezinemaren iruditeria kalean da. Euskal Film Laburren jaialdiak 18. edizioa ospatuko du urtarrilaren 22, 23 eta 24an. Ikasle talde berri batek antolaturiko jaialdia izanik, iruditeria ezberdina da urtero, eta ikusmina egon ohi da.

Aurtengo taldeak zuri-beltza jarri du kartelaren oinarrian, eta garai bateko emakume zinegilea jarri du protagonista, figura hori goraipatzeko intentzioarekin. Iragana ordezkatzen duen zuri-beltzaren gainean tonu koloretsuak daude: horia, urdina, gorria eta laranja. Kolore horiek izango dira 18. edizioko iruditeriaren identitatea.

Iragana oinarri, ideia berriak proiektatuz

Asko izan dira lan-taldeak izan dituen ideiak, baita buruhausteak ere. Azkeneko bertsioa diseinatzen hasterako orduan, argi zeuden hainbat ezaugarri: estetika zaharra, zuri-beltza, argazki zahar bat, emakume zinegile bat, eta guztiaren gainetik joango zen kolore paleta koloretsua.

Lanaren azken emaitza, hainbat ikaskideen proposamenen fusioa izan da. Garai bateko emakume zinegilea da protagonista, zuri-beltzean eta kamera handi bat duela. Emakumeari burutik ateratzen zaizkio tentakulu antzeko batzuk, koloretsuak. Horiek ideiak errepresentatzen dituzte, eta ideia horiek jaialdiko izenaren letren artean zeharkatzen dira.

Beraz, taldeak garai bateko emakume zinegileari (baita egungoari ere) keinua egin nahi izan dio. Eta horrela, emakumeek zineman jasandako zailtasunak salatu eta figura hori presente eduki. Kolorerik gabeko garai horiek koloretsu bihurtu nahi izan dituzte ikaskideek, iragana oinarri izanik, oraina eta geroa proiektatzeko.

Aurten, 94 lan aurkeztu dira

Azaroaren 17an amaitu zen Huhezinema jaialdira lanak bidaltzeko epea, eta ondorengo hauek dira lanen ezaugarri nagusiak.

Lan guztien erdia baino gehiago Sail Ofizialean aurkeztu dira, guztira 49 lan. Horretaz gain, ikasleak ere animatu dira haien lanak eta proiektuak bidaltzera, lan guztien %21 Ikasleen Sailean aurkezturikoak izanik. Azkenik, asko izan dira jaso diren bideoklipak ere, hain zuzen 25 proiektu, guztietatik laurdena baino gehiago.

Aurtengo iruditeriaren abiapuntua ikusita, garrantzitsua zen jaialdian emakumeek egindako lanak lortzea, eta horrela izan da. Aurkeztutako lan guztietatik %43 emakume zuzendariek eginikoak dira, eta %57 gizonezkoenak. Berri on gisa hartu du hau antolakuntzak, tradizionalki gizonez nagusitutako sektorea delako eta jaialdan emakumeek ere presentzia handia izango dutelako.

Jasotako lan guztien %61 euskaraz dira. Gazteleraz ere ugari daude, 32 hain zuzen (%30). Azkenik, agerian geratu da Euskal Herrian jaiotzeak edo bizitzeak (hori zen lana aurkezteko zuzendariek bete behar zuten irizpidea) ez duela mugatzen aurkeztutako lanen hizkuntza. Aurkeztutako guztien %5 ingelesez dira, eta geratzen den %4 beste hizkuntza batean: valentzieraz edo arabieraz, adibidez.

Iruditeria berria kalean da

Mundukide, HAZI eta Berria sariak

Urtero egon ohi dira sari bereziak, baina aurten hiru egongo dira. Hau da, Sail Ofizialean, Ikasle Sailean eta Bideoklip Sailean emandako sariez gain, Mundukide, HAZI eta Berria sariak emango dira, elkarte kolaboratzaile hauek jarritako irizpideak eta baloreak hobekien ordezkatzen dituzten film laburrei. Sari hauek emateko, epaimahaiak ez du kontuan hartuko lana zer sailetan aurkezten den.

– Mundukide Saria: 700€ jasoko ditu gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen lan onenak.

– HAZI Saria: 600€ eta Euskal produktuen otarra jasoko du basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hobekien islatzen duen lanak.

– Berria Saria: 350€ eta sei hilabeteko harpidetza doan jasoko du emakumearen presentzia hobekien islatzen duen lanak: emakume zuzendari batek eginikoa denak edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duenak. Beti ere, euskaraz bada.

www.huhezinema.eus
Instagram: @huhezinema
Facebook: Huhezinema Jaialdia
TikTok: @huhezinema

Iruditeria berria kalean da  Iruditeria berria kalean da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude