HUHEZINEMA 18: Irabazleak
HUHEZINEMA 18: IRABAZLEAK –
Lan askoren ostean, iritsi da egun handia. Arratsaldeko 16:00etan hasi da Sail Ofizialaren eguna, eta Euskal Herriko zinema sortzaileen topagune bihurtu da Zaraia aretoa. Gauzak horrela, antolakuntza eskertuta dago jaialdiak izandako harrerarekin, eta guzti hau posible egin dutenekin.
“Eskerrak eman nahi dizkiegu lehiaketara aurkeztu diren egile guztiei, baita euren laguntza eman diguten babesleei ere, horiek guztiak gabe Huhezinema aurrera ateratzea ez litzateke eta posible izango”, adierazi du Maialen Torresek, Huhezinemako koordinatzaileak.
Mugimendu handiko eguna izan da Arkupe kultur etxean. Zinema munduko aurpegi ezagun batzuk gerturatu dira, tartean Zorion Eguileor, ‘El Hoyo’ filmeko aktorea (baita jaialdira aurkeztu den ‘29 de Febrero’ fimeko aktorea ere). Aurtengo Huhezinemako epaimahaikideak ere izan dira, eta babesleetako batzuen ordezkariak ere bai.
Sail Ofizialerako zortzi film zeuden sailkatuta eta horiek ikusteaz gain, bertaratu direnek aukera izan dute film bakoitzari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, filmen egileen eskutik. Ondoren hasi da gehien espero zen momentua: sari banaketa. 19:30etik aurrera, urduritasuna eta jakin-mina nagusitu dira aretoan. Hauek izan dira 18. edizioko irabazleak, eta sari hauek jaso dituzte:
SAIL OFIZIALA
- Huhezinema Saria: ‘Utländsk’, Alba Lozano. 650€ eta Eusko Jaurlaritzako elikadura, landa garapen, nekazaritza eta arrantza sailaren HAZI enpresa publikoak eskainitako euskal produktuen otarra. Sari emailea: Katti Pochelu (Huhezinemako epaimahaikidea eta iazko Huhezinema Saria irabazi zuen film laburraren ekoizlea).
- Ikusleen saria: ‘29 de Febrero’, Diego Fandos. Zezilionea jatetxean bi pertsonarentzako afari bat. Sari emailea: Garikoitz Iturbe (Aretxabaletako alkatea).
Oharra: Sail Ofizialeko finalista bakoitzak 150€ jaso ditu, soilik finalean egoteagatik.
IKASLEEN SAILA
- Ikasleen film onena: ‘Patrimonio’, Aitor Abio. 300€ eta Eusko Jaurlaritzako elikadura, landa garapen, nekazaritza eta arrantza sailaren HAZI enpresa publikoak eskainitako euskal produktuen otarra. Sari emailea: Nagore Ipiña (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa).
- MU Saria: ‘Erlojuaren Orratzak’, Markel Azpeitia. 200€ eta eta Eusko Jaurlaritzako elikadura, landa garapen, nekazaritza eta arrantza sailaren HAZI enpresa publikoak eskainitako euskal produktuen otarra. Sari emailea: Xabi Igoa (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria).
- Ikusleen saria: ‘Lotura Debekatuak’, Nahia Cisneros. Yako Surf eskolan bost pertsonarentzako ikastaro bat. Sari emailea: Aitziber Jimenez (Ausolan).
BIDEOKLIP SAILA
- Bideoklip onena: ‘Niña Soñando’ (Verde Prato), Maria Muriedas. 300€ eta Eusko Jaurlaritzako elikadura, landa garapen, nekazaritza eta arrantza sailaren HAZI enpresa publikoak eskainitako euskal produktuen otarra. Sari emailea: Aitor Oñederra (Huhezinemako epaimahaikidea).
- Ikusleen saria: ‘Euripean’ (The Clayton), Asier Elgezua eta Mikel Cubillo. Zuhaitz etxeetako gurdi zingaroetan gau bat, gosaria barne, bi pertsonarentzat. Sari emailea: Xabier Eraña (DanobatGroup).
SARI BEREZIAK
- Berria Saria: ‘Hor Konpon’, Jone Arriola. 350€, 6 hilabeteko doako harpidetza, Berria produktuen sorta eta Eusko Jaurlaritzako elikadura, landa garapen, nekazaritza eta arrantza sailaren HAZI enpresa publikoak eskainitako euskal produktuen otarra.
- Mundukide Saria: Esleitu gabe geratu da.
- HAZI Saria: Esleitu gabe geratu da.
Gaurko ekitaldian, tamalez, ‘Hazi’ eta ‘Mundukide’ sariak ez dira banatu. Izan ere, aurkeztu diren lanek ez dituzte erakunde hauek sustatu nahi dituzten balioak behar bezala islatzen. Hala ere, antolakuntzak nabarmendu duenez, “aurkeztutako lanek kalitate zinematografiko handia izan dute, eta horrek argi erakusten du euskal zinemagileen talentua. Espero dugu datozen edizioetan gure sari guztiak banatu ahal izatea, euskal sortzaileek egindako lana bultzatzeko eta lanean jarrai dezaten baliabideak eskaintzeko.”
Irabazleak oso pozik agertu dira jasotako sariekin:
“Eskerrik asko Berriari eta jaialdiari, ez nuen espero. Asko pozten nau sari hau jasotzeak emakumeen eta euskararen arloak saritzen dituelako. Ez naiz aspertuko esaten euskarazko fikzioa falta dela, eta hori dela eta, uste dut horrelako jaialdiak ezinbestekoak direla euskaldunen ekoizpena plazaratzeko”, adierazi du Jone Arriolak (‘Hor Konpon’), Berria Saria irabazi duen lanaren zuzendaria.
“Ikusi ditudan film laburrak asko gustatu zaizkit, eta beraz, oso pozik nago hemen egoteagatik. Azken finean, film hau egin nuen betiko kuadrilarekin arrotza sentitzen nintzelako egin nuen, eta hori esan nahi nuen: ez dela ezer gertatzen ez bazaude ondo zure betiko lagun-taldearekin beste lagun batzuk bilatu ditzazkezula, eskerrik asko”, aldarrikatu du Alba Lozanok (Utländsk), Huhezinema Sariaren irabazleak.
Egunari amaiera emateko, luntxa egon da, Ausolan-en eskutik. Pintxo eta pintxo artean, luze hitz egiteko aukera izan da hau askorentzat, batez ere zinemaz eta Huhezinemaz. Horrela eman zaio itxiera Euskal Film Laburren jaialdiaren 18. edizioari. Hurrengora arte!