Houstonetik Nafarroa Arenara
Houstonetik Nafarroa Arenara –
Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra agerian uzten dizkio, eta gorputzaren gainerako bihurguneak nabarmentzen. Sentsualitatea dario haren irudiari, haren ahotsari, haren mugimenduei. Gainera, ez dago bakarrik. Harekin batera, figurante tropa dabil koreografian, kantaria bezalatsu desgisaturik. Ehun baino gehiago dira, berrehun agian, neska eta mutil, beltzaranak nagusi, zein baino zein katxarroago, zein baino zein iradokigarriago haien jarrerak, haien keinuak, haien kulunkak. Kirol emanaldiaren ikusleek kontent dirudite hainbertze metro koadro larruazalen bistara.
Beyoncérena, noski, ez da salbuespena, araua baizik. Emakume nahiz gizon, pop musikaren adar ugarien gaur egungo ikono gehienen ikuskizunek ageriko erotismoa dute ohiko osagarri. Areago, aparrean dabiltzan estiloek areagotu baizik ez dute egin aspalditik heldu den joera. Gizonezko heteroek gobernatutako merkatu bateko markatzat jo izan da musika jantzi beharrez musikariak erantzi behar hori. Noski, emazteki artista ahaldunduen etorrerarekin apalduko zen delako hipersexualizazioa. Halakoak etorri, ordea, eta deus aldatu ez. Horra ratchet estetika, fenomeno honen azken erakusgarria.
Beyoncé Super Bowlen inguratu zuten apolo eta venus beltzak ez bezala, sexuz eta sexualitatez gabetuak ziren Mitoaroko maskaratu androgino goitik beheiti tapatuak.
Euskal musika ez da uhin horretara igan. Joan den hamarkadaz geroztik ezagutzen ari den irekiera estilistiko nabarmenak ez du berekin ekarri gaur egungo nazioarteko musikak hain berea duen ezaugarri hori. Agerikoa egin zitzaidan lehengo egunean, telebistan Mitoaroa ikustean.
Alde aunitzetatik aipatu eta goraipatu dira egun hauetan Zetak-ek Nafarroa Arenan eskaini dituen bi kontzertu arrakastatsuak. Hainbertze ertz erakutsi zituzten bi emanaldiek –alderdi sozio-linguistikoak eta musikaz kanpokoak barne– ia-ia oharkabean joan baitzitzaigun kontu bat, beharbada hutsala, baina adierazgarria. Momotxorro, zipotero joaldun, txatxo… inauterietako pertsonaien agerpenak euskal mitologiari gorazarre egin eta ikuskizunaren alderdi bisuala indartu ez ezik, sexualizazioaren arriskuari ihes egiteko bidea gertatu zen Pello Reparazen eskuetan. Beyoncé Super Bowlen inguratu zuten apolo eta venus beltzak ez bezala, sexuz eta sexualitatez gabetuak ziren Mitoaroko maskaratu androgino goitik beheiti tapatuak. Bitxiki, arbizuarrak akelarrerako eta deskontrolerako deia egiten zuen bere kantetan, edo amodio gau ahantzezinak gogora ekartzen. Ez dut uste han bildutako milaka jenderen artean inork kontraesanik ikusi zuenik.