Hotz hauei aurre egiteko doinuak
Kantuz kantu, Imanol Ubeda kantari eta gitarristak hainbat kontu kontatu zituen, hala, kazetari batek lehen diskoa atera zutenean idatzi zuela mirari batek bakarrik egingo liokeela justizia talde honi. Eta geroztik 12 urte eta beste zazpi disko etorri dira. Mirakulu bat, beraz. Atzoko kontzertu dotorea ikusirik, taldea bere unerik politenean dagoela esan liteke.
Don Inorrez diskoko kantuekin hasi zuten kontzertua, diskoari izena ematen dion abestiarekin hain zuzen ere, eta diskoko hurrenkera berean jo zituzten, Bost egun eman, Zurekin dantzatu nahi nuke, San Josera bidean eta Lizar bakar. Segidan, elektrikoago jarri eta Leidor sessions zuzeneko diskoko kantuak eskaini zituzten, Bide ertzean, Zuk esan, Atsegiin ditut eta berehala iritsi zen gaueko sorpresa nagusia. Xabier Leteren heriotzean, bidea ireki zuten kantarien omenez Ni naize-n bertsioa eskaini zuten, Imanol Ubeda biluzi, ahotsarekin eta gitarrarekin hasi eta in crescendo, matizak sartuz indarra irabaziz joan zen kantua. Benetan ederra. Primizia gogoangarria, atzokoa.
Boskote sendoa ikusi genuen taula gainean. Gozatuz eta gozaraziz aritu ziren Imanol eta Joni Ubeda, Karlos Aranzegi, Joserra Senperena eta Fran Iturbe. Oso konpenetratuak. Bizi, indartsu. Itzelezko fineziaz zainfuriko soinua da eurena, ñabarduraz jantzia. Eta kantuei kolorea eman zieten atzealdean ikusi ahal izan ziren irudiek. Zuk esan kantuan adibidez, Fran Iturberen hasiera indartsua gorri erakusten zuen pantailak, musika begietatik sartuz.
Eszenatokira Gorka Urbizu igo zen Leteren kantuaren bertsioaren atzetik, Non dira diskoko Ez dut atzera egingo abestera. Eta disko horretatik Gau ilunean ere eskaini zuten, berriz ere Don Inorrez diskora itzuli aurretik. Jose Luis Otamendiren hitzetara bueltatuz, Atzo eta Hondartzan eskaini zituzten, eta baita Ez nau inork espero ere. Graffitti eta Badator eguna ere aletu zituzten –azken hau pieza bakarra falta zaion puzzlearen irudiarekin-, eta Zerotik hasi-rekin amaitu zuten kontzertua. Bisetan Bakarrik bahago neguan, aspaldi jo gabeko Geratzen zaigun denbora eta Iraileko gau batean jo zituzten.
Kontzertu sendoa bezain fina izan zen, atzoko gau hotza epeldu zuena.
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu. zuzeu said: Hotz hauei aurre egiteko doinuak: https://zuzeu.eus/?p=20201 […]
[…] Ainara Gorostitzu (zuzeu.com) “Hotz hauei aurre egiteko doinuak” Kritika osoa irakurtzeko, klik hemen […]
[…] Viktoria Eugenia antzokian kontzertua eskaini zutenean egin genuen bezala, ZuZeuk sarrerak banatuko ditu Bide Ertzeanek Bilbon […]