Herrien arteko V. Berba Probak Mungian

‘Lagune, igerri esakune!’ lelopean

Herritarren ekimenari esker eta TXOKOLO kultur alkarteak bultzatuta, maiatzaren 15ean Herrien arteko V. Berba Probak egingo dira. Goizeko hamaiketan hasita, Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen dituan txapelketearen bosgarren edizinoa da aurtengoa. Ekimenaren helburuak honako honeek dira, besteak beste: bertoko euskerea lantzea eta bultzatzea; esakuneak erabilteko eta bertsoetarako zaletasuna biztutea, herrien arteko lehia ona eta jatorra sortzea jai giroan jende euskaltzalearen artean; eta, euskal kulturearen aldeko herritar, erakunde eta alkarteak batzea alkarlanean. Orain artean honeek izan ditue laguntzaile: TAKET bertsolari alkartea, AHAIRE kultur alkartea, Zenbat Gara Kultura Alkartea, herriko zenbait merkatari, Ipar Kutxa, Jai Alai Taberna, Artza Kirol moda dendea eta Mungiako Udala.

Prozedurea

Mungialdeko herriei zuzenduta egon arren, beste edonongo jendea animau ezkero, pozik hartuko dabe eta giro ederrik ez jako faltako. Herri bakotxetik gura dan beste taldek emon leike izena. Taldeak hiru lagunekoak dira. Lagun horreek ibilbide bat egiten dabe bertsolariakaz batera herrian zehar tabernarik taberna (igaz 14 talde egon ziran eta herri batzuetatik talde batek baino gehiagok emon eban izena -Jatabe, Mungia, Laukiz, Arrieta, Urduliz, Leioa eta Fruiz-. Horregaitik, ibilbide bi antolatu ziran herrian; batean 7 talde eta bestean beste 7). Goizeko 11:00etan batuko dira danak Mungiako Foruen plazan eta bertan egingo dabe taldeen zozketea ibilbide desbardinetarako. Talde bakotxak bere ibilbideari ekingo deutso, parte-hartzaileak, lagunak, epaileak; eta trikitilari eta pandero-joleak bidea alaitzeko. Taberna bakotxean bertsolariek bertso bana botako deutse talde guztiei eta taldeetako lagunek igarri egin beharko dabe bertso horri ondo joakon esaera zaharra, aldez aurretik emondako esakuneen zerrenda gogoratuz (zerrenda hori ezin da aldean eroan txapelketa dan artean). Taldeko bozeroaleak esakunea paperean agertzen dan modu-moduan esan behar dau; bestela, ez dau punturik lortuko. Asmau ezean edota aldatuta esan ezkero, errebotea eukiko dau beste talde batek. Horren arabera emongo dabez puntuak zeregin horretarako beren beregi aukeratutako epaileek. Bazkalaurrean puntuen batuketea egingo da eta ibilbideetako talde irabazleak zeintzuk diran esango da.

Bazkaria eta bazkalostea

Leku desbardinetan antolatu dabe bazkaria: lehenengo urtean Matxin txokoak eskaini eutsen bazkaltzeko lekua taldeei, baina hurrengoetan jente askok emon eban izena eta txokoa txiker lotu jakela dinoe antolatzaileek. Handik aurrera  Mungiako Udalak itxi deutsen lekuan (Bentades galeria, Andra Mari…) antolatu dabe bazkaria joan gura daben guztientzat. Aurton be halan izango da, 15 euroan bazkaltzeko aukera eukiko dau gura dauanak (baina aldez aurretik hartu behar da tiketak Mungiako Jai Alai tabernan). Bazkaritan dagozan bitartean zozketa bat egingo da: Zenbat Gara Kultur Alkarteak lagun birentzat oparituko dauz afari bana kafe Antzokian eta aukeratzen daben kontzerturako sarrerak. Arratsaldean finala antolatuko da: proba fisikoak eta berbazkoak (esakuneak edota bertsoak osotu; zaku lasterketea…) eta txapel jaurtiketa lehiaketa. Eta jai giroan ezin danez musikarik faltau, irabazleentzako sariak banatu ostean, erromeria egingo da doazen guztientzat.

berba-probak, kartelaberba-probak, esakuneakberba-probak, oinarriak

Irudia | berba-probak, kartela | RTxokolo kultura alkartea | Creative Commons By SA
Artxiboa | berba-probak, esakuneak | Txokolo kultura alkartea | Creative Commons By SA
Artxiboa | berba-probak, oinarriak | Txokolo kultura alkartea | Creative Commons By SA
ahozkotasuna, esakuneak, euskara, Mungia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude