Heroi eroen ezohiko normaltasuna
Heroi eroen ezohiko normaltasuna –
Gari Otamendik, gaur Bilboko Arriaga antzokian estreineko aldiz dantzatuko duten “Martin Zalakain” ikuskizunaz mintzatu da Info7 irratian, eta salabardoak Dantzan ataritik jaso ditu bere esanak.
Heldu den azaroaren 11n estreinatuko dugu Bilboko Arriaga antzokian Martin Zalakain ikuskizuna. Juan Antonio Urbeltzen ideia da, Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eleberrian oinarritutakoa. Narrazio eta hari dramatikoa izango dituen dantza-ikuskizuna da, eta Ander Lipusek jokatuko du Barojaren rola, Harkaitz Canok ondutako testuekin. Hirugarren Karlistaldian kokatzen da istorioa, Euskal Herrian herritar anonimo askoren odola borborka isurrarazi zuen gerran.
Laurogei dantzaritik gora eta hamabost bat musikari igoko gara oholtza gainera. Martin Zalakain eta Kattalin Ohandoren maitasun istorioaren bueltan, erromeriak eta batailak dantzatuko ditugu, baita eroen inauteri bat ere.
Buruko gaixotasunak alde batera utzita, eta jasaten dituztenei errespetu osoa adierazita, guk ere badugu eroaldi puntu bat. Eroa esaten diogu sarritan, edo sarriegi, errealitatearen jabe izateko ustetan-edo, errealitateari guk ez bezala erreparatzen dionari.
Esan ere, erotuta gaudela esaten digute lagunek eta familiartekoek, asteburutan eta ordu txikitan entseatzera joateko kotxea hartzen ikusten gaituztenean. Erotuta gaudela esaten digute, debaldeko lanean ari garelako, egindako esfortzu gogorraren ordainetan zer jasotzen dugun galdetu gabe.
Besteak beste, euskal heroi klasikoa delako aukeratu du Urbeltzek Zalakain. Euskaldunok ez omen ditugu heroi asko, komunitateko joera berdinzalea dugulako. Bada oraingoan ziento bat heroi igoko gara Arriagako oholtza gainera: gizonak eta emakumeak; ikasleak, ingeniariak, langabetuak, kazetariak, aktoreak, irakasleak…; lapurtarrak, bizkaitarrak, nafarrak, giputzak…; garaiak, txikiak, finak, moxtakak… eskuin eta ezker, hamarna gorputz, bizipen eta emozio eszenatokian.
Bi urtetik gora pasa ditugu Martin Zalakain prestatzen. Askoz gehiago pasa ditugu ikuskizuna ontzeko kultur eta koreografia ondarea jasotzen, sortzen eta birsortzen, Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik duela 50 urte abiatutako bidetik.
Kultur desertu batean ekin zioten beren ibilbideari, eta oraingo belaunaldiaren erronka da homologaziora garamatzan kultura globalizatuaren uholdean, barkua pilotatzea. Munduko hiritarren garaian, nortasun indibidualaren eta komunitatearen arteko betiereko talkan, nazio bat dantzan jartzera goaz berriz ere. Hori da gure gaur egungo gerra.
Gure jarduna ikusita, ez dakit zer esango ote zukeen eroen inauteria inspiratu duen Carl Jung psikologoak. Akaso, eromenaren mugan dauden heroiak garela esango luke. Heroi eroak.
Sinpleagoa da, ordea, errealitatea. Ezohiko zerbait egingo duten pertsona normalak gara.
MARTIN ZALAKAIN
-
Bilboko Arriagan Antzokian azaroaren 11n -sarrerak agortuta-
-
Donostiako Victoria Eugenian abenduaren 16 eta 17an
-
Iruñeko Baluarten urtarrilaren 13an
-
Baionako Antzokian otsailaren 17 eta 18an