Sautrela 388. saioaren aurrerapena: Hasier Larretxea eta Bitoriano Gandiaga
Bitoriano Gandiaga dugu Arantzazuko frantziskotarrek euskal literaturari eman dioten poetarik behinena. Euskal poesiako izen handienetarik, erreferentzia ezinbestekoa gure letretan. Haren lehen lana izan zen Elorri, 1962an argitaratua eta poesiagintza oso eta heldu bat ekarri ziguna. Naturaren izpi eta printzak sentituko ditu haren poesiaren irakurleak, izadiaren osotasuna lerro xume eta finetan barnebilduta.
Gandiagarengana lerratuko dugu soa, bada, aste honetako saioan. Alde batetik, iraganeko kutxatik hari eskainitako erreportajea berreskuratuko dugu, Gandiagaren bizitza eta obra ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen diguna. Saioaren bukaera aldera, berriz, Elorriz mintzatuko zaigu BeƱat Sarasola. Zein izan zen liburu haren argitalpenaren testuingurua? Zein moldetan idatzi zuen Gandiagak? Eta, batez ere, nola irakur dezakegu liburua berrogeita hamar urte ondoren?
Elkarrizketan ere poeta bat izango dugu gurekin, Hasier Larretxea arraioztarra. Zenbait poesia liburu argitaratutakoa dugu Larretxea baina oraingoan narratiba lan berezi batekin datorkigu. Larremotzetik liburuan bere bizipenetan oinarritutako testua bilbatu du: haurtzaroko oroitzapenak, gaztaroko plazer eta minak, landa ingurune tradizional baten ilunak, familiako gazi eta gozoak. Barren barrenetik idatzitako liburua da ezbairik gabe, ezohiko ausardiaz ondutakoa. Larretxearen bizitzaz ez ezik euskaldun izateaz eta Euskal Herriaz aski esaten digun obra da Larremotzetik.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.