Gurutzeko San Joan, espiritualtasuna eta poza

Gurutzeko San Joan, espiritualtasuna eta poza –

Nork bere bide espiritualari ekitea, nolabaiteko soiltasun, isiltasun eta des-atxikimendu prozesu batekin loturik konprenitu ohi dugunez gero, maiz askotan dugun ulerpen delako horretan badirudi pozerako leku txikinik ere ez dagoela. Jainkoa soil-soilik, edo gehienbat, sufrikarioan eta nahigabean bestetan zinez ez dugula aurkituko oso presente egon da gure sinistu moldeetan. Ondorengo lerro hauetan kontua oso beterik beharko lukeela azpimarratu nahiko nuke. Gure fedeak, fedea izango bada, gure burua oso bizirik, bestela bainoago, sentitzera eraman beharko gintuzke; alde horretatik, zerk eragingo liguke bizi-bizirik gaudelako sentipen handiagorik pozak baino? Espiritualtasuna eta honek begiradan zein norbere baitan eragiten duten eraldaketa poza eta zoriontasunarekin daude izatez hertsiki lotuak. Hau argi eta garbi ikus dezakegu ebanjelioetan. Beroriek agian ez dute bere literalean zoriontasun hitza hainbestean aipatzen (“Zoriontasunak”etan izan ezik), gaur egunean hain presente dugun hitz hori, bai baina gozamena eta poza, eta, alde horretatik, besteak beste, oso adierazgarriak ditugun honelako esanak aurkituko ditugu; ”berri on pozgarri dakarkizuet” (Lk 2,10), “poz hori ez dizue inork kenduko” (Jn, 16,22); Erreinuak dakarren poza lortze aldera, dena saltzeko prest egon (Mt, 13,44),… Mistikoek ere, nork bere gisara, adierazi dute urratutako eraldatze bideak euren baitan gainezka egiteraino eragiten duen poza. Poza, egia esatera, agian osagai edo gako eraginkorrena dugu bide mistikoan zehar aurrera egin ahal izateko. Horren adierazgarri, zenbait eta zenbait mistikoren lekukotza ekar nezake lerro hauetara. Nik, oraingo honetan, Gurutzeko San Joanena ekarri nahi izan dut, ez berak baino ez zuelako hori argiro adierazi, bai baina berarengan, bere idazki eta olerkietan, poza, barne poza, bere bidai mistikoaren muin-muinean daudelako ezin nabarmenago une oro.

Gurutzeko San Joanek zentzu honetan eskaintzen digun altxorra aintzat hartu aurretik, noan aurrena, pozari buruz, poza eta bizitzaren arteko lotura estuaz hausnarketaren batzuk hona ekartzera. Bizitza eta poza estu-estuki, hertsiki, lotuak daude elkarrekin, ezin bestelakorik esan. Benetako poza, dena den, ez da inondik kapotik ase egindako plazer batekin lotuta, ezta aurre-zehaztuko eta lortu beharreko zoriontasunarekin. Benetako pozak badu zerikusirik handia aurreikus ezin den horrekin, baita, zergatik uka, irrazionala-edo den horrekin ere. Poza dohaina da, doan jasotako oparia, eta doakotasunarekin nolabaiteko lotura du. Dohaina den aldetik, partekatzeko, besteei komunikatzeko, dugu poza, eta, kontraesankorra badirudi ere, eman ahala, edo zenbat eta gehiago eman, are eta gehiago ere izango dugu guretzat. Pozak ematetik eta bizia ematetik asko du; izan ere, bizia ere zenbat eta gehiago eman, partekatu, orduan eta bizi gehiago izango dugu.

Gure baitan pozak bere muturra sartzen duenean barnean dena zabaltzen zaigu, eta saltoka, dantza egiteko… gogoa ernatzen zaigu, besteak beste, zinez biziago sentitzen dugulako geure burua. Ondorio hau askoz ere handiagoa da, zinetan eraldatzailea, baldin eta fedetik segitzen den poz eta gozamenaz ari bagara. Arima-zabaltzeaz, bihotz-zabaltzeaz, mintzo gintezke pozezko bizipen ezin esanezko hori deskribatzeko, “hitzez ezin esanezko gozamenaz”, esango digu San Agustinek, bizipen hori deskribatzeko.

Aipatu poz edo gozamen horien berri ematen digu Gurutzeko San Joanek atergabe, bidean barrena pixkana-pixkana aurrera egin ahala, eta darion goranzko poza beti dago presente bere idazkietan. Bere bidaiaren amaieran are indartsuago adierazita ere ikusiko dugu hori, eta, hein horretan, zera esango digu: “eguberri berri bat sentitzen duela espiritu-askatasun, -zabaltasun eta -pozean” (Kantu Espirituala 39,8). Halere, bidean zertxobait abiatu orduko, oso presente egongo da poza bere adierazpen guztietan: “arima, barrutik zein kanpotik beti dago festa-egunez” (Maitasun Gar bizia 2,36). Pozak gainezka egiten du etenik gabe bere bertso gehienetan; izan ere, berori, bateratsu, bere bizipen mistikoaren sorburu eta buru da. Poza eta baikortasun erabateko giro batean mugitzen da mistiko hau. Hortik segitzen dira festa-giroz egotearen eta barne poz baztergabearen sentipena elikatu eta zaintzeko bere deia.

Bizirik egoteagatik beragatik izan beharko genukeen pozaz ere mintzo zaigu Guretzeko San Joan bere Kantu espiritual-ean. Izan ere, obra horretan baikortasunezko gozamena ez da inoiz eteten; barne gozamen sakonaz mintzo da, barnean Jaikoarekiko loturatik segitzen den gozamen sakonaz. Mistiko honen ustez, pozak eta gozamenak Presentzia batean, Harreman batean dute bere benetako sorburua: “…Egiaz poztekoa eta alai egotekoa da zuretzat zure on eta itxaropen guztia zuganik hain hurbil egotea, zeugan izatea, edo, hobeki esan, zuk hura gabe izaterik ez izatea…” (Kantu espirituala 1,7).

Poza eta gozamena izan beharko genituzke kristauok geure bereizgarri; auren-aurrena hori dela-eta identifikatu beharko gintuzkete gizartean. Egunero, une oro, pozerako interruptorea pizteko deia ezin argiago adierazita dugu Kantu espirituala-ren hasieran, Jainkoaren Presentziagatiko sentipen pozgarriaz une oro jakitun izateko deia dugu berorretan: “Goza eta poz zaitez berarekin zure barne-bildutasunean, hain hurbil baituzu” (Kantu espirituala 1,8).

Gurutzeko San Joan, espiritualtasuna eta poza

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude