Gurpilak

Gurpilak –

Paulo Alberdik URIOLAn.


Testu hau irakurtzeko asmoa baduzu, irakurle, aldez aurretik jakin behar duzu liburu bati buruz arituko naizela eta ez naizela inpartziala izango. Bat: egilea Alde Zaharreko Irakurle Txokoko partaidea dugulako. Bi: eleberriaren aurkezpenean Garazi Arrula editoreak esan zuen bezalaxe, gure Eztizen maitagarria delako. Horiek esanda, goazen gurpilera.

Gurpilak

Liburuaren ardatza motxiladun haurrak dira, hots, ama/aita kartzelan duten umeak. Egoera latz hori bizitakoa da Eztizen, eta noizbait aitortu du eleberriko zati batzuk bere esperientzia propioetan inspiratutakoak direla. Beste hainbat pasarte, berriz, zama bera jasandako beste haur batzuei hartutakoak edo asmatuak dira.

Guk, edozelan ere, ez dugu modurik kontakizun bakoitzaren jatorria zein den jakiteko eta, ondorioz, guretzat dena izango da FIKZIOA. Halaxe irakurri behar ditugu Ihintza protagonista-narratzailearen ibilerak. Haren salbuespenezko munduan murgilduko gara, haurtzaroan hasi eta nerabezaro bete-betean aita askatzen duten arte.

Gaia latza izanda ere, liburuak hausnarketatik bezainbeste du umoretik. Horretan laguntzen du haurren inozentzia xaloak. Kartzela ez da kartzela, aitaren etxea baizik. Espetxeko funtzionarioak, berdez zein urdinez jantzitakoak, aitaren bizilagunak dira. Koskortu ahala soilik jabetuko da Ihintza egoeraren gordinaz, eta hausnarketa sakonagoak egingo ditu: «Urteak pasa dira aita etxera iritsi zenetik, eta oraindik ez naiz gai harekin bakarrik lasai egoteko».

Narratzailearen adinari dagokion lexiko erraza darabil idazleak, eta horrek istorioa azkar batean irenstea eragingo du. Hiruzpalau eserialditan akabo liburua, baina geure buruan luzaroago iraungo du orrietako aldarriaren oihartzunak. Fikzioaz ari garen arren, denontzat baita aberasgarria inguruko errealitate azpiratura gerturatzea.

Horixe duzu, Uriolako irakurle, Gurpilak liburuari buruzko nire iruzkin ez-inpartziala. Espero dezagun lehendabiziko honen atzetik Eztizenen liburu gehiago etorriko direla. Hala bada, zutabe honetan emango dizuet horren berri. Badakizue: idazle ez dena izan bedi kritikari.

Gurpilak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude