“Goazen” eta “Marco”, Belodromoan
“Goazen” eta “Marco”, Belodromoan –
Belodromoak ‘Go!azen’ sailaren denboraldi berriaren hasiera eta ‘Celeste’ saila emango ditu, baita ‘Marco’ –Perlak saila itxiko duen filma? eta Sail Ofiziala itxiko duen pelikula ere.
Topaketa horietarako sarrerak bihar jarriko dira salgai, abuztuaren 20an, 10:00etan.
Auditoriuma –3.000 pertsonentzako edukiera duena–, halaber, Kontzertua & Proiekzioa ikuskizunaren eta Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko saioen eszenatokia ere izango da.
Belodromoak Celeste telesailaren eta Go!azen-en hamaikagarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldiak hartuko ditu Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, baita Marco -Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion film luzea- eta Sail Ofizialaren amaierako filma ere, oraindik iragartzeke. Gainera, 3.000 lagunentzako edukiera duen auditoriumean Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatu ohi den Kontzertua & Proiekzioa egingo da (lehenbiziko aldiz arratsaldean izango da), baita Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko saioak ere.
Diego San Jose (Irun, 1978) Celeste telesailaren sortzailea da; sei kapitulukoa, Elena Trapék (Barcelona, 1976) zuzendu du eta osorik emango da Belodromoan irailaren 22an (igandea) 18:00etan. Ogasuneko ikuskatzaile batek (Carmen Machik antzeztua), erretiratzear dagoela, enkargu bat jasoko du: musika latinoamerikarreko izan batek Ogasunari iruzur egin diola frogatu beharko du. Trapé New Directorsen lehiatu zen Blogekin (2010) eta Les distàncies / Distances (Made in Spain, 2018) lanari esker, sari ugari jaso zituen, besteak beste, zuzendari onenaren Urrezko Biznaga Málagan, non Els encantatsek (Made in Spain, 2023) gidoi onenaren golardoa eraman baitzuen. Aurten, gainera, beste telesail bat aurkeztuko digu Zinemaldiak: Yo, adicto / I, Addcit, Javier Ginerrekin batera zuzendua. San Joséri dagokionez, Vota Juan, Vamos Juan eta Venga Juan telesailak sortu eta Pagafantas / The Friend Zone (Made in Spain, 2009), No controles / Love Storming (Made in Spain, 2011), eta Fe de etarras / Bomb Scared (Belodromos, 2017) filmak idatzi ditu Borja Cobeagarekin batera.
Bestalde, irailaren 27an (ostirala), Go!azen telesailaren hamaikagarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da Belodromoan 18:30ean eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik protagonisten zuzeneko emanaldi batez gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendu du Basakabi udalekuan kokatutako abentura musikalen emanaldi berri hau. Ohiko interpreteak agertuko dira bertan, aktore berriez gain, hala nola Sara Cozar.
Halaber, ohi denez, Zinemaldiaren azken egunean (aurten, irailaren 28a), Belodromoan amaierako galaren zuzeneko emanaldia egingo da. Gala horren aurretik, 18:45ean, Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion filma emango da, Marco, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean programatua. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako film berriak Eduard Fernández du protagonista eta Enric Marcoren benetako istorioa kontatzen digu: bere biografia faltsutu eta Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zelako plantak egin zituen Marcok. Euskal zinemagileek Donostiako Sail Ofizialean parte hartu zuten Loreak / Flowers (2014), Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria, 2017) eta La trinchera infinita / The Endless Trench (Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Saria, 2019; Jose Mari Goenaga izan zen beste zuzendaria) lanekin. Marcoren eta galaren emanaldiaren ondoren, Belodromoak Sail Ofizialaren amaierako filma –oraindik iragartzeke– emango du.
Belodromoko emanaldietarako sarrerak 8,75 euro balio du, Zinemaldiaren amaierako ekitaldikoak izan ezik (15 €), eta gaurtik aurrera (abuztuaren 20a, 10:00etan) erosi ahalko dira Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez (https://tickets.kutxabank.es)
Kontzertua & Proiekzioa eta Ikastetxeak Belodromoan
Aipatutako emanaldiez gain, Belodromoak Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa ere hartuko du, irailaren 21ean (larunbata), 18:00etan. Ikuskizunak soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta horiek inspiratu zituzten film-eszenen muntaketa batzen ditu. Sarrera doakoa da, baina dagokion gonbidapena jaso beharko da, irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiak Kursaal eraikinean eskuragarri izango duen informaziogunean, Donostia Turismo bulegoan (Boulevard) eta Belodromoko kontzertuaren egun berean.
Azkenik, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko agertokia ere izango da Belodromoa, 6-11 urteko milaka umeri zinema eta zientzia lotzen dituen pelikula baten emanaldia ikusteko aukera ematen diena. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako saio horien medioz, zientziaren irudi positiboa helarazi nahi zaie lurraldeko ikasleei, baita hiriak ikerketa zientifikoarekin lotura sendoa duela erakutsi ere.
“Goazen” eta “Marco”, Belodromoan